Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzak bi eskuorri argitaratu ditu, norbera babesteko eta segurtasuneko aholku praktikoak eskaintzen dizkiena Euskadi zeharkatzen duten Ignazio eta Donejakue bideetako erromesei

2016.eko maiatzak 13

Triptikoak banatuko dituzte aterpetxeetan eta erromesen igarobideetan

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak, Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga lagun, Irungo ertzain-etxean egin duen bisitaldia baliatu du Euskadi zeharkatzen duten Ignazio eta Donejakuen bideetako erromesentzako segurtasuneko aholku praktikoak dituzten bi eskuorriak aurkezteko.

Euskadiko ertzain-etxeak bisitatzeko egiten ari den biraren barnean, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia Irungo ertzain-etxean izan da gaur eta Euskadi zeharkatzen duten Donejakue Bidearen bi ibilbideetako (kostakoak eta barnealdekoa) eta Ignazio Bideko erromesentzako segurtasuneko aholku praktikoak eskaintzen dituzten bi informazio-eskuorri aurkeztu ditu.

«Gomendio eta aholku praktikoak dira, norbera babesteko eta erromesaldia segurtasunez egiteko; izan ere, gisa horretako bideak, maiz, bakarka egiten dira. Istripuak eta ezbeharrak ekidin nahi dira, eta, gertatuz gero, gogorarazi nahi dut 112 larrialdietako telefonoak urteko 365 egunetan 24 orduko arreta eskaintzen duela», adierazi du Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak.

Triptikoetan bidea oinez, bizikletaz edo zaldiz egiten dutenek jarraitu beharreko segurtasun-neurriak nabarmentzen dira. Ezkerretik joatea edo bazterbidea erabiltzea, argiak edo islagailuak erabiltzea gauez edota kasko homologatua erabiltzea bizikletaz edo zaldiz joanez gero, horiek dira eskuorrietan jasotako aholkuetako batzuk.

Bi eskuorri horietan, gainera, norbera babesteko hartu beharreko oinarrizko neurriak zehazten dira, bidean ezbeharrik ez izateko. Seinaleei eta jarraibideei jaramon egitea, mugikorraren bateria kargatuta edukitzea edota, ezbeharrik gertatzen denerako, bilaketa lanak errazteko geokokapen-sistema aktibatzea (Alpify edo WhatsApp), horiek dira gomendioetako batzuk.

Gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez argitaratu dira eskuorri horiek eta aterpetxeetan banatuko dira. Ibilbideetatik gertuen dauden ertzain-etxeen helbideak eta telefono-zenbakiak ageri dira, eta larrialdi kasuetan 112 SOS Deiak zerbitzura deitzea gogorarazten da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)