Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria Euskararen Aholku Batzordearen bileraren buru izan da

2016.eko maiatzak 11
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Euskararen Aholku Batzordeak bere egin ditu gaur arratsaldeko osoko bilkuran aurkeztu diren hiru dokumentu

Iñigo Urkullu lehendakaria buru zela Euskararen Aholku Batzordeak osoko bilkura izan du gaur arratsaldez Gasteizen, Lehendakaritzaren egoitzan. Ekitaldian Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriartek eta Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak ere parte hartu dute, Batzordeko gainerako kideez gain. Hizkuntza-normalizazioan diharduten erakunde publiko nahiz pribatuen ahaleginak eta ekintzak aztertu, bideratu eta koordinatzea da Euskararen Aholku Batzordearen eginkizun nagusia.

Euskararen Aholku Batzordeak Eusko Jaurlaritzako hainbat sail eta erakunderen ordezkariez gain (Ogasun eta Finantza Saila, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Hezkuntza Sailburuordetza, HABE, EITB, IVAP), EAEko hiru foru aldundien, Euskaltzaindiaren eta Eudelen ordezkariak ere biltzen ditu, 40 aditu eta Eusko Legebiltzarrak proposaturiko 5 kiderekin batera.

Lau izan dira bileran aztergai nagusiak:

‘Eta hemendik aurrera zer?’ dokumentua aztertu da. Hauxe da Euskararen Aholku Batzordeak bere egin duen dokumentuetako bat.  Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) delakoaren diagnostikoan sakontzeko AMIA dokumentuaren eztabaidaren ondoren, Euskara 21 Batzordearen aurrean, hainbat kidek hala eskatuta, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak konpromisoa hartu zuen “eta orain, 15-20 urteko perspektiban, zer?” galderari erantzun bat emango zion txostena idazteko. Konpromiso hura betetzera zetorren txostena egin zuen Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Euskararentzat nahi dugun etorkizunaz gogoeta jasotzen du dokumentuak, eta hizkuntza hitzarmen sozial eta politikoa indarberritzeko zutabe nagusiak eta lehentasunen marko bat proposatzen ditu. Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak oinarrizko dokumentua aurkeztu zuen Euskara 21 Batzordeak 2015eko uztailaren 10ean eginiko bilkuran. Oinarrizko dokumentua aurkeztu ondoren, ekarpenak egiteko aukera eman zen. Honela, eztabaidarako irekia egon den dokumentu berezi eta berritzaile honek hainbat ekarpen jaso zituen, bai zenbait Euskara 21eko batzordekidek eginak, baita batzordekide ez den hainbat adituk idatziak ere. Guztira, 34 ekarpen jaso zituen dokumentuak. Hizkuntza Politikarako sailburuordearen oinarrizko testuari batzordekideek eta gainerako ekarpengileek egindako proposamenak gehitu zitzaizkion eta dokumentu definitiboa osatu zen. Dokumentua bere egin zuen, aho batez,  apirilaren 29an, Euskara 21 Batzordeak.

‘Gu gazteok ikerketaren laburpen txostena eta lan-ildoen proposamena aurrera begira’ dokumentua aurkeztu eta eztabaidatu da, eta hau ere bere egin du EAB-k.Zein da gazteen errealitatea eta egunerokotasuna?; zein iritzi dute euren gizarteaz, euren testuinguruaz?; zer esaten dute euren buruei buruz?; nola definitzen dute euren burua gazte euskaldunek?; zer hizkuntzak erabiltzen dituzte, nola?; zer diote hizkuntzei buruz?. Gaur aurkeztu den dokumentu honetan galdera horien erantzun batzuk jaso dira zenbait gazteen ahotik. Laburpen txosten hau “Gazteak ikerlari, gazteekin egindako ikerketa partehartzailea” izeneko ikerketa lanaren emaitza da. 2015eko irail eta 2016ko otsail artean 12 eta 14 urte bitarteko ehun nerabeekin burutu zen euren egunerokotasuneko praktikak, identitateak eta bizipenak jasotzeko eta hizkuntzarekin harremanetan jartzeko. Nerabeen ahotsak entzun dira, beraiekin solasaldiak izan dira eta euren hizketaldien lekuko izateko aukera egon da. Lan hau, beraz, gazte hauen hizkuntza-esperientziaz blai dago, helburua gazteen eta hizkuntzaren arteko harreman hori gazteen errealitatean eta “izaeran” kokatzea izan baita. Lan hau Euskara Aholku Batzordeko Gazteriaren Batzorde-atal Bereziaren eskariz egindako lan bat da.

‘Euskarazko IKTak: gomendioak herri-aginteentzat’ dokumentua aurkeztu eta eztabaidatu da: Lan luze hau Euskararen Aholku Batzordeko IKT Batzorde-atal Bereziak onartu du, eta ondoren EABk bere egin. Izenak dioen bezala, lanaren helburua da IKTetan eta Interneten euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko herri-aginteei gomendioak egitea. IKT Batzorde-atal Bereziari, besteak beste, honako eginkizun hauek aurreikusten zaizkio:

  • Euskarazko IKTen gaineko datuen bilketa sistematizatua antolatzeko irizpideak finkatzea.
  • Interneten euskarazko edukiak areagotzeko ekimenak eta lehentasunak zehaztea.
  • Euskarazko tresna teknologikoak sortu eta sustatzeko  lehentasunak finkatzea.
  • Euskarazko IKTen ikusgarritasuna zabaltzeko bideak definitzea.
  • IKTetan euskara garatzera zuzendutako diru-laguntzen deialdia hobetzeko proposamenak aztertzea.

- Horiez gain,‘Euskararen gaineko diskurtso partekaturako zoru komunaren oinarriak’ dokumentuaren berri eman da. EGOD (Euskararen Gaineko Oinarrizko Diskurtsoak) egitasmoaren barruan egindako ikerketa horietako informazioa landuz, Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak diskurtso ezberdinen arteko intersekzioa izan litekeenaren eduki zehatzak definitu zituen. Intersekzio hori izan daiteke, hain zuzen ere, euskararen gaineko diskurtso partekaturako zoru komunaren oinarria.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2016.eko maiatzak 11

    Comentario de Twitter:
    [EUSKARA] Lehendakaria Euskararen Aholku Batzordearen bileraren buru izan da ➡ https://t.co/EMyEqSLfQ0
    https://t.co/O6bhejpCXb

  • @Gob_eus
    2016.eko maiatzak 11

    Comentario de Twitter:
    [EUSKARA] El lehendakari ha presidido la reunión del Consejo Asesor del Euskera ➡ https://t.co/f4rF22R0wu

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)