Berriak Lehendakaritza
Eu

Aste Gastronomikoaren xedea “Euskadiren zaporeekin” txinatarren ahoa “maitemintzea” da

2010.eko irailak 27

Patxi López lehendakariak hasiera eman dio Shangain Hotel Meliáko Aste Gastronomikoari, non euskal sukaldaririk onenetako batzuek parte hartuko duten

Eneko Atxa, Juan Mari Arzak, Martín Berasategi, Andoni Luis Aduriz eta Pedro Subijana aste honetan beren lanik onenak erakusten ariko dira Shangaiko 2010eko Expoan Euskadiren Asteko ekitaldien barruan Hotel Meliák antolatu duen Shangaiko Aste Gastronomikoan. Patxi López lehendakaria bost sukaldari horiekin eseri da gaur gauean egin den afari ofizialean eta bertan, sukaldariek Shangaiko hitzordu horretarako jantzi dituzten diseinuak egin dituzten enpresen -Jota más Ge, Jon Fiz, Ian Mosh, Mercedes de Miguel eta Alicia Rueda- ordezkariak ere egon dira. Lehendakariak Euskadi eta Txinako gastronomien “tradizio luzea” azpimarratu du eta “gure zaporeek maiteminduko dituztela” espero du.

Lehenengoz, eta broma artean esan duten bezala, “ez dadila aurrekari gisa erabili”, Eneko Atxa, Juan Mari Arzak, Martín Berasategi, Andoni Luis Aduriz eta Pedro Subijana eurek landu duten menu batez gozatzeko eseri dira mahaian. Ekitaldi garrantzitsua izan da eta merezi zuen, izan ere, ofizialki eman zaio hasiera Shangaiko 2010eko Expoan Euskadiren Asteko ekitaldien barruan Hotel Meliák antolatu duen Shangaiko Aste Gastronomikoari.Aste honen helburua euskal gastronomia ezagutzera ematea da eta, batik bat, “munduan daukan txoko txikitik produktu berri, bakar eta liluragarri bat eskaintzeko gaur egun teknologia berriak erabiltzen dituen eta beste eskola batzuekin batzen den gastronomia”.“Sabelaren bidez Euskal Herrira hurbildu eta gure zaporeekin maitemindu nahi ditugu”, adierazi du lehendakariak afari ofiziala baino lehen egin duen agur labur batean.

Shangaira enpresa-misioa gauzatzera joan den Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzarekin batera joan diren bost sukaldarien alboan, eta konplizitate giroa nagusi zela, egun hauetan sukaldariek darabiltzaten jantziak sortu dituzten diseinatzaileak ere egon dira -Jota más Ge, Jon Fiz, Ian Mosh, Mercedes de Miguel eta Alicia Rueda-. Sukaldean tradizioa eta berrikuntza uztartzen dituen hitzorduari “glamour” ukitu bat eman diote.

“Gure gastronomia ere tradizio luze batetik dator. Lurretik ateratako kalitatezko produktu batekiko maitasunetik jaio da, eta garai berrietara egokitzeko gai izan da”. Laster, Basque Culinary Centeren ikasi eta garatuko dira teknika horiek. Euskal sukaldaritzarako Unibertsitatean, hain zuzen. Gure amonek ideia hori entzungo balute barre egingo lukete, ziur. “Baina gaur abentura honetan parte hartzea nahi dugu. Egia bihurtzen ari garen utopia horretako bidaide izatea. Sabelaren bidez Euskal Herrira hurbildu eta gure zaporeekin maitemindu nahi ditugu. Eta ziur nago lortuko dugula. Zentzumen guztiak pizten dituen janaria eskainiko diegu eta gure zaporeekin maitemindu nahi ditugu”.

 

Zapore horiek gaurkoan beren ongailuak bezain iradokitzaileak diren identifikazioen atzean ezkutatu dira: txipiroi-salda aldakorra, lupia porru-errautsarekin eta fruta-burbuilak izan dira Txinako komunikabide espezializatuetako ordezkariek dastatu dituzten platerak.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria