
Zallan egingo da Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak (LAG) berrikusteko lehen jardunaldi parte-hartzailea
- Eusko Jaurlaritzak aurreikusitako 16 funtziokako tailerretan lehena izango da
- Herritarrek hartuko dute parte LAGen berrikuspenean eta ekarpen horiek jasoko dira EAEko estrategian.
VG 16 05 11
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak abian jarri du Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak (LAG) berrikusteko prozesua. Horretarako, EAEko eskualdeetako arlo funtzional bakoitzeko tailer bana antolatu du. Astelehenean, hilak 16, arratsaldeko seietan, Zallako (Bizkaia) Kultur Etxean egingo da tailer horietan lehena. Bertan, teknikariek, herritarrek eta tokiko eragileek EAEko estrategia zehazteko ideiak proposatuko dituzte etorkizuneko erabilerei, kontserbazioari eta garapenari buruz.
«1997az geroztik, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen bitartez, Euskadik ordena orekatua sustatu du hiri-eremuaren eta landa-eremuaren, jarduera ekonomikoen, azpiegituren edota naturaguneen artean. Orain, Eusko Jaurlaritzak LAGak berrikusteko prozesua jarri du abian, egungo beharretara egokitzeko xedez. Hala, herritarrek parte hartzea nahi du, horien ekarpenak biltzeko», azaldu du Lurralde Politikako sailburuorde Izaskun Iriartek. Era horretan, herritar eta eragile parte-hartzaile guztiek partekatuko duten lurralde-estrategia ezarri ahal izango da.
Iriarteren arabera, «tailerretan hainbat gai landuko dira, tartean, paisaia, ingurune fisikoa eta azpiegitura berdea, landa-eremua, hiri-eremua, mugikortasun jasangarria, ura, energia eta gobernantza. Aukera paregabea izango da gure inguruneari loturiko gai horiei buruz hitz egiteko. Izan ere, biziko garen herrialdearen etorkizuna marraztuko dugu, kontserbatzeko, hobetzeko, erabiltzeko eta gozatzeko moduak irudikatuta».
Topaketak
Tailer parte-hartzaileak egingo dira, halaber, Donostian, Beasain-Zumarragan, Guardian, Gernika-Markinan, Mungian, Arrasate-Bergaran, Laudio-Amurrion, Zarautz-Azpeitian, Tolosan, Igorren, Gasteizen eta Bilbon. Prozesu parte-hartzailearen koordinazio teknikoa eta garapena Paisaje Transversal eta Inguru enpresen esku egongo da.
Tailer presentzialetara bertaratu ezin daitezkeenek Irekia webgunean parte hartu ahal izango dute. Gunean argitaratu da LAGak berrikusteko oinarrizko dokumentua (dokumentu exekutiboa), testuari ekarpenak egiteko. Gainera, gai bakoitzean hasitako eztabaidetan eta inkestetan online parte hartzeko aukera dago. http://www.irekia.euskadi.eus/eu/debates/1056?stage=discussion
Sare sozialetan ere parte hartu ahal izango da; Twitter-en, #DOT_Euskadi traola, eta Facebook-en, Lurraldea profilean.
LAGak berrikusteko prozesuak 3 urte inguru iraungo ditu. Informazio eta aurrerapen guztiak webgunean eguneratuko dira: http://www.euskadi.eus/lag-berrikuspena
INFORMAZIOA: 655 744 945
-
2016-05-11
Comentario de Twitter:
RT @Irekia: Zallan egingo da Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak (LAG) berrikusteko lehen jardunaldi parte-hartzailea ➡ https://t.co/JH2Mr…