Berriak Kultura
Eu

'Kontalaria' egitasmoaren aurkezpena

2010.eko irailak 27

Espazio publikoetan euskara sustatzera bideratutako 'Kontalaria' egitasmoa martxan da

'Kontalaria' egitasmoaren azken xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko 20 herritatik igaroz horietako herritarren parte-hartzearekin ipuin kolektiboa, elkarreraginezkoa eta ikus-entzunezkoa osatzea. Halaxe azaldu dute Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak, Bego Muruaga Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskararen Sustapenerako zuzendariak eta Fran Lasuen ipuin-kontalari eta musikariak 'Kontalaria' egitasmoa aurkezteko Eusko Jaurlaritzan (Lakua, Gasteiz) egindako prentsaurrekoan.

Gaur bertan abiatu du 'Kontalaria' egitasmoa Blanca Urgell Kultura sailburuak eta datozen egunetan 20 herritatik igaroko da: Bilbo, Irun, Donostia, Zarautz, Deba, Tolosa, Beasain, Eibar, Durango, Arrasate, Oñati, Vitoria-Gasteiz, Laudio, Galdakao, Barakaldo, Getxo, Bermeo, Mungia, Gernika eta Lekeitio. Egitasmoa aurrera eramateko kamioi bat ibiliko da herri batetik bestera astebururo. Kamioi hori ipuina kontatzeko espazio ludikoa izango da. Barnealdean, kontu kontari jarduteko pantaila eta bideo kamera izango ditu, eta espazio horretan gauzatuko da ipuin kolektiboa. Kanpoko animazioaren bitartez, parte-hartzea bultzatuko da eta errejidoreak funtzionamenduaren mekanika argituko du. Aurreko parte-hartzaileak kontaturiko istorioa erakutsiko zaio partaideari aurrekoaren kontakizunarekin jarrai dezan. Azkenik, ikus-entzunezko teknikariak, aurrez markaturiko irizpideak erabiliz, ipuina gauzatuko du. Haur nahiz gazte, heldu nahiz adineko, guztiek har dezakete parte.

Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Blanca Urgellen esanetan, 'Kontalaria' proiektuaren bitartez, besteak beste, eguneroko espazio publikoetan euskararen erabilera bultzatu nahi da: "Proiektu honekin gainera, euskararen erabilerari balioa eman nahi zaio. Beti ere, hizkuntzarekin bat eginda sormena eta teknologia berriak landuz". Urgellek bestalde, inposizioetatik ihes eginez, euskara zabalduko bada, pertsuasioa dela bidea argudiatu du eta horretarako ipuinek duten indarra azpimarratu du: "Ipuin eder bat irakurtzean edota entzutean edonork sentitu du noiz edo noiz zirrara, magia edota poza. Ez da zalantzarik ipuinak gozamenerako tresna direla. Guk argi daukagu gozamena dela biderik onena euskara bultzatzeko. Ipuinekin eta euskaraz gozamena eragitea lortu ahalko bagenu benetan izugarria litzateke".

Bego Muruaga Euskararen Sustapenerako zuzendariak azaldu du, 'Kontalaria' egitasmoak bi estrategiari erantzun nahi diola: batetik, hiritarrei adierazpen tresna bat eskaintzea, mintzaira ludikoa eta normalizatua eraginez; bestetik, eguneroko espazio publikoetara hurbiltzea, kaleko ekintza zuzen baten bitartez. Azkenik, Fran Lasuenek hartu du hitza eta egitasmoaren nondik norako guztiak zehatz-mehatz azaldu ditu. "Ilusioz eta indarrez" ekingo dio egitasmoari eta espero du herritarrek ere gogoz erantzutea: "Euskara bultzatzeaz gain, argi dago gozatzeko eta ondo pasatzeko proiektua dela 'Kontalaria', beraz herritar guztiak animatu nahi ditut bertan parte hartzera".

Prentsaurrekoa amaitu ostean, kamioia, hau da, ipuinak kontatzeko espazioa bisitatu ahal izan dute kazetariek eta bertan Blanca Urgell sailburuak hasiera eman dio proiektuari ipuin baten hasieraren kontakizunarekin:

"Bazen behin neskato nigeriar bat Mercy izena zuena, bere amarekin Euskadira etorri zena. Egun batean iritsi zen eskolara lehenengoz joan beharra. Eskolakideak agurtzen zituen, baina ez zuten elkar ulertzen. Mercyk yorubaz hitz egiten zuen, bere kideek ulertzen ez zuen hizkuntza batean.

Kezkatu egin zen. Eta horrela kezkatuta sartu zen ikasgelan, pentsa eta pentsa nola lortuko zuen lagunekin komunikatzea. Andereñoa sartu baina lehenago eseri zen bere tokian, eta hara non aurkitzen duen mahaian liburu bat, liburu majiko bat. Liburua ireki eta... hantxe ipuinaren hasiera!".

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Kultura sailburua