Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasuneko sailburuak inauguratuko du ENFSIren 2016ko kongresua

2016.eko maiatzak 11
Gaurtik aurrera Bilbon bilduko dira 66 auzitegi- eta polizia-laborategiren ordezkariak
 
Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak inauguratu du gaur goizean Bilboko Bizkaia Aretoan ENFSI Auzitegi Zientzietako Institutuen Europako Sarearen urteko bilera. Sare horrek Europako 36 herrialdetako erreferentziako 66 polizia- eta auzitegi-laborategi koordinatzen ditu. Kongresuak datorren ostiralera arte iraungo du eta Europako auzitegi-laborategi nagusietako ehun ordezkari inguru bilduko ditu Bizkaiko hiriburuan. Datozen hiru jardunaldietan aztergai izango dituzte auzitegi-zientziei buruzko alderdi teknikoak, erakundearen barne-antolaketari buruzkoak eta etorkizunera begirako erronkak.
 
Gaur goizeko inaugurazio-ekitaldian izan dira Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia, ENFSIko presidente Jan de Kinder eta Ertzaintzako Ikerketa Kriminalerako Ataleko buru José María Yurrebaso. «Ertzaintza, polizia integrala den aldetik, eta bereziki Polizia Zientifikoaren Unitatea Euskadiko segurtasunaren eta ikerketa kriminalaren arduradunak dira, eta ordezkatzen duzuen Europa zientifiko eta mugaz gaindiko horrekin balioak, informazioa, ezagutzak eta inteligentzia-jarduerak partekatzen dituzte. Horrenbestez, kezka berdinak ditugu, eta metodo zein ezagutza zientifiko berberak baliatzen ditugu, nork bere jarduera- eta erantzukizun-eremuan, berdintasun, elkartasun, segurtasun eta askatasun handiagoko eremu erkide eta mugaz gaindikoa eraikitzeko», adierazi du Segurtasuneko sailburuak kongresuaren irekiera-ekitaldian.

Lehen lan-jardunaldia

ENFSIren (European Network of Forensic Sciencie Institutes) 28. urteko bilerak Europako polizia-laborategietako ia ehun aditu forentse ekarriko ditu Bilbora. Inaugurazio-ekitaldiaren ondoren, gaur goizean bertan ekin diete lan-saioei, zientzia forentsearen berrikuntzei eta aholkulari forentseen zereginari buruz gogoeta egiteko.

Hurrengo egunetan, nagusiki, erakundearen beraren funtzionamenduaren alderdi exekutiboak aztertuko dituzte, bai eta egoera ekonomikoa, plan estrategikoak, proiektuen egoera, lantaldeen emaitzak eta bilakaera eta ikerketa-proiektuak finantzatzeko Europako funtsak ere, besteak beste.

2006. urtetik, ENFSIko eskubide osoko kide da Ertzaintza.

Ertzaintza 2006ko abenduan sartu zen ENFSIn, eskubide osoko kide gisa, Zuzendaritza Kontseiluak alde erabaki ondoren, eta espezialistek euskal polizia zientifikoaren maila teknikoa eta bere laborategien garapen maila, prozedurak eta lan-protokoloak (ISO 7025 kalitate-ziurtapenaren bidez egiaztatuta) egiaztatu ondoren. Sartzeko eskaera sei hilabete lehenago egin zen, eta sartzeko prozesuan, ENFSIren ordezkariek Erandioko Polizia Zientifikoko Unitatearen egoitza ikuskatu zuten eta Unitateko arduradunak elkarrizketatu zituzten. Horrez gain, espezialistek bazuten Ertzaintzak auzitegiko ikerketan egindako lanaren berri.

Lehen mailako truke zientifikoa

ENFSIren, auzitegi-zientziaren arloan mundu mailan aintzatesten duten erakundearen, xedea ezagutzak partekatzea, esperientziak trukatzea eta auzitegi-zientziaren arloan akordioak egitea da, eta, horrez gain, laborategi guztiak jardunbide egokiak egitera eta nazioarteko estandarrak jarraitzera animatzea, kalitatea eta gaitasuna bermatzeko. Gainera, lantaldeak ezartzen ditu, espezialitateen arabera: ADNa, dokumentuak, drogak, lehergaiak, hatz-markak, suzko armak, sute eta leherketen ikerketa, auzitegiko informazio-teknologiak, audio-analisiak, grafistika, trazuak, begizko ikuskapenak, pintura, beira, zuntz eta ileen analisia, irudi digitala, eta lurren analisia.

Hastapenetan, hamaika kide

ENFSI 1992an sortu zen, Europa Mendebaldeko gobernuetako laborategi kriminalistikoen zuzendariek denen intereseko gaiei buruzko informazioa trukatzeko aldizkako topaketak antolatzea erabaki zutenean. Lehen bilera Rijswijk-en (Holanda) egin zen, eta 11 laborategi izan ziren. Ondoren, berriro bildu ziren 1994an, Linköping-en (Suedian), eta lehen akordio-txostena onartu zuten. Urtebete geroago, 1995eko urriaren 20an, sorrera-bilera antolatu zen. Egun horretan sortu zen, bada, ofizialki gaur egun ezagutzen dugun erakundea. Topaketa horretan, erakundearen funtzionamendua arautzen duen akordioa sinatzeaz gain, lehen batzorde ofiziala aukeratu zuten, bai eta erakundearen logotipoa ere (begi europarra).

Hasieratik erabaki zuten Europako herrialde guztiek izango zutela ENFSIn sartzeko aukera, Europako auzitegi-zientziaren garapenaren eta aurkezpenaren kalitatea munduko abangoardian dagoela bermatzeko, beren ekarpenen bitartez. Berehala finkatu zen erakunde gisa, eta laborategiak barruan egotea ofizializatu egin zen. Gainera, Idazkaritza bat sortu zen, presidentearen zuzendaritzapean. Harrezkero, azkar hazi da: hasieran 11 kide ziren, eta, orain, 64, 36 herrialdetakoak.

ENFSIren kongresuaren jarraipena

ENFSIren kongresuari loturiko elkarrizketa-eskabideak kudeatzeko interesa duten komunikabideek Ertzaintzaren prentsa-zerbitzura jo beharko dute:

prentsa@seg.euskadi.eus

Tel.: 94.607.92.82

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @AuziaEuskaraz
    2016.eko maiatzak 12

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [ERTZAINTZA] Segurtasuneko sailburuak ENFSIren 2016ko kongresua inauguratu du gaur goizean Bilboko Bizkaia Aretoan➡ https://t.…

  • @rgartzia
    2016.eko maiatzak 11

    Comentario de Twitter:
    La consejera de Seguridad inaugura el encuentro 2016 del ENFSI... https://t.co/gBJ0bcolyE

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Jan de Kinder, ENFSIko presidentea eta José María Yurrebaso, Ertzaintzako Ikerketa Kriminalerako Ataleko burua