Berriak
Eu

Memoria Plaza ekimen ibiltaria Eibarrera helduko da

2016.eko maiatzak 10

 Erakusketa ikusgai egongo da  Untzaga Plazan maiatzaren 16tik 22ra. 

Miguel de los Toyos Eibarko alkateak eta Aintzane Ezenarrok Gogora Institutuaren zuzendariak, Memoriaren Plaza Eibarren izango duen programazioa aurkeztu dute. Herritarrek parte hartzeko proiektu bat da; helburua da Euskadin azken urteotan gertatutakoei buruzko lekukotzak biltzea eta azaltzea, memoria plural eta partekatu bat eraikitzeko asmoz.  Erakusketa egongo da  Untzaga Plazan maiatzaren 16tik 22ra. 

Aurkezpenean Miguel de los Toyos alkateak hauxe adierazi du: “Eibarko Udalak urte asko darama memoria historikoaren arloa lantzen, eta  beti egin du ihes gorrototik eta mendekutik, justiziaren eta aitortzaren bidea jorratuz." 

“Gerrako umeak” bezalako proiektuak garatu ditugu, ikerketa sakon bat abian jarri ondoren ondutako proiektua, Eibartik atera eta Ingalaterra, Belgika, Frantzia edo Errusiara bidali ziren Eibarko 208 ume haien izenak eta ibilbidea aztertuz, gure herriko kaleetan ume haien argazki erraldoiak jarri eta hain ezaguna ez zen gure herriko historiaren atal hori jendeari ezagutarazteko erakusketa kalean bertan eginda.  Joan zen urtean, Arraten Eibarko Gerra Zibilaren Interpretazio Zentroa ireki genuen, gerra sasoian gure herrian gertatu zena hiritarrei ezagutarazteko. 

Ildo horri jarraitu nahi diogu, eta gure ustez, “Memoriaren Plaza” aukera ezin egokiagoa da iraganean egindako hutsune eta errakuntzak etorkizunean berriro ez egiteko." 

HELBURUAK

Lau xede ditu Memoriaren Plaza proiektuaren fase ibiltariak:

-        Memoria jendarteratzea eta partekatzea, erakusketa baten bitartez, eta guztion artean eraikitako gogoeta sustatzea.

-        Herritarrei beren memoria-lekukotza uzteko espazio bat eskaintzea.

-        Memoriak udalerrien eremuan lantzea, eta dinamikak sustatzea iraganari buruzko gogoeta kritikoak partekatzeko.

-        Gogora Institutua ezagutaraztea eta herritarrengana hurbiltzea. 

ERAKUSKETAGUNEA

 Honako gune hauek izango ditu:

-        Lekukotzak grabatzeko eremua: erakusketara bertaratutakoek beren memoria-lekukotza in situ grabatzeko aukera izango dute.

-        Lekukotzen bideoak: Gerra Zibilaren nahiz 107/2012 Dekretuaren babespeko frankismoaren biktimen memorien lekukotzak entzun ahal izango dituzte, bai eta terrorismoaren biktimenak ere.

-        Proiekzio eta debate eremua: zenbait dokumental proiektatuko dira eta mahai-inguru batzuk antolatzea aurreikusi dute.

-        Mezuen hormairudia: bertaratzen direnek beren mezua hormairudian idatzi ahalko dute. 

PROGRAMA

Aintzane Ezenarrok Memoria Plazaren  Eibarren programazioa azaldu du:

 Maiatzaren 16an, 18:00etan: Erakusketaren irekiera ekitaldia. 

Maiatzaren 17ean, 19:00etan:“Eibarko memoria hurbila”.Alkate-ohien eta alkatearteko mahai-ingurua. 

Maiatzaren 19ean, 19:00etan: Eibarko memoria historikoari buruzko itzaldia.Jesus Gutierrez.Historiagile. 

MEMORIA PLAZAREN AURREKARIAK

Memoriaren Plaza 2015eko ekainean hasitako ekimen bat da. Batetik, herritarren zuzeneko testimonio eta emozioak biltzean datza; bestetik, memoriari buruzko elkarrizketa bat hastea hainbat eztabaida taldeen artean. Orain arte, erakusketa ibiltari hori Bilbon, Durangon, Tolosan eta Gasteizen egon da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Miguel de los Toyos, alcalde de Eibar