Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

BEC-eko hiru pabiloik hartuko dituzte Eusko Jaurlaritzako Enplegu Publikorako Eskaintzaren (EPE) azterketak

2010.eko irailak 24

Gaur eta bihar 33.000 eskatzailek hartuko dute parte deialdian eskainitako 419 plazetako bat eskuratzeko asmoz

Eusko Jaurlaritzak 300 lagun baino gehiago mobilizatu du Enplegu Publikorako Eskaintzaren (EPE) azterketak egiteko antolaketan. Gaur, arratsaldeko 16:00etan, lehenengo proba izango da, administrari laguntzaile plaza bat lortu nahi dutenentzat. Bihar, goizeko 10:00etan, Mendeko Langileen Kidegorako lanpostuak eskuratzeko azterketa hasiko da eta, arratsaldeko 16:00etan, Administrari Kidegoari dagokiona.

Azterketak Eusko Jaurlaritzak maiatzean egindako deialdiari dagozkionak dira. Deialdi horretarako 33.000 eskabide baino gehiago aurkeztu ziren bertan eskainitako 419 plazetako. Kidego bakoitzean deialdien oinarrietan aurreikusitako bi probak egingo dira: lehenengoak 100 galdera izango ditu laguntzaile eta administrarientzat eta 95 galdera mendekoentzat (horrez gain, erretserbako beste 15 eta 10 galdera egongo dira); bigarren probak berrogeita hamar galdera izango ditu, gutxi gorabehera.

Bi probak elkarrekin aurkeztuko dira koadernotxo batean, eta azterketariek bi ordu eta erdi eta hiru ordu bitarteko denbora izango dute bi probak egiteko. Epaimahaiak erabakiko du proba egin aurre-aurretik zehazki zenbat denbora izango den.

EPEa dela-eta, Barakaldoko BECeko (Bilbao Exhibition Centre) 1., 3. eta 5. pabiloiak prestatu dira eta, aurreko asteartetik, hautagaiek IVAPeko Web-orrian (www.ivap.euskadi.net/ope) kontsulta dezakete norberari dagokion pabiloia eta gunea.

Hautagai guztiek probetara joan beharko dute boligrafo banaz (beltza edo urdina) eta bere nortasuna egiaztatzeko agiri batez (NAN, gidatzeko baimena edo pasaportea).

Eusko Jaurlaritzak ahalegin berezia egin du minusbaliotasunen bat dutenei azterketak egiten lagundu eta errazteko helburuz:   horretarako zeinuen interpretariak, minusbaliotasunei egokitutako azterketak, laguntzako langileak, egokitutako altzariak, eta abar egongo dira.

Proba bakoitza behin bukatu eta gero zuzenduko da eta emaitzak IVAPeko Web-orrian (www.ivap.euskadi.net/ope) argitaratuko dira lau ordu geroago, gutxi gorabehera.

Probak gainditzen dituztenek hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko azterketa egin dezakete (azaroan izatea espero da) eta, halaber, aukera izango dute deialdiaren oinarrian jasotako merituak baloratu daitezen dagozkien egiaztagiriak aurkezteko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko