Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Urumean uholdeei aurre egiteko lanak bisitatu ditu Martuteneko donostiar auzoan

2016.eko maiatzak 04
  • Donostiako alkate Eneko Goiarekin, Ana Oregi Sailburuarekin eta URAren zuzendari nagusi Iñigo Ansolarekin batera, Martutene ur-goraldietatik babesteko proiektuaren lehen faseko lanon egoera ezagutu du bertatik bertara
  • Gaur zubi berria jartzeari ekin dio URAk Martutenen
  • “Ibaiekin bizi gara; ibaien ur-goraldi natural eta errepikakorrei egokitu behar gatzaizkie; ezinbestekoa dugu ur-goraldiek bere egiten dituzten uholde-arriskuguneak errespetatzea".
  •  “Lanok auzoko pertsona eta azpiegiturentzako segurtasuna dakar. Zorionez, gaur goraldiei aurre egiteko prebentzio handiagoz dihardugu, herri gisa”

Urkullu lehendakariak — Donostiako Alkate Eneko Goaiarekin, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailburu Ana Oregirekin eta URAko zuzendari nagusi Iñigo Ansolarekin batera — Martutene ur-goraldietatik babesteko proiektuaren lehen faseko lanon aurrera pausuak ezagutu ditu bertatik bertara, eta Martuteneko zubi berria jartzeko lanon hasiera ikusi ahal izan du.

URA-Uraren Euskal Agentziako zuzendari Iñigo Ansolak azaldu dienez, “Martuteneko tartean, Urumea ibaia zabaltzeko eta bideratzeko lanetan dihardugu — lanok bukatutakoan,  45 eta 50 metro arteko zabalera izango du, lanak hasi aurretikoaren bikoitza—, eta, era berean, ur-emariaren jarioa oztopatzen zituzten azpiegiturak ordezkatzen ari gara — jada ordezkatutako El Pilarreko pasabidea, abian den Martuteneko zubiaren ordezkatzea, eta datozen hilabeteetan ordezkatu beharko dugun Añarbeko Uren edateko ura bideratzeko hodia —. Lan horiek guztiek auzoko pertsonen segurtasuna nabarmen handituko dute, hartara,  Urumean ur-askoko sasoi berriei hobe aurre egiteko.

Lehendakariak gogorarazi duenez “uholdeak ditugu Euskadiko arrisku natural nabarmenena. Gure arroak txiki samarrak dira, eta distantzia txikitan urak  altuera garrantzitsua jaisten du. Halaber, euriak oparoak dira; batzuetan, bizi-biziak. Ondorioz, batzuetan, ibaiak ur-goraldi bortitzak dituzte, natural-natural. Agerikoa da, aldiz, ur-goraldi horiek ez liguketela arazorik sortuko urak eta pertsonok lurralde-eremu berbera geureganatu nahiko ez bagenu”.

Uholde arriskuguneak aintzat hartu

Lehendakariak gogorarazi du beharrezkoa dugula ibaien izaera aintzat hartzea gure herri eta hirietako Lurralde urbanoa kudeatzean: “Erakunde nahiz herritar, ibaiekin bizi gara; ibaien ur-goraldi natural eta errepikakorrei egokitu behar gatzaizkie; ur-goraldiek bere egiten dituzten uholde-arriskuguneak errespetatzea ezinbestekoa dugu. Hartara, pertsona eta azpiegiturak seguruago egongo dira, balio ekosistemiko aparteko ibaien eremuei so egingo diegu berriro ere, eta etorkizunean ez dugu ibairik eraldatu beharko eremu urbano berrien defentsan. Zorionez, orain, Euskadin, herri gisa, prebentzio gehiagoz dihardugu”.

Lehendakariak azpimarratu egin ditu URAk zein Kantauriko eta Ebroko konfederazio Hidrografikoek onartutako Plan Hidrologikoen  eta Uholde Arriskua Kudeatzeko Planen garrantzia: “oinarrizko kudeaketa-baliabideak dira ibaien ur-goraldiekiko babesa handitzeko, eta era berean, ahal dugun heinean, ibaien egoera ekologiko onaren alde egiteko, jakinda geure bizitza ibaien aldamenetan egiten dugula”.

“Iraganean, nahi baino sarriago, ibaien bidean jarri gara, emari oparoa dakartenean bere egin nahi duten bidean, hain zuzen ere; hortaz, arrisku naturalen aurrean jarri dugu geure burua. Izan ere, jakin badakigu ibaien goraldiak ibaiaren berezko izaeraren zati direla, eta hala izaten jarraituko dutela etorkizunean ere. Berriki onartutako Plan Hidrologikoek zein Uholde Arriskua Kudeatzeko Planek  inoiz baino indartsuago azpimarratzen dute behar-beharrezkoa dela  ibaiak haztean bere egiten duen eremua aintzat hartzea, pertsona nahiz erabilpen kalteberak arriskutik aldentzeko”.

Aldez aurretik aurreikustearen beharraz.

“Hala eta guztiz ere”, gogorarazi du Urkulluk “Eusko Jaurlaritzak, URA bitarteko, lanok egiten ditu ibaiak goraldietan beretzat aldarrikatzen dituen eremu askotan, iraganean okupatu izan ditugulako, eta orain pertsona eta erabilpen kalteberak uholde-arriskupean direlako. Gaur Martutenen ikusten hari garen lan hau adibide aparta dugu”.

Lehendakariak azaldu duenez “Euskadin luzea da uren goraldi errepikakor eta naturalei aurre egiteko babes lanak behar dituzten guneen zerrenda. Eta horiek egiteko behar diren inbertsioak oso handiak dira. Horregatik erakunde eta herritar guzti-guztiek bat egin behar dugu zerrenda jada luze horretan gune kalteberarik ez gehitzeko”

“Ezinbestekoa dugu herri gisa barneratzea ibaien aldamenetan sustatu nahi ditugun balizko erabilpen motek aintzat hartu behar dutela erabat ibaia bera. Aske utzi behar ditugu emaria hazterakoan ibaiak okupatu beharko dituen eremuak; errespetatu ditzagun eremuak ibaiak ibaia izateari jarrai diezaion, musutruk ematen dizkigun zerbitzu ekosistemiko andana ematen jarrai diezagun. Izan ere, ez gara ari ibaiaren zein eremutaraino sartzeko aukeraz; ordea, ibaiaren eremuak aintzat hartzeaz ari gara; ibaien lantzean behin hazteko joera setati hori lurraldearen erabileraren kudeatzean ondo txertatzeaz ari gara”.

Fasearen aurrekontua 19.002.904,76 € dira guztira. Zubi berriaren aurrekontua 3.014.133,21 €, lan osoaren %16; haren egituran 320 tona korten altzairu erabiliko dira; 60 metroko luzera, 50 metroko bao askearekin, eta 15 metroko zabalera. (2 errei, 2 espaloi eta bidegorri 1). Martuteneko pasabidearen aurrekontua 659.414,20 €-koa da lan osoaren %3,5; egiturarako 115 tona korten altzairu, eta 3,5 metroko zabalera. Abuztuaren 31eako garraioetarako erabilgarri egotea aurreikusten da, eta abenduaren amaieran hobekuntza hidraulikorako lanak amaituak egotea 2017ko martxorako lehenengo fasea amaitutzat eman ahal izateko.

Proiektu honek Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF-FEDER) finantziazioa jasotzen du.

6 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @asantamariajor1
    2016.eko maiatzak 06

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: Lehendakariak Urumean uholdeei aurre egiteko lanak bisitatu ditu Martuteneko donostiar auzoan ➡ https://t.co/cQy0RVI3Fc

  • @asantamariajor1
    2016.eko maiatzak 06

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: El lehendakari visita las obras de defensa ante inundaciones en el Urumea, en el barrio donostiarra de Martutene ➡ https://t.c

  • @uraEJGV
    2016.eko maiatzak 04

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: El lehendakari visita las obras de defensa ante inundaciones en el Urumea, en el barrio donostiarra de Martutene ➡ https://t.c

  • @uraEJGV
    2016.eko maiatzak 04

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: Lehendakariak Urumean uholdeei aurre egiteko lanak bisitatu ditu Martuteneko donostiar auzoan ➡ https://t.co/cQy0RVI3Fc

  • @Gob_eus
    2016.eko maiatzak 04

    Comentario de Twitter:
    Lehendakariak Urumean uholdeei aurre egiteko lanak bisitatu ditu Martuteneko donostiar auzoan ➡ https://t.co/cQy0RVI3Fc

  • @Gob_eus
    2016.eko maiatzak 04

    Comentario de Twitter:
    El lehendakari visita las obras de defensa ante inundaciones en el Urumea, en el barrio donostiarra de Martutene ➡ https://t.co/54jeiBVH99

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Eneko Goia