Berriak Herri Administrazioa eta Justizia

Erkorekak “XIV Congreso Nacional de Procuradores” hasieran parte hartu du

2016-05-05
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburuak Euskadiko justizia modernizatzeko ahaleginak nabarmendu ditu, jakinarazpenen % 100 telematikoki egiten baitira

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburua Prokuradoreen XIV. Biltzar Nazionalaren inaugurazioan izan da gaur. Larunbatera arte egingo dute Deustuko Unibertsitatean “Prokuradoretza, justizia eta teknologia” izenburupean. Erkorekak prokuradoreek Euskadiko justizia modernizatzeko egindako ekarpena nabarmendu nahi izan du. Horren adibide moduan aipatu du Eusko Jaurlaritzaren Justizia Sailaren ekimenez abiarazitako aplikazio informatikoa, zeinak jakinarazpenen % 100 telematikoki egiteko aukera ematen baitu.

Inaugurazioan izan dira, halabar, Carlos Lesmes Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidentea, Rafael Catalá jarduneko Justiziako ministroa, Juan Carlos Estévez Prokuradoreen Kontseilu Nagusiko presidentea, Juan Maria Aburto Bilboko alkatea, Juan Luis Ibarra Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidentea eta Pablo Bustamante Bizkaiko Prokuradoreen Elkargoko dekanoa.

Herritarrei zerbitzu hobea emateko helburuaz prokuradoreek justizia modernizatzeko egindako lana publikoki onartzeaz gain, Erkorekak Prokuradoreen Espainiako Kontseilu Nagusiaren ekimen bat azpimarratu du, hain zuzen ere, Bitartekaritza Institutua sortzekoa, gatazkak ebazteko modu berriak zabaltzen lagunduko baitu bere ustez.

Inaugurazioaren ondoren, Diputatuen Kongresuko justiziako eledunek mahai-ingurua egingo dute. Jarraian, “Elkargoentzako eta prokuradoreentzako zerbitzuak” hitzaldia emango dute Gregorio García Banco Santanderreko Kolektibo eta Justiziako zuzendariak eta Cristina Retana WoltersKluwer enpresako Eduki Juridiko eta Teknologikoen zuzendariak.

Bestetik, bihar, ostirala eta larunbatean hainbat mintegi egingo dituzte, lege-erreformak eta Prokuradoreen Espainiako Kontseilu Nagusiaren tresna teknologikoak, bitartekaritza eta Espainiako prokuradoreen mutualitatea lantzeko. Gainera, bihar, Julio Fuentes Justizia Ministerioko idazkari nagusi teknikoak “Justizia Europan” hitzaldia emango du 12:15ean, Garate aretoan. Biltzarra larunbatean amaituko da, 13:30ean, Justiziako Estatu idazkari Carmen Sánchez-Cortés Martínek ondorioak irakurri ondoren.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)