Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

‘Eta hemendik aurrera zer?’ dokumentu definitiboaren aurkezpena Donostian

2016.eko maiatzak 05

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak egindako hasierako txostenetik abiatuta, ekarpen ugari  jasoaz osatu da gaur goizean aurkeztutako dokumentua

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak ‘Eta hemendik aurrera zer?’ dokumentu definitiboaren aurkezpena egin du gaur goizean Donostiako Carlos Santamaria Zentroan. Izan ere, ‘20 urteko perspektiban, zer?’ galderari erantzun bat eman nahi dion dokumentua da gaur aurkeztu dena. Dokumentuak euskararen garapen iraunkorraz dihardu eta euskararentzat nahi dugun etorkizunaz gogoeta jasotzen du.

Euskararen Aholku Batzordearen Euskara 21 Batzordeak aho batez bere egin zuen aipatu dokumentua, apirilaren 29an eginiko bilkuran. Beraz, eta Patxi Baztarrikak aipatu bilkuran adierazi zuenez, “dokumentu hau, gaurtik aurrera, ez da Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarena soilik, baizik eta Euskara 21 Batzordearena ere bada”. Horren ondorioz, Euskara 21 Batzordeko 24 kidek hartu dute parte, Patxi Baztarrika sailburuordearekin batera, dokumentuaren aurkezpenean.

Aurkezpenean parte hartu dute, besteak beste: Kike Amonarrizek, Jorge Gimenezek, Martin Auzmendik, Jasone Cenozek, Maite Etxanizek, Ramon Etxezarretak, Lionel Jolyk, Mertxe Mugikak, Carlos Ruizek, Itziar Nogerasek, Iñaki Ugartek, Kirmen Uribek, Iñaki Etxezarretak, Odile Kruzetak, Ana Urkizak, Iñaki Martinez de Lunak, Xabier Erizek, Lorea Bilbaok, Mikel Irizarrek, Ana Castrok, Elena Lakak, Mikel Pagolak eta Eneko Oregik.

Aurrekariak:

Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) delakoaren diagnostikoa sakontzeko AMIA dokumentuaren eztabaidaren ondoren, Euskara 21 Batzordearen aurrean, hainbat kidek hala eskatuta, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak konpromisoa hartu zuen “eta orain, 15-20 urteko perspektiban, zer?” galderari erantzun bat emango zion txostena idazteko. Konpromiso hura betetzera zetorren txostena egin zuen Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Euskararentzat nahi dugun etorkizunaz gogoeta jasotzen du dokumentuak, eta hizkuntza hitzarmen sozial eta politikoa indarberritzeko zutabe nagusiak eta lehentasunen marko bat proposatzen ditu.

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak oinarrizko dokumentua aurkeztu zuen Euskara 21 Batzordeak 2015eko uztailaren 10ean eginiko bilkuran. Oinarrizko dokumentua aurkeztu ondoren, ekarpenak egiteko aukera eman zen. Honela, eztabaidarako irekia egon den dokumentu berezi eta berritzaile honek hainbat ekarpen jaso zituen, bai zenbait Euskara 21eko batzordekidek eginak, baita batzordekide ez den hainbat adituk idatziak ere. Guztira, 34 ekarpen jaso zituen dokumentuak. Ekarpen horiek aurkezteko aukera eman zitzaien ekarpengileei, 2015eko azaroan eta 2016ko urtarrilean Batzordeak eginiko bilera luze eta jendetsuetan.

Ekarpenetan jasotako ikuspuntuak, jakina, askotarikoak izan dira, ikuspuntuz zein asmoz, eta alor ezberdinetarako proposamenak planteatu dira, bai hainbat kontzepturen inguruan, baita dokumentuak proposatzen duen hurrengo urteetarako lehentasun markoari lotuak. Guztietan, ordea, aintzat hartu dira dokumentuaren pertinentzia, egokitasun orokorra eta orientabide nagusiak, eta adostasun zabal baterako aukera eskaintzen duela aitortu dute ekarpengile gehien-gehienek.

Hizkuntza Politikarako sailburuordearen oinarrizko testuari batzordekideek eta gainerako ekarpengileek egindako proposamenak gehitu zaizkio, eta gaur aurkeztu den dokumentu definitiboa osatu da. Dokumentua bere egin zuen, aho batez,  joan den ostiralean Euskara 21 Batzordeak.

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak hau aipatu du prentsaurrekoan ondorio modura: “20 urte barru euskara biziagoa izango da zuhur jokatzen badugu eta herritarrok hala nahi badugu”.

Eta gehitu du: “Eskerrak eman nahi dizkiet mahaikide ditudan hauei guztiei. Ohore bat da hemen guztiokin batera egotea. Gaur aurkeztu dugun dokumentua argazki honek oso ongi azaltzen du”.

“Euskararen garapen iraunkorraren kontzeptua eta erabilerarena dira, seguru aski, dokumentu honetan planteatzen diren oinarrien ezaugarri garrantzizkoenetakoak. Gaur aurkeztu dugun dokumentua oso produktu ona, argia, zehatza, aurreratua eta bateratzailea da, zalantzarik gabe. Horrelako produktu bat sortzea posiblea izan da, batez ere, prozesua bera izan delako oso parte-hartzailea eta argigarria”, gehitu du.

“Dokumentu honek datozen 20 urteei begira garatu beharko litzatekeen, eta hemen gaudenok garatzera konprometitzen garen, hizkuntza politikaren oinarri sendoak finkatzen ditu”, azaldu du Baztarrikak.

“Dokumentuak oinarri eta helburu berdina du: adostasun sozial eta politiko ahalik eta zabalena lortzea gizartea bere osotasunean eta bere askotarikotasunean hartuta. Gure ustez, adostasun hori zenbat eta zabalago eta indartsuago izan, orduan eta oinarri sendoagoak izango ditugu datozen 20 urteetan euskara biziberritzeko prozesuari bultzada eraginkor eta sendo bat emateko”, aipatu du Baztarrikak. Eta gehitu du: “dokumentu hau gogoeta partekatu bat da. Kontsensuzko dokumentu bat da, alegia”.

“Dokumentu hau ausarta da. Ausarta da zein arlotan indar berezia jarri beharko litzatekeen apuntatzen duelako eta. Eta ausarta da ere euskara biziberritzen jarraitzeko ahalegin soziala, instituzionala eta norbanakoarena bilatzen dituelako”, azaldu du. “Jendearen protagonismoa nabarmendu nahi da dokumentu honetan”, gehitu du.

“Sektore publikoa, ekimen sozialaren sektorea eta sektore pribatua uztartzeko ahalegina bilatzen da, dokumentua bera egiteko prozesuan gertatu den bezala. Izan ere, dokumentua posiblea izan da lankidetzari, elkar aitortzeari eta elkar ulertzeari esker”, aipatu du sailburuordeak.

Sailburuordearen interbentzioa bukatuta, mahaikide batzuek hitza hartu dute. Mikel Irizarrek, adibidez, honakoa aipatu du: “Dokumentu hau euskararen aro berri baterako oinarria izan daiteke”. Xabier Erizek honakoa aipatu du: “20 urte barru, euskararen egoera herritarrek nahi dutena izango da”. Iñaki Martinez de Lunak hau esan du: “herritarrak adostasunerantz hurbildu behar dira ilusionatu ahal izateko”. Lorea Bilbaok ere hitza hartu du eta titular hau utzi du: “adostasuna euskararen etorkizunaren giltzarri”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Euskara 21 Batzordea