Berriak Lehendakaritza
Eu

Migrazio gaietako nazioarteko adituak lehenengo aldiz bilduko dira Euskadin

2010.eko irailak 24

 AEMIk (Association of European Migration Institutions, www.aemi.dk), Europako migrazio iturburu nagusiak ‑batez ere, Amerikara egindakoak-ordezkatzen dituen erakundeak Urteko Biltzarra egingo du Bilbon, Euskalduna Jauregian, irailaren 30etik urriaren 2ra bitartean.

Egun horien aurretik, mintegi bat egingo da eta hor 15 herrialdetako adituek beren esperientziez hitz egingo dute, migrazioa aztertzearen eta IKT (informazio eta komunikazio teknologiak) berrien ikuspegitik.

 Adituok Alemania, Australia, Frantzia, Danimarka, Galizia, Irlanda, Italia, Letonia, Norvegia, Polonia, Suedia, Estatu Batuak, Luxenburgo, Eslovenia, Portugal eta Euskadiko erakundeak ordezkatzen dituzte eta zenbait museo eta ikasketa zentro burutzen ari diren ekimenen berri emango dute: Europako migrazioen atari bat (Suedia); migrazioaren datu baseak (Frantzia); museo birtualak (Portugal); digitalizatze proiektuak (Euskadi); migrazioen ezagutza kudeatzeko sistemak (Italia); baita elkarrekin harremana duten beste zenbait gai ere, hala nola, ahozko testigantzak jasotzea edo sorterrira turismoa egitea (Root Tourism).

 AEMIko kideak iaz erabaki zuten Bilbon egitea aurtengo biltzarra, alde batetik, Euskadi bertatik bertara ezagutzeko, izan ere, migraziorako tradizio handia duen europar erkidego bat da Euskadi; eta bestetik, Europako hegoaldeko erakundeak erakartzeko (AEMI Danimarkan sortu zen eta, batez ere, Danimarkako eta Europako Iparraldeko beste zenbait herrialdetako erakundeek osatzen dute). 

 Eusko Jaurlaritza erakunde horretako kide da Kanpoan diren Euskal Herritarren eta Gizataldeen Zuzendaritzaren bitartez eta jardunaldi horiek koordinatzen ari da. Horrela bada, Julián Celaya zuzendaritza horren buruak irekiko ditu jardunaldiok ostegunean, irailaren 30ean, eta Guillermo Echenique Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak itxiko ditu jardunaldiok urriaren 1ean.

 Urriaren 2an, larunbatarekin, erakunde horren Urteko Biltzarra izango da. Biltzarra ez da jendearentzat zabalik egongo.

 Erakusketa Ellis Island-en , New York-en

 Eusko Jaurlaritzak AEMIn parte hartzen duelako, aukera izan zuen  euskaldunek Estatu Batuetara egindako migrazioari buruzko erakusketa ("Hidden in plain sight: the Basques", Begibistan ezkutatuta: Euskaldunak) antolatzeko, Boiseko Euskal Museoaren (Idaho) lankidetzarekin. Erakusketa hori 2010eko otsailaren eta maiatzaren artean izan zen New York-eko Ellis Island-en eta 400.000 lagunek bisitatu zuten. Erakusketa hori Boiseko Euskal Museoan inauguratu dute egun hauetan eta hurrengo hiru urteetan bisitatzeko aukera izango da.

 Euskal Herriko Unibertsitateko adituak, Deustuko Unibertsitatekoak eta Boiseko Euskal Museokoak, baita Boiseko Estatuko Unibertsitateko ordezkari bat ere, izango dira Euskadi AEMIren Mintegian ordezkatuko dutenak.

 AEMIk datozen egunetan Bilbon egingo duen mintegian ingelesa erabiliko da. Mintegian sartzea librea da gonbita luzatu nahi diegu gai horretan interesa duten ikasleei aurkezpenak jarrai ditzaten. Programa, honako web orri honetan eskuragarri:  www.aemi.dk.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)