Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria Bizkaiko Enpresaburuen Konfederazioaren (CEBEK) batzar nagusian izan da

2016.eko maiatzak 11

Urkulluk nabarmendu duenez, konfiantza-giroa dago, erakundeetara egonkortasuna eta gobernantza ekarri dituzten zenbait akordiori esker

Iñigo Urkullu lehendakaria Bizkaiko Enpresaburuen Konfederazioaren (CEBEK) batzar nagusiaren itxiera-ekitaldian izan da gaur Euskalduna Jauregian, eta, berarekin batera, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapia eta Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Ángel Toña izan dira. Lehendakariak goraipatu duenez, urte zailak igaro ondoren, konfiantza-giroa lortu da, elkarrizketari eta akordioei esker, eta horiek «egonkortasun-agertoki» bat sortu dute.

Hasteko, zera gogorarazi du Urkulluk: 2016an 2015ean hasitako hazkunde-joera finkatu egin dela, BPGren % 3,2ko urte arteko igoera izan dela lehen hiruhilekoan eta industria-ekoizpena % 5 handitu dela. Horiek horrela, Eusko Jaurlaritzak «begirada positiboa» planteatzen du, mehatxuak eta ziurgabetasunak gorabehera.

Goraipatu duenez, hartutako akordioei esker, konfiantza- eta egonkortasun-egoera lortu da. Ondorioz, egonkortasuna eta gobernagarritasuna lortu dute erakundeek, eta bizikidetza hobetu da. Horren adibide dira orain dela gutxi onartutako Udal Legea eta alderdi guztiek Eudelen zuzendaritzari buruz hartutako akordioa. Lehendakariak nabarmendu duenez, atzo Nafarroako Gobernuarekin sinatutako lankidetza-protokoloa mugarri positibo bat da. «Zalantzarik ez dago itun sozialean eta negoziazio kolektiboan aurrera egin nahi dugula; ez dugu etsiko eta Jaurlaritzak lan egiten jarraitu du hori lortzeko baldintzak sortzeko», gehitu du.

Lehendakariak babesa agertu die euskal enpresei, eta eskatu die ahaleginak egin ditzatela langile gazteak hartzeko; hartara, lehiakorragoak izan daitezen. Urkulluk ez ditu ahaztu okerren dauden sektoreak, tartean, siderurgikoa. Ildo horretatik, azpimarratu du Eusko Jaurlaritza Europako erakundeen eta Espainiako Gobernuaren aurrean defendatuko duela sektore hori. Horri lotuta, Rajoyren jarduneko gobernuaren jarrera kritikatu du. «Espainiako Gobernuak ez du une honetan Industriako ministrorik, ez du bere jarrera defendatzen Europan, ez du ekonomia produktiboaren alde lan egiten; beraz, sakrifikatu egiten ditu bere industria eta bere etorkizuna», adierazi duenez.

CEBEKek enpresaburuen topaketa bat antolatu du batzar nagusiaren barruan: «Hazteko eta enplegua sortzeko baldintzak» izenekoa. Enpresa-jarduera hobetzea eta enplegu egonkorra sortzea ekarriko dituen hazkunde ekonomia gertatzeko baldintzak izango dituzte hizpide topaketan.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2016.eko maiatzak 11

    Comentario de Twitter:
    #AsambleaCEBEK @iurkullu ha asistido a la asamblea general de la Confederación Empresarial de Bizkaia, @Cebek_➡ https://t.co/5zL2YqHgIq

  • @Gob_eus
    2016.eko maiatzak 11

    Comentario de Twitter:
    Lehendakaria Bizkaiko Enpresaburuen Konfederazioaren @Cebek_ batzar nagusian izan da ➡ https://t.co/Xv0PadwiFJ https://t.co/O7aTayBgMc

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)