Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintza Alemaniako poliziarekin elkarlanean arituko da Berlingo Final Fourrera doazen zaleen segurtasuna bermatzeko

2016.eko maiatzak 09

Bilerak egin dira segurtasuneko eta antolakuntzako arduradunekin

Ertzaintza Berlingo poliziarekin elkarlanean arituko da datozen egunetan Berlinen egingo den eta Laboral Kutxa Baskoniak jokatuko duen saskibaloiko Euroligaren Final Fourrera doazen baskoniazaleen segurtasuna bermatzeko. Milatik gora baskoniazale joango dira Alemaniako hiriburura, batez ere datorren asteazkenetik aurrera.

Maiatzaren 13tik 15era bitartean da jokatzekoa Berlinen saskibaloiko Euroligaren Final Fourra, Laboral Kutxa Baskoniaz gain, Moskuko CSKA, Fenerbahce eta Kubaneko Lokomotiv lehiatuko direna. Baskoniazaleen segurtasuna bermatzen laguntzeko, Ertzaintza Alemaniako poliziarekin, antolatzaileekin eta klubekin harremanetan egon da, eta partidak jokatuko diren Mercedes Benz Arenako, inguruetako eta sarbideetako segurtasuneko alderdien prestakizunetarako bileretan parte hartu du.

Zaleak bilduko diren fan-zonea Alexanderplatzen egongo da. Bertatik Mercedes Benz Arenara joateko asmoa duten zaleei gogorarazi nahi zaie kiroldegiko ateak lehen partida jokatu baino bi ordu lehenago irekiko direla. Sarrera astiro joango da, pertsona guztien gorputz-miaketa egingo delako. Horrenbestez, aurrerapenarekin bertaratzea komeni da, partida hasi aurretik kontrolak igaro ahal izateko.

Pabilioiaren barnean, debekuak ohikoak izango dira, Buesa Arenakoak kasu, baina, gainera, debekatuta egongo dira megafonia-gailuak, mezu biolentoak, arrazistak edo xenofoboak dituzten pankartak, aterkiak, objektibo desmuntagarriak dituzten argazki-kamerak eta 1,5x5 metroko pankartak baino handiagoak.

Ertzaintzako hainbat agente egongo dira pabilioian, Alemaniako poliziarekin koordinatuta jarduteko euskal zaleei eragin diezaiekeen guztian.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau