Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Jaurlaritza EH Bilduk eta PSE-k erizainen preskripzioa Euskadin arautzeko aurkeztutako ekimenaren alde agertu da, baina ez dela osoa ohartarazi du (Gobernu Bilera 2016-05-10)

2016.eko maiatzak 10

Proposatu den arau berriak ez du barne hartzen produktu sanitarioen eta sendagaien preskripzioa, medikuak preskribatu beharrekoak direnean, eta erizain pribatuen jarduera ere ez du aipatzen.

Gobernu-kontseiluak aldeko irizpena eman du gaur EH Bilduk eta Euskal Sozialistak legebiltzarreko taldeek proposatutako EAEko Osasun-sistema publiko eta pribatuko prestazio farmazeutikoaren esparruan erizainen jarduera arautzeko lege-proposamenaren aurrean.

Hala ere, Eusko Jaurlaritzak ohartarazi du proposamena ez dela osoa. Honako bi arrazoi hauek aipatu ditu:

  • Aplikazio-esparrua mediku-preskripzioaren mende ez dauden produktu sanitario eta sendagaietara mugatzen du. Hala ere, Jaurlaritzaren iritzian, Euskadiko erizainak gaituta egon behar dira mediku-preskripzioaren mende dauden sendagaiak ere preskribatzeko, betiere aurrez adostutako eta onartutako protokoloak jarraikiz egiten badute.
  • Osasun-sistema publikoan lan egiten duten erizainen jarduera baizik ez du arautzen; Jaurlaritzaren iritzian, esparru pribatuko jarduketa ere barne hartu beharko luke.

Gainera, Jaurlaritzak legebiltzarreko bi talde horiei gogorarazi die beraien proposamenak ez duela kontuan hartzen sendagaiak eta produktu sanitarioak preskribatzeko beharrezkoa den aurretiazko gaikuntza (urriaren 23ko 954/2015 Errege Dekretua). Horrenbestez, preskripzioa ezingo da gauzatu, harik eta EAEko erizainek egiaztagiria lortu arte. 

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak gogora ekarri nahi du EH Bilduren eta PSEren proposamen berri hori martxan harri aurretik zenbait lege-garapen gauzatu beharko direla, tartean, errezeta elektronikoetan eta paperezko errezeta-liburuxketan indarrean dauden aplikazio eta prozedura motak eguneratzekoa. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko