Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

NPLD sarearen presidente eta Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrika Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Kartaren zuzendariarekin elkartu da Strasbourgen

2016.eko maiatzak 04

Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sare Europarraren (NPLD) presidente eta Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrika, Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Kartaren Zuzendari Sixto Molinarekin elkartu da, Europako Kontseiluko hizkuntza gutxituen arloko organo gorenari sarearen lanaren berri emateko. Bilerak -Europako Kontseiluak Estrasburgon duen egoitzan ospatu da- NPLD sarearen eta Europako instituzio honen arteko lehenbiziko harreman bat ezartzeko balio izan du. Baita Europako hizkuntza aniztasuna sustatzeko lanean etorkizunari begira bide berriak zabaltzeko ere. 

Baztarrikak NPLD sarearen helburuak azaldu ditu. Izan ere, sarearen helburu nagusia da Europako hizkuntza guztiak biltzen dituen eleaniztasun inklusibo bat bultzatzea, hizkuntzaren hiztun kopurua, pisu politikoa edota ofizialtasun maila kontutan hartu gabe. Baztarrikak, sareak gaur egun Europako Hizkuntza Aniztasunerako Bide Orriaren baitan burutzen ari den lanaren berri ere eman du.

Baztarrikaren hitzetan, “NPLD sarearendako, Bide Orria, datozen bost urteetarako iparrorratza izango da eta ikuspuntu berri bat ekarri nahi du Europako eleaniztasunari dagokionez. Hizkuntza guztiek, eta ez bakarrik Europar Batasuneko estatuko 24 hizkuntza ofizialek, Europa eraikitzen lagundu behar dute, berdintasun egoera batean. Izan ere, hizkuntza guztiek eleaniztasun alorrean Europa mailan egiten diren programa eta ekimen guztietan parte hartu beharko lukete. Gainera, gizarte kohesiorako eta europar kontinenteko bizitasun ekonomikorako ezinbesteko oinarriak izan behar dute. Komunitate linguistikoekin errespetuzkoa eta inklusiboa den ikuspuntu honekin bakarrik eraiki daiteke Europa komun bat”.

Baztarrikak Europako autoritateei bere kezka agertu die Nafarroan ETBren emisioa eten dutelako. Egoera honen aurrean, Baztarrikak, Europako Kontseiluko autoritateei esan die NPLD sareak gutun bat igorriko diola Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Kartaren Adituen Batzordeari egoeraren berri emateko. “Anomalia demokratiko grabea da Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Karta berretsi duen Espainia bezalako estatu batek, Nafarroan ETBren emisioa etetea”, esan du Baztarrikak. “Paradoxa handia da Karta berretsi gabe daukan Estatu frantziarrak arazorik ez jartzea Iparraldean ETB emititzeari eta Espainiak etengabe arazoak jartzea. Ez da ulertzen gizarte demokratiko batean”, gehitu du.

Bestalde, Sixto Molinak interes handia erakutsi du NPLD sareak egiten duen lana jarraitzeko. Bere borondatea erakutsi du sarearekin elkarlanean Europako hizkuntzen sustapena aurrera eramateko. Izan ere, bere ustez, Europako kontinentean hizkuntza guztiak klabeak dira gizartearen kohesiorako, ekonomiaren bizitasunarendako eta aberastasun pertsonal eta kolektiborako.

Zer da NPLD sarea?

Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sare Europarra (NPLD, ingelesez) hizkuntza konstituzionalez, eskualdeetako hizkuntzez edota estatu txikietako hizkuntzez osatutako sare europarra da eta eleaniztasun inklusiboa sustatzea du helburu. Mota askotako hizkuntzak hartzen ditu barruan: Maila europarrean eta estatu mailan ofizialak diren hizkuntzak, –irlandera edota suediera, adibidez-, maila erregionalean partekatutako ofizialtasun erregimenean erabiltzen direnak –euskara, galesera, katalana…- eta babes gutxiago dutenak –bretainiera eta okzitaniera, beste batzuen artean-.  

Nahiz eta heterogeneoak izan, NPLDko hizkuntza erkidego guztiek helburu komun bat duten hizkuntza txiki edota ertainak ordezkatzen dituzte. Helburu hau da Europako hizkuntza guztiak aintzat hartzen dituen eleaniztasun inklusiboa  sustatzea eta, euren estatusa edozein delarik ere, hizkuntza guztiek garapenerako eta aurrera egiteko aukera izatea.

NPLD sarea 2007an sortu zen eleaniztasunaren esparruan ahots europar bat izateko beharrak eraginik. Gaur egun, eskubide osoko 13 kide -gehien-gehienak gobernu erregionalak, organismo publiko erregionalak edota estatu gobernuak (Irlanda) dira- eta 22 kide asoziatu –Europako zenbait herrialdetako unibertsitateak edota eremu urriko hizkuntzen sustapenean lan egiten duten elkarteak dira- ditu.  

NPLD sareak aurrera eramango duen lana Europako Hizkuntza Aniztasunerako Bide Orriak markatzen du. Bide orri honen helburu nagusia da Europar Batasunaren hizkuntza aniztasunaren aldeko konpromisoa berrestea eta, segurtatzea, aldi berean, Europan erabilitako hizkuntza guztiek badituztela elkarrekin laguntza eta sustapena behar duten balio komunak.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @CamiladeEpalzaA
    2016.eko maiatzak 05

    Comentario de Twitter:
    Presidente @NPLD2020 Viceconsejero @Gob_eus @pxbaztarrika reunión con director @CoE_fr @Coe Carta Europea Lenguas https://t.co/XuSAvqp67v

  • @CamiladeEpalzaA
    2016.eko maiatzak 05

    Comentario de Twitter:
    @NPLD2020 presidente & @gob_eus Hizkuntza Politikarako sailburuorde @PxBaztarrika Eremu Urriko Hizkuntzen @coe_en https://t.co/dxX2iww9UZ

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)