Berriak
Eu

Eusko Jaurlaritzak Lemoatx mendian aurkitu dituzten gudari baten gorpuzkiak lurpetik ateratzeko lanetan parte hartu du

2016.eko maiatzak 15

Hezurrez gain, munizioa zuen kartutxera eta Eusko Gudarostearen gerriko-belarri bana aurkitu dituzte.

Itxura batean, gudari hura 1937ko ekainean hil zen, kokapen estrategikoaren defentsan.

Gerra Zibilean Eusko Gudarostean aritutako gudari baten gorpuzkinak lurpetik ateratzeko lanak ikustera joan da Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendari Monika Hernando Lemoako Lemoatx mendira. Itxura batean, gudari hura 1937ko ekainean hil zen, eremu estrategiko horren gaineko kontrola bermatzeko egin ziren borrokaldietan.

Aranzadi elkarteko teknikariak arduratu dira lanez, Paco Etxebarria epaitegiko antropologoaren zuzendaritzapean, eta bertan izan da, halaber, Lemoako alkate Saioa Elejabarrieta. Lurpetik ateratzeko lan horietan, pertsona baten hezurrak (esku batekoak), munizioa duen kartutxera bat, Eusko Gudarosteko gerriko-belarri bat eta metraila zati bat aurkitu dituzte.

Pasa den apirilaren 30ean aurkitu zituen gaur lurpetik ateratako gorpuzkiak Euskal Prospekzio Taldeak, Lemoatx mendiko hegoaldean errutinazko prospekzio bat egiten ari zirela. Eusko Jaurlaritzak gerran ekoitzitako kartutxera bat aurkitu zuten, ziur aski Euskadin egindako munizioarekin. Kartutxeraz gain, Eusko Gudarosteko gudariek erabiltzen zituzten gerrikoetako belarri bat eta esku bateko lau falange aurkitu zituzten. Era berean, metro gutxira metraila zati bat aurkitu zuten, hegazkin batetik jaurtitako bonba batena izan litekeena.

Testuingurua: Lemoatxeko borrokaldiak

Lemoatx puntu estrategikoa bihurtu zen Gerra Zibilean, Lemoako udalerria eta komunikazio-bideak oinetan geratzen zirelako. Gainera, kokagune hori menderatuta, Arratia eta Ibaizabal ibaien elkargunea kontrolpean geratzen zen, eta abantaila handia ematen zuen Bilboko Burdinazko Gerriko deituaren Erletxes-Ollaran zatiaren gainean.

1937ko maiatzaren amaieran eta ekainaren lehen egunetan borroka gogorrak izan ziren eremu hori kontrolatzeko xedez. Eusko Gudarostea galtzaile atera zen armada frankistaren hegazkinen, artilleriaren eta infanteriaren aurrean.

Hobien plana

Eusko Jaurlaritza 2002tik ari da lanean, Gerra Zibilean desagertutako pertsonak bilatzeko eta identifikatzeko. 2015eko amaieran 2015-2020 aldirako EAEko Plana aurkeztu zuen, hobien kokapena ikertzekoa, helburu horiexekin. Gaur goizekoa gorpuzkiak lurpetik atera diren urteko seigarren aldia da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)