Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak eta Pasaiako Portuak Herrerako geltokiaren eta Trintxerperen artean oinezkoentzako bidea eta bide-gorria eraikitzeko lanak hasiko dituzte azaroan

2016.eko maiatzak 12

•           Lizitazioa ekainaren hasieran egingo da, eta lanak 2017ko azarorako bukatuta egotea da asmoa

•           Eusko Jaurlaritzak Euskotren-Trintxerpe lotura egingo du, eta lanak gehienez 5.500.000 euroko aurrekontu batekin ordainduko ditu

•           Ana Oregi: «Irmo eta seguru ekin diogu Pasaiako badia berritzeko prozesuari, baina instituzio guztien eta gizartearen laguntza eta inplikazioa eskatuko du.

•           «Pasaiak berritze bati ekin dio; Eusko Jaurlaritzak portua eta ingurunea Gipuzkoako eta Euskadiko erreferentzia-puntu sozial, ekonomiko eta kultural nagusietako bat izatea nahi du»

 

DSS 16 05 12

Eusko Jaurlaritzak eta Pasaiako Portuak Herrerako geltokiaren eta Trintxerperen artean oinezkoentzako bidea eta bide-gorria eraikitzeko lanak hasiko dituzte azaroan. Pasaiako badia berritzeko lehen fasea izango da. Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak, Ana Oregik, eta Pasaiako Portu Agintaritzako Presidenteak, Ricardo Peñak, elkarlanerako hitzarmen bat izenpetu dute gaur goizean Donostian. Haren arabera, Eusko Jaurlaritzak 5,5 milioi euro erabiliko ditu Herrerako Euskotrenen geltokiaren eta Trintxerperen artean lorategi bihurtutako oinezkoentzako bide eta bide-gorria egiteko, eta Portuak beharrezko diren lurrak jarriko ditu eskura, eta aurretiko proiektuak idatziko ditu.

 

Ana Oregik, Izaskun Iriarte Sailburuordea lagun, honako adierazpen hauek egin ditu: «Pasaiako badiak ilusioz hasi du mende honetako egoera sozial, kultural eta ekonomikoei egokitzeko prozesua. Ez zegoen gehiago itxaroterik, eta Plan Berezia onartu artean, Eusko Jaurlaritzak eta Portuak egungo hirigintza-antolamendua baliatu dute lehen fase honi ekiteko, trenbiderako sarbide eroso eta segurua, hondakinen eta inprobisatutako aparkalekuen artean igaro behar ez dena, eskatzen baitute inguru horretako biztanleek».

 

Lanen lizitazioa maiatzaren bukaeran edo ekainaren hasieran egingo da. Obrak azaroan hastea da asmoa, eta urtebeteko epean bukatzea, 2017ko azaroan gutxi gorabehera. Eusko Jaurlaritzak egingo ditu geltokiaren eta Trintxerperen arteko loturaren lanak, eta lanon finantzaketa bere gain hartuko du, gehienez, 5.500.000 euroko aurrekontua bideratuta.

 

Pasaiako Portuko Agintaritzak idatzi, finantzatu eta onartuko du obren eraikuntza-proiektua, eta Eusko Jaurlaritzaren esku utziko ditu beharrezkoak diren portuko jabari publikoko lur-sailak, eta eraikinak eraitsiko ditu, lurzoruaren ingurumen-kalitateari loturiko izapideak betez, udal-txosten beharrezkoen bitartez.  Pabiloiak eraistea 31.018,79 euro kostatuko da, eta eraikuntza-proiektua idaztea, euste-horma barne, 59.000 euro. Lurzoruaren kalitatearen azterlana eta hondeaketa-plana osatzea, aldiz, 29.239,50 euro.

 

Erakargarritasuna

Oregi Sailburuak esan duenez, «Pasaiak biziberritze hasi du. Eusko Jaurlaritzak portua eta ingurunea Gipuzkoako ekonomiaren eta kulturaren indargune nagusietako bat izatea nahi du». Portu Agintaritzako Presidenteak, Ricardo Peñak, «Portuak eta inguruneak bere irudia eta zerbitzua berritzeko interesa, laguntza eta konstantzia» eskertu ditu.

 

Ana Oregiren arabera, «Pasaiako badiaren eta inguruaren berritzea erakundeen arteko elkarlanaren baitako Eusko Jaurlaritzaren programan sartuta dagoen helburu bat da. Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzak abiarazi eta gidatu ditu inplikatutako erakundeak elkar ulertzeko aurretiazko lanak. Horretan lagundu dio Pasaiako Portu Agintaritzak, eta urrats sendoak eman ahal izan dira portua hiri-eremuan txertatzeko; horren isla da Pasaiako portuko Zerbitzu Antolamendurako Plan Berezia aldatzeko proposamena».

 

«Bi gauza ditugu argi: lehena, erakundeen arteko elkar ulertzea eta elkarlana Pasaiako badiaren berritzea errealitate bihurtzeko ezinbesteko baldintzak direla. Bigarrena, biziberritze-prozesua hasi besterik ez dugula egin, eta horrek hirigintza-proiektuez gain, biziberritze sozioekonomikorako ekimenak ere beharko ditu, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako udalek Europar Batasuneko hiri-garapen jasangarri eta integraturako funtsak lortzeko aurkeztutako proposamena kasu», gehitu du Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak. 

 

Pasaiako Portuko Agintaritzako zuzendariak, Ricardo Peñak, adierazi du Herrerako geltokiaren eta Trintxerperen artean oinezkoen bidea eta bizikleta-bidea eraikitzeko hitzarmena sinatzeak Portuaren eta Hiriaren beharrak uztartzean erakundeek duten inplikazio sendoa adierazten duen mugarria dakarrela. Obra hau bideratzen ari den Portu-antolamenduko Plan Berezian jasotako beste batzuk baino lehenago egingo da, horiek aurrerago gauzatuko baitira.

 

Ricardo Peñaren esanetan, “Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak eta Pasaiako Portuko Agintaritzak, indarreko Plan Bereziak eskaintzen dien babesean oinarrituta, beren arteko konpromisoa erakutsi diete herritarrei. Hitzarmenak biribildu egin du ahalegin handiko hiru urtetik gorako lana; horretan, Badia biziberritzeari dagokionez zeresana duten eragile guztiek hartu dute parte. Hemendik gutxira lizitatuko diren obrak Euskotreneko estazioan sartzeko segurtasuna hobetzeko lehen pausoa izango dira, eta, aldi berean, oso narriatuta dagoen ingurunearen paisaia hobetzen hastea ere badakar”.

 

Edukia

Eusko Jaurlaritzaren eta Pasaiako Portu Agintaritzaren arteko lankidetza-hitzarmenak hiri-ingurunea biziberritzea errazten du; horretarako egingo da Herrerako Euskotrenen geltokiaren eta Trintxerperen arteko oinezkoentzako eta bizikletentzako lotura.  Plan Bereziaren berrikuspenak erabilera publikora eta hirugarren sektoreko jardueretara bideratuko ditu portuko jabari publikoko zortzi hektarea baino gehiago, portu-eremuan ekipamendu publikoak sortzeko aukerari bide emanez.

 

Egun, Trintxerperen eta geltoki berriaren artean ez dago biderik; tarte hori porturako sarbide-errepidetik egin behar da. Pasaiako portuak eta Eusko Jaurlaritzak izenpetu duten hitzarmenak arautzen du Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailak eta Pasaiako Portuko Agintaritzak zein baldintzetan ekingo dioten elkarlanari oinezkoentzako sarbide berria eraikitzeko.

 

Pasaiako Portuko Agintaritzaren lurzati batzuetan, zehazki, 30.000 m2-ko azaleran, portuko jarduerak eta hiri-ingurunea bateragarri egiteko aukera dago, 2015-2025 aldirako Plan Estrategikoak eta Pasaiako Portuko Zerbitzu-eremuaren Antolamendu-plan Bereziaren berrikuspenak zehazten dutenez, eta erabilera publikoari eta hirugarren sektoreko jarduerei irekiko dizkie portuko jabari publikoko zortzi hektarea baino gehiago.

 

Hitzarmen horretan jasotakoaren arabera, ekipamendu publikoak sortuko dira portu-eremuan, tartean, oinezkoentzako eta bizikletentzako bideak Herrerako geltokitik eta «museoen eremu» deitutako eremutik Azkorreta/Albaolara artean.  Herrerako Euskotrenen geltokitik Trintxerpeko Euskadi etorbidea arteko oinezkoentzako eta bizikletentzako loturak beste jarduera batzuk gauzatzea eskatzen du, kalitatezko eremu publikoetan egingo bada.

 

«Plan Berezia izapidetu bitartean, Eusko Jaurlaritzak eta Portuak denbora aurreratu nahi dugu oinezkoentzako lotura eraikita; esaterako, Pasaiako Portu Agintaritzak portuko lurrak okupatzeko baimena eman dio Eusko Jaurlaritzari», nabarmendu du Ana Oregik.   Eusko Jaurlaritzak egingo ditu geltokiaren eta Trintxerperen arteko loturaren lanak, eta lanon finantzaketa bere gain hartuko du, gehienez, 5.500.000 euroko aurrekontua bideratuta.

 

Pasaiako Portuko Agintaritzak idatzi, finantzatu eta onartuko du obren eraikuntza-proiektua. Eusko Jaurlaritzaren esku utziko ditu beharrezkoak diren portuko jabari publikoko lur-sailak, eta eraikinak eraitsiko ditu, lurzoruaren ingurumen-kalitateari loturiko izapideak betez, udal-txosten beharrezkoen bitartez. 

 

Pabiloiak eraistea 31.018,79 euro kostako da, eta eraikuntza-proiektua idaztea, euste-horma barne, 59.000 euro. Lurzoruaren kalitatearen azterlana eta hondeaketa-plana osatzea, aldiz, 29.239,50 euro. Pasaiako Portuko Agintaritzak erabilera publikorako irekiko du Herrerako geltokiaren eta Trintxerpe auzoaren arteko lotura, obrak amaitu ondoren.

 

«Laburbilduta, Pasaia badiak ilusioz hasi du mende honetako egoera sozial, kultural eta ekonomikoei egokitzeko prozesua. Pasaiak biziberritze estetiko, sozial eta praktikoa hasi du. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak portua eta ingurunea Euskadiko eta Gipuzkoako ekonomiaren eta kulturaren erreferentzia-puntu nagusietako bat izatea nahi du», bukatu du Ana Oregik.

 

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Ingurukomej
    2016.eko maiatzak 12

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: .@Gob_eus y Puerto Pasaia inician en noviembre las obras para conexión entre estación La Herrera y Trintxerpe ➡ https://t.co/Pf

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Ricardo Peña