Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasuneko sailburuak aurkeztuko du ENFSIren 2016ko kongresua

2016.eko maiatzak 04

Epaitegien eta poliziaren 64 laborategi koordinatzen dituen erakundea (ENFSI) maiatzaren 10etik 13ra bilduko da Bilbon

Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak ENFSIren urteko bilera, maiatzaren 10etik 13ra Bilbon egingo dena, aurkeztu du gaur Erandioko Ertzaintzaren egoitza zentralean. Sailburuarekin izan da Ertzaintzaren Ikerketa Kriminalerako Ataleko burua, José María Yurrebaso superintendentea. Sailburuak ENFSIren urteko bileraren antolaketaren berri eman du. ENFSI auzitegi-zientzien institutuen Europako sareak Europako 36 herrialdetako erreferentziako 64 polizia- eta auzitegi-laborategi koordinatzen ditu. Duela bi urte, Bratislavan egindako topaketan, hautatu zuten Ertzaintza 2016ko kongresua antolatzeko, ikerketa zientifikoaren arloan Ertzaintzak lortu duen mailaren errekonozimendu gisa.

«Kongresuaren egoitza Bilbo izateak aukera ematen digu auzitegi-ikerketan egiten ari garen lana nabarmentzeko eta sendotzeko, Europako institutu zientifiko-forentse aurreratuenetan egiten den lan zientifikoarekin alderatuz. Era berean, aurrerantzean baliatu nahi dugun lan-ereduaren adibide ona da; polizia integrala izan nahi dugu Euskadiko Segurtasun Publikorako Plan Nagusiaren esparruan», adierazi du Segurtasuneko sailburuak nazioarteko kongresuaren aurkezpenean.

ENFSIren 28. bilerak (European Network of Forensic Sciencie Institutes) Europako laborategietako aditu forenseen talde esanguratsua ekarriko du Bilbora. Kongresua irekitzeko ekitaldia Bilboko Bizkaia Aretoan egingo dute, maiatzaren 11n. Buru izango dira Segurtasuneko sailburua, Ertzaintzaren Ikerketa Kriminalerako Ataleko burua eta ENFSIko presidentea, Jan de Kinder belgikarra. Ondoren, hainbat lan-saio egingo dituzte, auzitegiko zientziaren alorrean edo auzitegiko aholkularien zereginean gaurkotasun handiko gaiei buruzko azalpenekin eta eztabaidekin.

Gainera, urtero bezala, erakundearen beraren funtzionamenduaren alderdi exekutiboak eztabaidatuko dituzte, bai eta egoera ekonomikoa, plan estrategikoak, proiektuen egoera, lantaldeen emaitzak eta bilakaera eta ikerketa-proiektuak finantzatzeko Europako funtsak ere, besteak beste.

2006. urtetik, ENFSIko eskubide osoko kide da Ertzaintza.

Ertzaintza 2006ko abenduan sartu zen ENFSIn, eskubide osoko kide gisa, Zuzendaritza Kontseiluak alde erabaki ondoren, eta espezialistek euskal polizia zientifikoaren maila teknikoa eta bere laborategien garapen maila, prozedurak eta lan-protokoloak (ISO 7025 kalitate-ziurtapenaren bidez egiaztatuta) egiaztatu ondoren. Sartzeko eskaera sei hilabete lehenago egin zen, eta sartzeko prozesuan, ENFSIren ordezkariek Erandioko Polizia Zientifikoko Unitatearen egoitza ikuskatu zuten eta Unitateko arduradunak elkarrizketatu zituzten. Horrez gain, espezialistek bazuten Ertzaintzak auzitegiko ikerketan egindako lanaren berri.

Lehen mailako truke zientifikoa

ENFSIren, auzitegi-zientziaren arloan mundu mailan aintzatesten duten erakundearen, xedea ezagutzak partekatzea, esperientziak trukatzea eta auzitegi-zientziaren arloan akordioak egitea da, eta, horrez gain, laborategi guztiak jardunbide egokiak egitera eta nazioarteko estandarrak jarraitzera animatzea, kalitatea eta gaitasuna bermatzeko. Gainera, lantaldeak ezartzen ditu, espezialitateen arabera: ADNa, dokumentuak, drogak, lehergaiak, hatz-markak, suzko armak, sute eta leherketen ikerketa, auzitegiko informazio-teknologiak, audio-analisiak, grafistika, trazuak, begizko ikuskapenak, pintura, beira, zuntz eta ileen analisia, irudi digitala, eta lurren analisia.

Hastapenetan, hamaika kide

ENFSI 1992an sortu zen, Europa Mendebaldeko gobernuetako laborategi kriminalistikoen zuzendariek denen intereseko gaiei buruzko informazioa trukatzeko aldizkako topaketak antolatzea erabaki zutenean. Lehen bilera Rijswijk-en (Holanda) egin zen, eta 11 laborategi izan ziren. Ondoren, berriro bildu ziren 1994an, Linköping-en (Suedian), eta lehen akordio-txostena onartu zuten. Urtebete geroago, 1995eko urriaren 20an, sorrera-bilera antolatu zen. Egun horretan sortu zen, bada, ofizialki gaur egun ezagutzen dugun erakundea. Topaketa horretan, erakundearen funtzionamendua arautzen duen akordioa sinatzeaz gain, lehen batzorde ofiziala aukeratu zuten, bai eta erakundearen logotipoa ere (begi europarra).

Hasieratik erabaki zuten Europako herrialde guztiek izango zutela ENFSIn sartzeko aukera, Europako auzitegi-zientziaren garapenaren eta aurkezpenaren kalitatea munduko abangoardian dagoela bermatzeko, beren ekarpenen bitartez. Berehala finkatu zen erakunde gisa, eta laborategiak barruan egotea ofizializatu egin zen. Gainera, Idazkaritza bat sortu zen, presidentearen zuzendaritzapean. Harrezkero, azkar hazi da: hasieran 11 kide ziren, eta, orain, 64, 36 herrialdetakoak.

ENFSIren kongresuaren jarraipena

ENFSIren kongresuari loturiko elkarrizketa-eskabideak kudeatzeko interesa duten komunikabideek Ertzaintzaren prentsa-zerbitzura jo beharko dute:

prentsa@seg.euskadi.eus

Tel.: 94.607.92.82-3

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @LaLarrakoetxea
    2016.eko maiatzak 04

    Comentario de Twitter:
    RT @rgartzia: La consejera de Seguridad presenta el Congreso 2016 del ENFSI... https://t.co/YH139yZD35

  • @rgartzia
    2016.eko maiatzak 04

    Comentario de Twitter:
    La consejera de Seguridad presenta el Congreso 2016 del ENFSI... https://t.co/YH139yZD35

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Jose Maria Iurrebaso, Ikerketa Kriminalerako Ataleko burua