Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Euskadiko eta Nafarroako erkidegoek harremanak sendotzea adostu dute

2016.eko maiatzak 04
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Iñigo Urkullu lehendakariak eta Uxue Barkos presidenteak bi erkidegoen elkarlanerako oinarriak sendotzeko protokoloa izenpetu dute.
  • 18 jarduera-esparrutan lankidetzan aritzeko mekanismoa ezarri da akordio horretan.

Euskadiko Autonomia Erkidegoak eta Nafarroako Foru Erkidegoak lankidetza-protokolo bat sinatuko dute bi erkidegoen artean jada ezarritako lankidetza-oinarriak sendotzeko, interes komuneko arloetan kudeaketa eta zerbitzu-ematea hobetzea xede dutela. Atzo onartu zuen akordio hori Eusko Jaurlaritzak kontseiluaren bileran, eta gaur eman dio oniritzia Nafarroako gobernuak. Lankidetza-protokoloa maiatzean bertan sinatuko dute Iñigo Urkullu lehendakariak eta Uxue Barkos Nafarroako presidenteak.

Euskadiko eta Nafarroako erkidegoek, kidetasun historiko, linguistiko, turistiko eta soziokulturalak direla medio, harreman berezia dute aspalditik hona, bai eta lankidetza-tradizio luzea ere. Horrenbestez, kulturaren eta hizkuntzaren arloetako erakundeen sorreran eta garapenean elkarlanean aritu izan dira, eta sektore-akordioak egin dituzte hainbat arlotan. Onartutako akordioaren xedea bi erkidegoen arteko elkarlana eta lankidetza areagotzea da, eta 2009ko uztailean izenpetutakoa ordeztuko du.

Protokolo horren babesean, Euskadiko eta Nafarroako gobernuek, bere eskumeneko arloetan, kudeaketa eta zerbitzu-ematea hobetzera bideratutako lankidetza-politika aktiboa sustatzeko konpromisoa hartu dute.  Horretarako, hainbat jarduera egingo dituzte: proiektu partekatuak bultzatzea; bi lurraldeetako herritarrei emandako arreta hobetzeko ekintza komunak gauzatzea; bi aldeen arteko komunikazioak eta gainerako erkidegoekin dituztenak hobetzeko azpiegiturak sustatzea; informazioaren eta komunikazioaren teknologia garatzea, informazio-trukea erraztearren; eta bi erkidegoetako profesionalen arteko esperientzia-trukea sustatzea eta horiei baterako prestakuntza-jarduerak eskaintzea.

Lankidetza-mekanismo horiek arlo hauetan aplikatuko dira.

EITB-REN EMISIOAK NAFARROAN

Protokoloan jasotakoaren arabera, bi gobernuek beharrezkoak diren izapideak egiteko konpromisoa hartu dute, EITBren edukiak normaltasun osoz emititu ahal izateko Nafarroako Foru Erkidegoan. Euskal Irrati Telebistak, Industria Ministerioaren agindua betez, bihartik aurrera Nafarroan emititzeari uzteko hartu duen erabakiari buruz galdetu diote Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekari protokoloa aurkezteko prentsaurrekoan.

Erkorekak nabarmendu du ez dagoela eragozpen teknikorik ETBren kateak Nafarroan emititzeko, eta Jaurlaritzak lanean jarraituko duela Nafarroako gobernuarekin EITBren emisioak normaltasunera itzultzeko foru-erkidegoan; izan ere, nahi hori adierazi dute nafarrek ikus-entzuleen gaineko azterlanetan, baita Nafarroako parlamentuak ere. Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, beraz, emisioak bertan behera uztea aldi baterako kontua izatea espero du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)