Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Gamesak Txinan dituen lau fabrikak, Makina Erremintaren Institutua, Fagor Automation eta Danobat bisitatu ditu Bernabé Unda jaunak

2010.eko irailak 25

Txinak Gamesaren (MW) guztizko salmenten % 30etik gorako salmentak bilduko ditu 2011n, eta horrek salmentak bi urtean bikoiztea ekarriko du, eta enpresak hirukoiztu egingo du bere inbertsioa Txinan.

Tianjingo Makina Erremintako Institutua AFM Makina Erremintako Makina- Fabrikatzaileen Espainiako Elkarteak bultzatzen du.

Txinan instalatu zen lehen euskal enpresatako bat da Fagor Automation enpresa.

Aurtengo 2010ean, Txinakoa izango da lehen merkatua Danobat enpresarentzat.

Sailburua bihar batuko zaio lehendakaria buru duen Shangairako merkataritza-misioari.

Txinan ezarritako euskal enpresa batzuei egindako bisitekin hasi du Asiako herrialde horretarako bidaia Bernabé Unda sailburuak. Gamesak Tianjin hirian dituen lau instalazioei egindako bisitarekin hasi da. Aurretik, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua aerosorgailuen fabrikazioan eta mantentzean munduko liderretako bat den konpainiako zuzendaritza-taldearekin bildu da. Gamesako arduradunek, halaber, adierazi diote konpainia horrek Txinan duen posizioa indartzen jarraitu behar dutela, Gamesak, 2011ra bitarte, hirukoiztu egingo baitu bere industria-inbertsioa Txinan, bere produkzio-zentroak zabaltzeko eta zentro horiek konpainiaren plataforma berrien garapenera egokitzeko.

Ondoren, sailburuak Makina Erremintaren Institutua -Makina Erremintako Makina- Fabrikatzaileen Espainiako Elkarteak (AFM) zuzendutako proiektu bat- bisitatu du. Institutu horretako kide gehienak Euskadin daude. Hortik Mondragón Taldearen bi konpainiatara abiatu da: Fagor Automation eta Danobat. Sailburua, bihar, Shangaira joango da Patxi López lehendakaria buru den merkataritza-misioan parte hartzera. Misio horri 70 euskal enpresak baino gehiagok laguntzen diote.

Gamesak 2009. urtera bitarte 42 milioi euroko inbertsioak egin zituen herrialde horretan, baina aurreikusten du bi urtean 90 milioi baino gehiago inbertituko duela, inbertsio metatuko 130 milioi euro baino gehiago gehienez, alde batetik, Asiako herrialdeko sektore eolikoaren eskaera gero eta handiagoari erantzuteko, eta, bestetik, G9X -2,0 MW, G10X-4,5 MW eta offshore plataforma berrien epe ertaineko tokiko produkzioari erantzuteko. Euskal enpresaren helburuen artean Txinako sektorearen bost "player" nagusietako bat izatea da.

Aurreikusten da 2011n Txinako merkatuak Gamesak mundu osoan saltzen dituen MW guztien % 30 baino gehiago biltzea, eta horrek ekarriko du salmentak ia bikoiztea bi urtean -800 MW-1.000 MW-, aurreikusitako azken kopuruen arabera.

Gamesako zuzendariek sailburuari esan diote enpresa horrek Txinan parke eolikoen sustatzaile gisa ere jarduten duela, herrialde horretako enpresa elektriko nagusiekin batera garatzen duen lehiakortasun-abantaila bat izanik. Gamesak, 2010eko ekainean, garapen-fase desberdinetan zegoen 2.675 MWko parke-zorro bat zeukan Txinan, eta kopuru hori 3.185 MWra igo da azken bi hilabete hauetan.

Gamesak lau produkzio-fabrika ditu Tianjinen, konpainia horrek Espainiatik kanpo duen produkzio-base handiena, eta base horretan dago mundu osoko aerosorgailu-fabrikatzaile kopuru handiena. Besoen, sorgailuen eta biderkatzaileen fabrikazio-instalazioak ez ezik nacelleen muntaketa-instalazioak ere bisitatu dira. Sailburuari esan diote konpainia seigarren produkzio-zentroa eraikitzen hasiko dela Asiako herrialde horretan, barne Mongoliako probintzian, Txinako eremu eoliko nagusietako bat. 2011n jardunean hasiko den zentro horrek G8X-2 MW aerosorgailuaren nacelleen muntaketak egingo ditu, eta urte bakoitzeko 500 MWko produkzio-gaitasuna izango du.

Gamesak 2000. urtean saldu zuen Txinan bere lehen aerosorgailua, Gansu probintzian, eta, guztira, 2.000 aerosorgailu baino gehiago saldu ditu. Gamesak 1.100 langiletik gorako plantilla du herrialde horretan. 

Makina Erremintaren Institutura egindako bisita 

Gamesako instalazioak bisitatu ondoren, sailburua Tianjingo Makina Erremintaren Lanbide Heziketako Espainiar-Txinatar Institutura (CSMC) joan da. Zentro hori 2003ko azaroan inauguratu zen eta Txinan, bereziki Beijing-Tianjingo eremuan (herrialde horretako industria-eremu nagusietako bat) ekintzak egiteko interesa duten enpresentzako plataforma bat da.

Institutu horren zuzendarikidea José Ignacio Artamendi da, eta gure enpresei Txinan laguntzen zazpi urteko esperientzia du. 2008. urteaz geroztik, Makina Erremintaren Fabrikatzaileen Espainiako Elkartean (AFM) sozietate elkartuei zerbitzua ematen dien sail bat dago, 'Business & Development Spanish Department' izenekoa, eta Artamendik berak prestatutako lau pertsonatako talde batek osatzen du sail hori.

CSMCk AFMren kide diren eta Txinan ekintzak egiteko interesa duten enpresei bideratzen die bere eskaintza. CSMCk bezeroei eta lehiakideei buruzko informazioa bilatzen du, merkatuei eta hornitzaileei buruzko azterlanak egiten ditu, merkataritza-jardunaldiak eta -misioak antolatzen ditu, erakustaldiak egiten dizkie bezeroei, prestakuntza ematen du, agenteak eta banatzaileak hautatzen ditu, kalitate-kontrolak eta egiaztapenak egiten ditu, mekanizatuak azpikontratatzen ditu eta laguntza teknikoko zerbitzua eskaintzen du.

Prestakuntza makina-erreminten sektoreak aurrera egiteko eta hazteko zutabe estrategietako bat da. Sektorearen irudi teknologikoari oinarri-oinarritik prestigioa emateko eta makina-erreminten erabiltzaile berriak prestatzeko, AFMk, Proschools Partzuergoak eta Makina Erremintaren Institutuak (IMH) lanbide-heziketaren arloko hezkuntza-jakintza sortzen ari diren merkatuetara eramateko ekimenak gauzatzen dituzte. Horren ondorioz, abian dauden hainbat Institutu sortu dira (Espainiar-Txinatar Institutua eta Espainiar-Malaysiar Institutua, esaterako) baita garatze-fasean dauden proiektu berri batzuk ere.

Fagor, Txinako beteranoetako bat 

Arratsaldean, Beijingo inguruetan Mondragón Taldeak dituen bi instalaziotara bertaratu da sailburua. Korporazioko presidente José María Aldecoarekin eta presidenteorde Rafael Barrenetxearekin batera, azken hori makina-erremintako saileko arduradun ere delarik, Fagor Automation enpresaren instalazioak bisitatu ditu Bernabé Undak. Txinarekin merkataritza-eragiketak egiteko aitzindari izan zen enpresa hori (1987). 

Gaur egun, Beijingen du produkzio-instalazioa, 2004an inauguratua, bisualizadoreak, zenbakizko kontrolak eta kaptazio-erregelak fabrikatzeko. 60 lagun inguruko plantilla du guztira.

Danobat, Txinako merkatuarekin buru-belarri 

Danobat enpresak Txinan dituen instalazioak ere bisitatu ditu sailburuak. Mondragón Taldearen makina-erremintako saila biltzen du enpresa horrek, eta berriki inauguratu du laguntza teknikoko bulego bat Tianjinen. Merkataritza-bulego garrantzitsua du herrialdean, eta parte-hartze aktiboa izan du Tianjingo Makina Erremintaren Institutuan, eta Danobatgroup taldearen ekipoek garrantzi handia dute bertan.

Asiako herrialde horren alde egindako apustu irmoaren ondorioz, Txina izango da aurtengo 2010ean lehen merkatua Danobat enpresarentzat. Krisi globaleko urte honetan, eta bereziki Europan, nazioartekotzea eta Txinan merkatuak bilatzea bultzada garrantzitsua izan da Arrasateko kooperatibarentzat.

Tianjin, 2010eko irailaren 25a

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Bernabé Unda