Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Angel Toñak nabarmendu egin du emakumeen aurkako indarkeriaren biktimen arretarako 900 840 111 telefonoak hamar urte bete ondoren lortu duen sendotasuna

2016.eko maiatzak 11
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Ángel Toñak etxeko edo sexu-arrazoiengatiko indarkeria jasan duten emakumeei informazioa eta arreta emateko zerbitzuak hamar urte egin dituela ospatu du, zerbitzuaren «erabilgarritasuna, hurbiltasuna, irisgarritasuna eta berehalakotasuna» goraipatuz.

 

Zerbitzu hori, sailburuak Bilboko prentsaurrekoan esan duenez, «sendotu egin da», azken urteetako datuei erreparatuta. Edonola ere, indarkeria jasan duten emakumeentzako baliabide «hurbila, profesionala eta erabilgarria» da. Azken urtetako datuen arabera, zerbitzuaren erabilera igo egin da:

2013

2014

2015

3.173 arreta-emate

3.030 arreta-emate

3.539 arreta-emate

1.730 erabiltzaile

1.823 erabiltzaile

2.103 erabiltzaile

Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzaren zerbitzu horrek arreta ematen die indarkeria, zentzu zabalean, jasan duten emakumeei: bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeriaz gain, familiako beste gizonen baten indarkeria ere barne hartzen duelako (aita, neba, semea); alegia, abusua, sexu-erasoa eta -jazarpena, salerosketa, behartutako prostituzioa, lan-arloko jazarpena, etab.

Prestakuntza jarraitua jasotzen dute 900 840 111 telefono-zenbakian arreta ematen duten profesionalek: emakumeen kontrako indarkeriari eta berdintasunari buruz ez ezik, arreta osoa emateko beharrezkoak diren gai guztietan jasotzen dute prestakuntzan, zuzenbidean, atzerritartasunean edo psikologian kasu. Profesional horiek, nagusiki emakume psikologoak, hezitzaileak eta gizarte-langileak, telefono bidezko arreta ematen dute urteko 365 egunetan eta egunean 24 orduz.

Zerbitzuaren azkenburuko helburua da emakumeak tratu txarren egoeratik irtetea, eta bizitza autonomo bati ekiteko gaitzea, seme-alabekin, baldin badituzte. Horretarako, zerbitzu horretako profesionalek laguntza ematen dute indartze eta ahalduntze pertsonalaren prozesu horretan, ororen gainetik, pertsona bakoitzaren erritmoak eta baldintzak errespetatuta. «Horrek bereizten du zerbitzu hau gainerakoengandik, eta balioa eransten dio, balio handia», nabarmendu du Toñak.

900 840 111 telefono-zerbitzua Euskal Autonomia Erkidegora mugatuta dago eta deitzaileei hurbil dituzten baliabideen gaineko informazioa eskaintzen die, nora jo adierazteaz gain; gizarte-zerbitzuetara, osasun-zerbitzuetara, epaitegira, polizia-etxera, etab. Horretarako, helbide eta telefono-zenbaki zehatzak ematen ditu, edo biktima horietara zuzenean bideratzen ditu, arriskua agerikoa denean eta emakumeak nahi badu. Era berean, zerbitzu horrek koordinatzen ditu gainerako zerbitzuak, ezarritako bideratze- eta segimendu-protokoloei jarraikiz, eta emakumeei arreta integrala eskaini ahal die.

Zerbitzuan azkenaldian egin diren hobekuntzen artean dago Ertzaintzak emakumeei eskaintzen dien telefono mugikorrarena, zehazki, Bortxa telefonoa; tekla jakin bat (4 zenbakiduna) sakatzea aski da, 900 840 111 telefonora automatikoki deitzeko. Horrela, lehen laguntza psikologikoa eman ahal da krisi-egoeretan, eta informazioa, baita babesa ere, jasaten duten indarkeria-egoeratik irteteko erabakiari irmo eutsi diezaioten.

Toñak nabarmendu du zerbitzu horrek eransten duen balioa, Euskadiko egoera ezagutzeko baliagarria delako arlo horretan. «Emakumeengandik hurbil dagoen zerbitzua denez, telefonoak behatoki-eginkizuna ere betetzen du, hauen berri emanez: baliabideen eta zerbitzuen funtzionamendua, emakumeen balioesten dituzten alderdiak, aurkezten dituzten kexak, tratu txar mota berriak, etab.», azpimarratu du. Gainera, 900 840 111 zerbitzuak eskainitako arretaren ezaugarriak erregistratzen ditu; horrela, premia zehatzak eta zerbitzu-ematea hobetzeko proposamenak egin daitezke.

Gogoan hartu behar da zerbitzua indarkeria jasan duten emakumeek ez ezik, emakume horien hurbilekoek ere erabili dezaketela (senideek, auzokoek, lankideek, etab.), baita emakume horiei arreta ematen dieten profesionalek ere, informaziorik edo aholkurik behar dutenean.

Zerbitzuaren ezaugarriak

  • 900840111 telefonoak berehalako arreta eskaintzen du egunean 24 orduz eta urteko egun guztietan. Horrenbestez, ez da hitzordurik behar, ez ilararik egin behar, ez itxaroten egon behar.
  • Ez du arrastorik uzten telefono-ordainagirian, eta hori ezinbestekoa dute erasotzailearekin eta honen kontrolaren mende bizi diren emakumeek.  
  • 51 hizkuntzatan ematen du arreta.
  • Hizketan eta/edo entzumenean dibertsitate funtzionala duten pertsonei arreta emateko gailu bat erabiltzen du.
  • Emakume guztiei eskaintzen die arreta, administrazio-egoera erregularrean egon edo ez, erroldatuta egon edo ez, erasotzailearekin harremana izan edo ez, etab.
  • Zerbitzu anonimo eta konfidentziala denez, ohiko aurrez aurreko baliabideetara (udalen edo aldundien gizarte-zerbitzuak, polizia, epaitegiak, medikuak, etab.) jotzera ausartzen ez diren emakume asko erakartzen ditu. Ausartze ezaren arrazoiak hauek izan ohi dira: gaiari buruz hitz egiteak lotsatzea, errudun sentitzen direlako; ez onartzea jasaten ari direna emakumeen aurkako indarkeria dela, edo hala dela zalantzan jartzea; zaharregiak edo gazteegiak izatea, adin-tarte horietako emakumeek gizarte-zerbitzuetara jotzea ez dutelako begi onez ikusten; landa-eremuan bizitzea, edo «denek elkar ezagutzen» duten eremu batean; administraziora jotzeak beldurtzea, erroldatuta ez daudelako edo erregularizatu gabeko egoeran daudelako; sexu-indarkeria jasatea, eta senideei esateak lotsatzea edo beldurtzea; erasotzailearen edo emakumearen beraren identitatea adierazi nahi ez izatea; etxetik irten ezin den emakumea izatea, mugikortasun-arazoren bat edo erasotzaileak isolatuta edukitzea dela medio; eta abar.

Noiz deitu behar den 900 840 111 zenbakira:

Ángel Toña sailburuak azaldu duenez, zerbitzu horrek emakumeei eta/edo edonori arreta emango dio nahinoiz, baina batez ere aproposa da egoera hauetarako:

  • Triste daudenerako, blokeatuta, edo lotsa, beldurra edo ziurgabetasuna sentitzen dutenerako, gertatzen ari zaiena dela eta.
  • Gizarte-esparruko, osasun-esparruko, esparru judizialeko, polizia-esparruko, etab., zerbitzuei eta baliabideei buruzko informazioa eta orientazioa behar dutenerako.
  • Norbaitek entzutea eta jasaten duten egoerari buruz hitz egin behar dutenerako.
  • Zalantzak dituztenerako edo erabakiak hartu behar dituztenerako.
  • Dituzten premiei egokitutako aurrez aurreko arreta-baliabidera bideratzea behar dutenerako.
  • Indarkeria-egoera atzean uzteko hasitako prozesuan, zalantzak dituztenean edo ahul sentitzen direnean, laguntza profesionala nahi dutenerako.
Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @biocrucesHRI
    2016.eko maiatzak 11

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: Décimo aniversario del teléfono 900 840 111 que atiende a víctimas de la violencia contra las mujeres ➡ https://t.co/xPHTcS0lr4

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)