Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Ana Oregik Legebiltzarreko batzordean azaldu du Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen berrikuspen-prozesua

2016.eko maiatzak 12
  • Sailburuak berak eskatuta emandako agerraldia, berrikusteko partaidetza-prozesuaren berri emateko
  • Lurralde-eredu adimentsu, jasangarri, sozial, orekatu, elkarlotu eta parte-hartzailea proposatzen du Euskadirentzat

VG 16 05 11

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregiren iritzian, «Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak berrikusteko prozesu parte-hartzailea aitzindaria da, hala eskalagatik –autonomia-erkidego osoa barne hartzen du– nola parte-hartzearen alde egindako apustuagatik, gobernantza eta lurralde-kultura berria sustatzeko funtsezko elementua den aldetik».

 

Gaur arratsaldean egin du Oregik Legebiltzarreko batzordearen aurreko agerraldia, Eusko Jaurlaritzak hasitako prozesua azaltzeko. «Ez da sekula gauzatu munta honetako partaidetza-prozesurik lurralde-antolamenduan; parte-hartzeko hainbat aukera eskainiko dira, gizartean erantzun zabala izango dutenak», nabarmendu du.

 

«Hala, prozesuaren xede nagusia da Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen berrikuspenak parte-hartze prozesuaren ekarpenak jasotzea, pertsona eta eragile parte-hartzaile guztien artean lurralde-estrategia partekatua ezartzeko», azaldu du Ana Oregik.

 

2015eko uztailaren 27an, Eusko Jaurlaritzako kontseiluak Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak (LAG) berrikusteko prozedura abiaraztea erabaki zuen, eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari agindu zion berrikuspena gidatzeko eta prestatzeko ardura.

 

Erabaki haren bidez, Eusko Jaurlaritzak dokumentu bat prestatzea planteatu zuen: oinarri-dokumentua, Administrazio eta Lurralde Plangintzaren Sailburuordetzako zerbitzu teknikoek beraiek egindako dokumentu teknikoa. Dokumentu tekniko horretan, parte-hartze mahaian proposatuko diren hasierako edukiak zehazten dira.

 

Bertan, lurralde-eredu adimentsu, jasangarri, sozial eta orekatua, barne-lotura sendokoa eta parte-hartzailea proposatzen da Euskadirentzat, bai eta indarrean dauden Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetatik eratorritako kontzeptu-oinarriak ere, lehen berritzaileak zirenak baina dagoeneko ondo errotuta daudenak, hala nola klima-aldaketa, paisaia, azpiegitura berdea, ekosistema-zerbitzuak nabarmentzea eta ebaluatzea, genero-ikuspegia, osasuna, irisgarritasuna, euskara, immigrazioa, parte-hartzea eta gobernantza ona.

 

«Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen berrikuspenak 3 urte irautea espero da, eta administrazio-izapideen mugarri nagusiek (abian jartzea, aurrerapena, hasierako onarpena eta behin betiko onarpena) azaroan egin ohi den Euskal Hiria Kongresuaren hurrengo hiru edizioekin bat egingo dute», zehaztu du Oregi sailburuak.

 

Parte-hartze mota

Erakundeen partaidetza batez ere Lurralde Antolamendurako Gidalerroak berrikusteko bi ponentzia teknikoren bidez ari dira mamitzen: batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordea, eta, bestetik, EAEko Lurralde Politikako Aholku Batzordea.

 

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordearen ponentzia teknikoan Eusko Jaurlaritzak, hiru foru-aldundiek, Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak eta Espainiako Gobernuaren ordezkariek parte hartzen dute; urtarrilaren 13an, otsailaren 17an eta apirilaren 13an elkartu dira, eta berriro elkartuko dira maiatzaren 19an, ekainaren 22an eta irailaren 21ean.

 

EAEko Lurralde Politikako Aholku Batzordearen ponentzia teknikoari dagokionez, Jaurlaritzaren sailek parte hartzen dute, bai eta sail bakoitzeko adituek ere. Urtarrilaren 27an eta apirilaren 20an elkartu dira, eta maiatzaren 27an, uztailaren 1ean eta irailaren 29an ere elkartuko dira.

 

Herritarren parte-hartzeari dagozkion alderdiak Ingururekin elkarlanean aritu den Paisaje Transversal enpresarekin sinatutako laguntza teknikorako kontratuan jaso dira. Gizarte-partaidetza bi esparrutan banatuko da: batetik, teknikoa, eragileei eta kolektiboei lotua, eta bestetik, herritarrena, EAEko herritarren parte-hartze zabal eta banakakoari lotua.

 

Aurrez aurreko parte-hartzean, 15 eremu funtzionaletan partaidetza-tailer bana egingo da maiatza eta ekaina bitartean, eta gutxienez 16 bilera egitea aurreikusi da; lehena, Zallan, datorren maiatzaren 16an. Zehazki, maiatzean, bilera hauek egingo dituzte: 16an, Zallan; 21ean, Donostian; 25ean, Beasainen; eta 30ean, Durango. Aurrez aurreko bileren datak modu egokian iragarriko dira eta horiei buruzko informazio eguneratua eskainiko da webgunean.  

 

Irekian, eztabaidetarako, ekarpenetarako eta inkestetarako kanalak eskainiko dira parte-hartze digitala gauzatzeko. Hau da gaitutako webgunea; http://www.euskadi.eus/revision-dot 

 

 

 

 

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2016.eko maiatzak 12

    Comentario de Twitter:
    Ana Oregik Legebiltzarreko batzordean azaldu du Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen (LAG) berrikuspen-prozesua ➡ https://t.co/NyRWsxMXzR

  • @Gob_eus
    2016.eko maiatzak 12

    Comentario de Twitter:
    Oregi explica en comisión parlamentaria el proceso de revisión en las Directrices de Ordenación del Territorio-DOT ➡ https://t.co/E7Kr514z93

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)