Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak garapen jasangarriko ekintzak sustatzen dituzten udalei, mankomunitateei eta toki-erakundeei zuzendutako diru-laguntzen oinarri arautzaileak ezarri eta deialdia egin du (Gobernu Bilera 2016-05-03)

2016.eko maiatzak 03

Aurrekontu zuzkidura, guztira, 1.810.000 eurokoa izango da 

Gobernu-kontseiluak oniritzia eman dio Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren aginduari, garapen jasangarria sustatzeko ekintzak gauzatzen dituzten udalei, mankomunitateei, beste toki-erakunde batzuei, toki-erakunde autonomoei, tokiko garapen-agentziei eta tokiko merkataritza-sozietateei diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezarri eta deialdia egiten duenari.

Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-politika islatzen duen Euskadiko IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 agirian dago jasota Eusko Jaurlaritzak ingurumenaren arloan hartutako konpromisoa. Hori dela eta, aipatutako programa Eusko Jaurlaritzak gizartearen aurrean hartutako konpromisoen funtsa osatzen duten 14 plan estrategikoetako batean kokatzen da; konpromiso horiek Giza Garapenerako eta Hazkunde Jasangarrirako Euskadi 2020 txostenean daude jasota.

Aipatutako programak gure lurraldeko ingurumenaren egoerari buruzko ikuspegia jasotzen du, eta, besteak beste, lehentasunezko jardun hauek ezartzen ditu: -Gure kapital naturala babestea, kontserbatzea eta leheneratzea, ekosistemek ematen dizkiguten zerbitzuak zainduz. -Ekonomia lehiakor eta berritzaile bateranzko urratsak ematea, karbono-isurketa txikikoa eta baliabideen erabilera eraginkorrekoa. -Herritarren osasuna eta ongizatea sustatzea eta babestea. -Lurraldeko jasangarritasun areagotzea. -Politiken koherentzia bermatzea, ingurumen-integrazioa areagotuta. -Euskadiren nazioarteko proiekzioa eta erantzukizuna sustatzea. Hori guztia bideratzeko, sail eta erakunde arteko koordinazioa eta kooperazioa sustatuko da, ingurumen-aldagaiak politika guztietan integratze aldera, eta eragile sozioekonomiko guztiei zabalduko zaie ingurumena hobetzeko erantzukizuna.

Agindu horretan Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde hauei zuzendutako diru-laguntzen deialdia egin eta oinarri arautzaileak ezartzen dira: udalak, mankomunitateak, beste toki-erakunde batzuk, toki-erakunde autonomoak, tokiko garapen-agentziak eta tokiko merkataritza-sozietateak. Betiere, garapen jasangarria sustatzeko ekintzak gauzatzen dituztenean, honako lerro hauekin bat etorriz: a) Lurzoru kutsatuak. Toki-erakunde publikoen titulartasuneko lurzoruaren kalitatea ikertzeko eta berreskuratzeko lanak sustatzen dituzten ekintzak. b) Klima-aldaketa eta atmosfera. EAEn inguru-airearen kalitatea hobetzea sustatzen duten ekintzak, zarataren inguruko ekintzak, eta arintzera (berotegi-efektuko gasen isurpen garbiak murriztea) eta egokitzera (klima-aldaketaren ondorioak murriztera bideratutako plangintza eta ekintzak) bideratutakoak. c) Kapital naturala eta biodibertsitatea. EAEko dibertsitate biologikoari eusteko eta berau leheneratzeko edo hobetzeko ekintzak. d) Jasangarritasunerako hezkuntza. Tokiko Agenda 21 eta Eskolako Agenda 21 egitasmoen arteko koordinazioa sustatzen duten ekintzak.

Eskakizunak

2016ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren proiektuek soilik jaso dezakete diru-laguntza. Diru-laguntza jaso ahal izango dute kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak egin diren lurzoruak aztertzeko eta lurzoru kutsatuak lehengoratzeko ekintzek, bai industria-jarduerak egin diren lurzoruetan, bai 1994ko abenduaren 20ra arte hondakindegi klandestino gisa erabilitako lurzoruetan.  Lurzoruak berreskuratzeko ekintzak ez dira diru-laguntzen xede izango, ekintza horien helburua etxebizitzak eraikitzea edo lurzorua industrial bihurtzea bada.

Klima-aldaketaren eta atmosferaren arloan, airearen kalitatea hobetzea sustatzeko ekintzak lagunduko dira diruz, zehazki, partikulak (PM10, PM2,5) eta nitrogeno-dioxidoa (NO2) murriztea xede dutenak, bai eta zarata murriztera bideratutakoak ere.

Zarata arintzeko ekintzen kasuan, pantaila akustikoak eraikitzeko beharra izanez gero, zarata-murrizketan berdinketa dagoenean, aldeko balorazioa jasoko dute pantaila begetalak dituzten eta hegaztientzako ondorio negatiborik ez duten proposamenek.

Era berean, diruz lagunduko dira berotegi-efektuko gasen isurien murrizketara bideratutako jarduerak eta udal-eraikinak birgaitzean gauzatu beharreko ekintzen azterlan zehatzak.

Ez dira diruz lagunduko klima-aldaketan eta airearen kalitatean apenas eragiten duten ekintzak, tartean, hauek: bizikleten aparkalekuak ipintzea eta oinezkoen bideak edo bidegorriak eraikitzea mugikortasun-iturri edo -helmuga diren guneez (bizileku-eremua, ikastetxeak, industrialdeak, kirol-instalazioak, etab.) bestelakoetan; zerbitzuak ematea, zehazki, garraio publikorako linea berri bat eratzea; argiak ordeztea, energia-auditoretzak egitea eta argiteria eguneratzea; galdarak instalatzea edo ordeztea, baita egungoek baino isuri gutxiago eragiten badituzte ere; hondakinak kudeatzea; azterlanak edo diagnostikoak (tartean, mugikortasun-planak). Bereziki, ez dira diruz lagunduko irizpide ekologikoak, hiri-ingurumena hobetzeko irizpideak, paisaian txertatzea eta natura-ingurunea ahalik eta gutxien kaltetzea kontuan hartu gabe eraikitako azpiegiturak, ezta biodibertsitateren babesarekin bateragarriak ez direnak ere.

Diruz lagunduko dira, ordea, honako hauek: natura-habitatetako biodibertsitatea kontserbatzea, lehengoratzea edo hobetzea xede duten ekintzak; EBn eta eskualde-mailan babestutako fauna- eta flora-espezie basatiak babesteko eta kontserbatzeko proiektuak; flora-espezie inbaditzaileak deuseztatzeko proiektuak, degradatutako natura-habitata lehengoratzea barne hartzen badute; faunarentzako urmaelak eta hezeguneak sortzea eta lehengoratzea; lurraldearen konektagarritasun ekologikoaren aldeko jarduerak, tartean, toki-mailako biodibertsitateren interesguneak lortzea, landaresiak ipintzea eta azpiegitura berdeak sustatzea (harrapatzeen puntu beltzak murriztea, faunaren pasabideak eratzea, etab.).

Aurrekontuko zuzkidura.

Lehenengo artikuluan adierazitako ekintza espezifikoetarako aurrekontu-zuzkidura, guztira, milioi bat zortziehun eta hamar mila (1.810.000) eurokoa izango da. Honela banakatuko da zenbateko hori: lurzoru kutsatuen lerrora, gehienez seiehun mila (600.000) euro; klima-aldaketara eta atmosferara, gehienez, seiehun mila (600.000) euro; natura-kapitalaren eta biodibertsitatearen lerrora, gehienez, laurehun eta berrogeita hamar mila (450.000) euro; eta jasangarritasunean heztera, gehienez, ehun eta hirurogei mila (160.000) euro. 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @elenamui
    2016.eko maiatzak 03

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco concederá #ayudas a acciones q promuevan el #desarrollosostenible https://t.co/e0hWJcAsS4

  • @jansola
    2016.eko maiatzak 03

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: Garapen jasangarriko ekintzak sustatzen dituzten udalei, mankomunitateei eta toki-erakundeei zuzendutako laguntzak ➡ https://t.…

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)