Berriak Segurtasuna
Eu

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak «Segurtasuna eta Giza Eskubideak» Nazioarteko Biltzarra antolatu du, Bake eta Bizikidetzako Idazkaritzarekin lankidetzan

2016.eko maiatzak 04

2016ko Parez Pare jardunaldien barruan egingo da sinposioa

Bihar, osteguna, maiatzak 5, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan egingo den «Segurtasuna eta Giza Eskubideak» Nazioarteko Biltzarraren helburu nagusia giza eskubideekin, segurtasunarekin eta polizia-funtzioarekin lotutako hainbat alderdiren eztabaidan laguntzea da, segurtasunaren, poliziaren, giza eskubideen eta lotutako beste arlo batzuen ikuspuntu teoriko-praktikotik. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak eta Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetzaren Idazkaritzak antolatu dute.

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak inauguratuko du bihar «Segurtasuna eta Giza Eskubideak» kongresua. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak antolatzen dituen 2016ko Parez Pare jardunaldien parte da, eta hiru hitzaldiz eta hiru mahai-inguruz osatuta egongo da. Estatuko eta atzerriko profesional ospetsuek segurtasunarekin eta giza eskubideekin lotutako gaiak jorratuko dituzte, adibidez, giza eskubideak errespetatuta ikertzea, egoera bereziki zaurgarrian dauden pertsonak eta poliziaren bestelako jardunbide egokiak.

William Schabas (giza eskubideetako aditua, Erresuma Batuko Middlesex Unibertsitateko katedraduna eta Herbehereetako Leiden Unibertsitateko katedraduna, eta Giza Eskubideen Irlandako Zentroko ohorezko presidentea) arduratuko da lehen hitzaldia emateaz: Segurtasuna eta giza eskubideak: XXi. mendeko erronka berriak.

Ondoren, Iñaki Villacián Ibargurenek (Ertzaintzaren ofizialordea eta Zuzenbidean lizentzia, Kriminologiako masterra eta Drogomendekotasunen graduondokoa ditu) Ertzaintzaren eredua eta giza eskubideetako erakundeen balorazio positiboak hitzaldia emango du.

Hirugarren hitzaldiaren izenburua Delituen kontrol adimentsua da, eta Irvin Waller-ek emango du (Kriminaltasuna Prebenitzeko Nazioarteko Erakundearen zuzendari exekutiboa eta sortzailea, Nazio Batuetako kidea, Estatu Batuetan egoitza duen Biktimei Laguntzeko Nazioarteko Erakundearen presidentea eta NBEaren Habitat Hiri seguruagoak sortzeko programa garatzearen arduraduna).

Hiru mahai-inguru ere egingo dituzte. Lehena Poliziaren ikerketa eta giza eskubideak: tortura saihestea eta atxiloaren eskubideak errespetatzea izango da. Honako hauek hartuko dute parte: Laura Pego Oterok (abokatua eta EHUren Kriminologiako Euskal Institutuko ikerlaria), José Carlos Álava Cabrerok (Poliziaren Kidego Nazionaleko inspektorea) eta Javier Castañeda Martínezek (Ertzaintzaren agentea, goi-tituluduna eta terrorismoko eta giza eskubideetako aditua).

Bigarren mahai-inguruaren izenburua Poliziaren jardunbide egokiak: biktimekin lan egitea eta bestelako esperientzia positiboak izango da eta hurrengo parte-hartzaileak izango ditu: Eusko Jaurlaritzaren Biktimen Arretarako Zerbitzuko koordinatzaile Lourdes Lorente Diharce, Albert Oliva Mateu (Mossos d´Esquadra erakundeko inspektorea eta Herritarren Segurtasunerako Atal Teknikoko eta Hurbiltasuneko Ataleko burua) eta Oscar Fernandez Cuco (Ertzaintzaren ofiziala, gizarte-graduatua eta Kriminologian lizentziaduna).

Azken mahai-inguruaren izenburua Poliziaren ikuspegitik egoera bereziki zaurgarrian dauden herritarrak: atzerritarrak, adingabeak, adinekoak eta beste kolektibo batzuk izango da, eta parte-hartzaileak, Iñaki Subijana Zunzunegui (Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko magistratu lehendakaria), Maitena Poelemans (Frantzian dagoen Dokumentazio eta Europako Baliabideen Zentroko kidea) eta Rosa Celada Calvo (Ertzaintzaren agentea, Psikologian lizentziaduna eta Kriminologian masterra).

«Segurtasuna eta Giza Eskubideak» Biltzarraren amaieran, Jonan Fernández Erdocia Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak hartuko du parte.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau