Berriak Eusko Jaurlaritza X. leg
Eu

Kontrolerako osoko bilkura (2016/05/06)

2016.eko maiatzak 06

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek erantzuna eman diete legebiltzarkideek Kontrolerako Osoko Bilkuran eginiko galderei eta interpelazioei.

Galdera, Unai Urruzuno Urresti EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Euskal herritar eta instituzioen erabakiak errespetarazi beharrari buruz.

 

Iñigo Urkullu lehendakariak esan du Espainiako gobernuaren politikek izaera zentralizatzailea besterik ez dutela eta horretara engaiatu dela «orain arte ikusi ez dugun indarrarekin», iazko irailaren 15ean autogobernu-lantaldeari bidalitako txostenetan adierazi zuen bezala. Egoera horren aurrean, uste du Legebiltzarrak berak «asko egin dezakeela»; adibidez, autogobernuaren inguruko diagnostiko bateratu bat adosten saiatzea eta hura eguneratzeko oinarriak ezartzea. Lehendakariaren iritziz, inoiz ez da beranduegi aipatutako lantalde horretan adostasuna lortzen ahalegintzeko.

Urkulluk uste du beharrezkoa dela oinarri horren gainean Estatus Berri bat adostea, eta hori betearazteko bermeak barne hartzea. Zentzu horretan, «foru-baimena» berreskuratzearen alde egin du, horretarako, Estatuak emandako aginduak atzeratzea juridikoki egituratuta, harik eta euskal erakundeekin horien interpretazioa eta benetako ezarpena negoziatzen ez den arte.

Interpelazioa, Gorka Maneiro Labayen Mistoa-UPyD taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Arnaldo Otegi ETAren historia kriminala zuritzeko egindako saioari aurre egin beharrari buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak gogoratu du Arnaldo Otegi legezko alderdi politiko baten idazkari nagusia dela, eta parlamentari talde batek gonbidatu zuela Europako Parlamentuko ateak itxitako bilkura batera. Hori Parlamentuaren araudian bertan jasota dagoen legezko jarduera bat da, eta ondorioz «erakundeen ikuspegitik ez dago gaitzetsi beharreko ezer». Hortaz, lehendakariak esan du ez dagoela gai horretan aparteko neurririk artikulatzeko beharrik, eta alderdien arteko desadostasunak «eztabaida arruntera» ekartzearen alde agertu da.

Urkulluk gogorarazi du ezker abertzalearen «printzipio etiko» berak izan ez arren lortu dutela akordio garrantzitsuak adostea, hainbat motako biktimen omenaldietan elkarrekin parte hartuz edo Udal Legea onartuz. «Hori guztia, egia esan, ETAren terrorismoak eta indarkeriak inposatzen zigun normaltasun ezatik normaltasun politikora eta bizikidetzaren normalizaziora igarotzen ari den herri baten, gizarte baten eta politika baten isla da», esan du lehendakariak. Gainera, hori guztia gertatutakoaren memoria kritikoan oinarritu behar dela berretsi du.

Interpelazioa, Arri Zulaika Portillo EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, EAEko gazteak kanpora joateko beharra eragozteari buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak esan du Eusko Jaurlaritzak konpromiso sendo eta iraunkorra duela gazteen enpleguarekin. Datu positibo bat nabarmendu du: 24 urtetik beherakoen kontratazioa % 14 hazi da apirilean, aurreko urtearekin alderatuta. Jaurlaritza ahaleginetan ari da enplegu hori kalitatezkoa izan dadin, lehendakariak azaldu duenez.

Aurtengo aurrekontuetan 24,5 milioi euro aurreikusi dira gazteen enplegagarritasuna hobetzera zuzendutako hainbat neurritarako. Zenbateko hori hainbat ekimenetan erabiltzen ari da: gazteen ekintzailetza babesteko programak, LHko prestakuntza duala, nazioartekotze-bekak edo lan-merkatura lehen aldiz sartzen laguntzeko programak (Lehen Aukera eta antzekoak), besteak beste. Ekimen horiei guztiei esker 20.000 gazteren enplegagarritasuna areagotuko da aurten, lehendakariak esan duenez. Urkulluk uste du neurri horien guztien helburua gazteek euskal enpresetan lan egiteko aukera izatea dela.

Galdera, Carmelo Barrio Baroja Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Espainiako Gobernuko presidentearen soldata baino handiagoak diren Eusko Jaurlaritzako aholkulari-soldatei buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak esan du Eusko Jaurlaritzak ordainsariak emateko dituen irizpideak «koherenteak, egonkorrak eta gardenak» direla. Berretsi du erantzukizunaren eta funtzioen eta ordainsariaren artean erlazio progresiboa dagoela, eta, gainera, soldatak aurreko legealdiko berdinak direla, aholkulari-kopurua % 20 murriztu delako desberdintasunarekin.

Horretaz gain, lehendakariak gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzaren goi-kargudunei buruzko informazioa gardena dela eta Eusko Jaurlaritzaren Open Data atarian argitaratua dagoela 2011tik, hau da, 2013ko abenduan Estatuko Gardentasun Legea onartu baino lehenagotik. Edonola ere, lege horrek ez zuen aholkularien ordainsariak publiko egiteko betebeharrik ezartzen.

Galdera, Mikel Unzalu Hermosa Euskal Sozialistak taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, 31/2008 Dekretua baliatuz Ekuadorko lurrikarak eragindakoentzat larrialdietarako laguntzak berehala martxan ez jartzeari buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak esan du Eusko Jaurlaritzak larrialdiko laguntzak emateko prozesua martxan jarri duela. Jaurlaritzak horretarako zuzkidura ekonomikoak ditu eskura, eta laguntza-deialdiak kudeatzeko ohiko bideak erabiliz ari dira horiek banatzen, azaldu duenez. Lehendakariak jakinarazi du Eusko Jaurlaritzaren Lankidetzarako Euskal Agentziak jarduteko lerroak alderatzen eta adosten dituela lana tokian bertan egiten ari diren GKEekin. Horrek epe ertain eta luzeko estrategia bat eskatzen du.

Zuzkidura ekonomikoari dagokionez, esan du 1.200.000 euroko finantzaketa-lerro iraunkor bat dagoela larrialdiko eta ekintza humanitarioko laguntzetarako, bai eta 2.000.000 euroko beste finantzaketa-lerro bat ere, ekintza humanitarioaren esparru-estrategientzako. Laguntza horiek aurreikusitako neurrietako batzuk dira, ez, ordea, neurri bakarrak.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gertjantheunise
    2016.eko maiatzak 08

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: [BIDEOA] Iñigo Urkullu eta sailburuek erantzun diete legebiltzarkidei Kontrolerako Osoko Bilkuran (2016/05/06) ➡ https://t.co/

  • @Gob_eus
    2016.eko maiatzak 06

    Comentario de Twitter:
    [BIDEOA] Iñigo Urkullu eta sailburuek erantzun diete legebiltzarkidei Kontrolerako Osoko Bilkuran (2016/05/06) ➡ https://t.co/WHarpViRrc

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)