Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Euskadiren Asteari hasiera emango dio Euskadiren errealitatea “hobeto” ezagutzera emateko

2010.eko irailak 26

Lehendakaria Euskaditik Txinara joan diren kazetariekin bildu da

Bihar hasiko da lehendakari batek Txinara egingo duen lehenengo bisita ofiziala. Zehazki, Shangai izango da aste honetan Eusko Jaurlaritzak eta “Asiako erraldoian” askotariko interesak dauzkaten Euskadiko 70 enpresak burutuko duten erakunde- eta enpresa-misioak aste honetan gauzatuko dituzten jardueren gune nagusia. Patxi López lehendakariak bihar Shangaiko Nazioarteko Erakusketan hasiera emango dio Euskadiren Asteari; Euskadiren errealitatea “hobeto” ezagutzera emateko, euskal enpresentzat “merkatu berriak irekitzeko”, Euskadira Txinatik inbertsioak iristea lortzeko eta Euskadik Txinako sektore turistikoan “toki bat izatea lortzeko” aukera bikaina izango da. Bidaia honen bidez, Gasteizko gobernuak nazioartekotzearen eta Euskal Herriko enpresa, merkataritza ganbera eta sektore ekonomikoekin batera lan egitearen alde egiten duen apustua berretsiko da.

Lehendakaria buru duen misio instituzionala gaur goizean iritsi da Shangaira. Lehendakariaz gain, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo saileko kide batzuk joan dira, hala nola Bernabé Unda eta Pilar Zorrilla Turismo sailburuordea, baita Guillermo Echenique eta Kanpo Harremanetarako idazkaritza nagusiko beste kide batzuk ere. Horiekin batera merkatu txinatarrean interesak dauzkaten 70 euskal enpresatako 100 ordezkari baino gehiago ere joan dira.

Lehendakariak topaketa bat egin du Euskaditik Shangaira joan den prentsarekin eta misio honen jarduerak hiru esparru barne hartuko dituela gailendu du eta Expoan Euskadiren “alderdi erakargarriak” erakutsiko direla, erakundeen ordezkariak “aliantzak” lortzen saiatuko direla eta enpresa arloan “negozio aukerak bilatuko” direla azaldu du. Turismoaren arloa ere ez da ahaztu behar, izan ere, Euskadik Txinan “toki” bat izatea lortu nahi du, Euskadiren eskaintza bat baitator klase turistiko txinatar berriaren eskaerekin, kultura, tradizioa, historia, gastronomia eta modernitatea eskaintzen dira eta.

Zereginez betetako agenda

Bisita ofiziala irailaren 27an, astelehena, hasiko da Shangaiko 2010eko Expoan, nagusiki euskal moda eta sukaldaritza jorratuko dituen Euskadiren Astearen inaugurazioan, eta nazioartean presentzia handiena duten sektoreetako bi bilduko dira, hots, moda eta gastronomia, Expoan Euskadiren Asteari hasiera emango dion ekitaldi batean. Han, bost chef ospetsuk eta Euskadiko bost diseinu-enpresak sortzaile bikote bihurtuko dira Euskal Herria “abangoardia, modernitate eta sormenezko” herrialde gisa ezagutzera emateko.

Juan Mari Arzak, Martín Berasategui, Pedro Subijana, Andoni Luis Aduriz eta Eneko Atxa Azurmendik beren platerik onenak prestatuko dituzte Alicia Rueda, Ion Fiz, la firma Jota+Ge (Juana Ruíz eta Garbiñe Urdampilleta), Mercedes de Miguel eta Ian Mosh-en diseinuak soinean daramatzatela. Euskal moda eta gastronomia uztartuko dituen ekitaldia Shangain gauzatuko da Gran Hoteleko Jardunaldi Gastronomikoetan. Bi ekitaldien artean, lehendakariak “Txinara hurbilketa tokiko esperientziatik” enpresa-jardunaldian parte hartuko du. Asteartean euskal ordezkaritza Kunshan-go MCCren enpresa-parkera joango da eta han, lehendakariak eskualde garrantzitsu horretan instalatuta dauden lau kooperatiba lantegiak bisitatuko ditu. Kunshango eskualdearekin lankidetza hitzarmen bat sinatu ondoren, Shangaiko Expoan Euskadiren Astea egingo dela eta, lehendakariak harrera-ekitaldi ofizial bat zuzenduko du.

Hirugarren egunean lehendakariak CEIBS Negozio Eskola entzutetsuan hitzaldi bat emango du Wang Jianmao irakaslearekin batera. Handik, lehendakaria Jiangsu-ra joango da gobernadorearekin biltzera. Bilera horren helburua “probintzia horrekin harremanak izaten hastea da ekonomia eta enpresa sektoreen elkartrukea eta ezagutza sustatzeko, Txinako eskualderik oparoenetako bat baita”.

Zereginez beteta egongo den bisita honetan, lehendakaria ostegunean Expora itzuliko da Bilboren standa ikustera eta bertan, Iñaki Azkuna Bilboko alkatea egongo da. Arratsaldean lehendakaria eta Eusko Jaurlaritzaren gainerako ordezkariak Shangaiko euskal extrako kideekin bilduko dira.

“Ez da onargarria”

Shangaiko erakunde- eta enpresa-misioaz gain, lehendakariak ETAren azken agerraldi publikoa baloratu du eta ez duela “inolako ekarpen berririk egin” adierazi du. "Talde terrorista batekin negoziatu ezin diren baldintza batzuei buruz mintzatzen dira”, azpimarratu du lehendakariak eta Gernikako adierazpena sinatu zutenei taldeari su-eten soil bat egin beharrean behin betiko desager dadila exijitzeko eskatu die.“ETAk berak bakarrik eman behar duen pausoa desagertzea da”, azpimarratu du.

Lópezek “frustraziora soilik daramaten bideetara jotzeari” uzteko eskatu dio eta “pilota behin eta berriro Zuzenbide Estatuaren teilatuan jarri nahi dutenak” salatu ditu, “ETAren teilatuan soilik baitago”. “Ez da onargarria”, erantsi du.

Indarkeriaren behin betiko etenaldiaren ostean egin beharreko urratsei buruz Iñigo Urkulluk egin dituen adierazpenei erantzunez, lehendakariak “politika fikzio” jokorik egiteko aukera baztertu du eta elkarrekin "ETAri desagertu behar duela esaten jarraitzearen" alde agertu da, “hori oso-oso garrantzitsua da, demokraton indarra baita terroristen ahulezia”, azaldu du.“Hori zaindu behar dugu”, erantsi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria