Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

“Tokiko Jasangarritasunari buruzko Konferentziak ondorioztatu duenez, baliabideak era ez jasangarrian erabiltzeak errefuxiatuen krisia bultzatzen du”

2016.eko apirilak 29
  • Hiri eta Herri Jasangarrien 8. Konferentzia Europarraren amaiera

“Gaur egun, gure ongizatea beste batzuen kontura eraikitzen ari gara, baliabide urri batzuk gehiegi erabiliz. Errefuxiatuen krisia baliabide horien erabileraren oinarrietan dago. Gure sistema beste batzuei baliabideak ukatzean oinarritzen da, eta baita etorkizun hobea izateko aukera ere, eta hori da errefuxiatuek Europan bizitza berria aurkitu nahi izanaren arrazoietako bat”. Hori da Wolfgang Teubnerrek ICLEI Europeko Zuzendari Nagusiak, Euskadin egindako Hiri eta Herri Jasangarrien 8. Konferentzia Europarraren amaiera ekitaldian iragarri duen ondorio nagusietakoa.

Hiru egunez, tokiko 1.000 ordezkari baino gehiagoren eztabaidak jaso ditu konferentziak, Europak aurrean dituen erronka nagusiei buruzkoak: ekonomia eta finantza krisia, errefuxiatuen etorrera masiboa eta Europaren kontrako sentimenduaren hazkundea. Ondorio azpimarragarrietako bat, alderdi horiei aurre egiteko orduan gizarte zibilak partaidetza handiagoa izatearen beharra da, jendeak tokiko erakundeekin era aktiboan lan egin dezan, ideiak eta konponbideak trukatzeko. Teubnerren iritziz, aurrerantz joateko era bakarra “Europa inklusiboagoa eta demokratikoagoa” eraikitzea da.

 

“Neurri ekonomikoen kudeatzaile xume izatetik gizarte bizitzako funtsezko alderdietan emaitzak bermatzera igaro behar dugu, osasunean, zoriontasunean eta gizarteratzean. Zerbitzuen pribatizazioan eta espazio eraikigarrien salmentan oinarritutako hiri ekonomiatik ihes egin behar dugu. Euren burua lurren kudeatzaile xume gisa ikusi beharrean, gizartearentzat onurak sortzen dituen gizarte eta ekonomia sistema kudeatzen duten pertsona gisa ikusten duten adituak behar ditugu”, gehitu du.

 

Konferentzian egon diren liderrek hesiak baztertzeko moduari buruz ere eztabaidatu dute, hiri jasangarriagoetara joateko, duela denbora gutxi sinatu zen Pariseko Klimaren Akordioa, NBEren Garapen Jasangarrirako Helburuak eta egingo den EBren Hiri Agenda eta Habitat III erabiliz gida eta inspirazio gisa.

 

Teubnerrek Euskadi aipatu du integrazio europarraren eredu bereziki on gisa, gizarte eta kultura aldetik nortasun indartsua izan arren, ikuspegi europarra eta globala duela azpimarratuz. Datozen hamarkadetan hiriguneak era esanguratsuan hedatuko direla aurreikusten den bezala, ezinbestekoa da hiriak erakunde jasangarriagoak eta erresilienteagoak bilakatzea, karbono isurketen murrizketarako bidearen buru izanik eta ekonomia zirkularra berenganatuz. Alkateek, nazioarteko erakundeen ordezkariek eta lider ekonomikoek euren ikuspuntuak konpartitu dituzte, jasangarritasunera eta erresilientziara eramango duen eraldaketan, Europaren etorkizunerako begirada inspiratzailea eskainiz.

Thomas Kastrup-Larsen Aalborgeko (Danimarka) alkateak, Euskadi goraipatu du toki mailako jasangarritasunean leku protagonista hartu izanagatik, Aalborgeko gutun ezagunarekin (1994) eta Aalborgeko Konpromisoekin hasi zen prozesuari jarraipena emanez. Euskal Adierazpena ere goraipatu du, konferentzia honen emaitza garrantzitsua eta Aalborgeko dokumentuei jarraipena ematen dien testua delako. Bere iritziz, “Euskal Adierazpenak bide berria eskaintzen du gure gizarteen eraldaketa jasangarrirako, eta egin behar dugun gauza bakarra bide hori ibiltzea da. Elkarrekin lan egin behar dugu, eta seguru horrela egingo dugula”.

 

Ana Oregi, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuak, Adierazpena ahalik eta azkarren martxan jartzearen garrantzia azpimarratu du, eta hiriek elkarlanean sare bakar gisa jardun behar dutela nabarmendu du. Azpimarratu duen beste gauza bat, era kolektiboan, “hiriek ekonomia zirkularraren iraultzan funtsezko lekua betetzen dutela” izan da.

Hiri eta Herri Jasangarrien Konferentzia Europarrak

 

Toki eta lurralde gobernuetako, Europako eta nazioarteko erakundeetako, alde anitzeko erakundeetako eta zientzia erkidegoko, sektore pribatuko eta gizarte zibileko 1.000 ordezkari inguru ari dira parte hartzen Hiri eta Herri Jasangarrien 8. Konferentzian, esperientziak trukatzeko eta ideiei buruz eztabaidatzeko.

 

Garapen Jasangarrirako Helburuei buruzko NBEren Goi Bileraren eta Parisen egin zen Klimaren Aldaketarako Aldeen Konferentziaren (COP21)  ondoren, konferentzia hau hiri jasangarritasunari buruz eztabaidatzeko 2016ko Europako erreferentziazko ekitaldia da.

 

Hiri eta Herri Jasangarrien 8. Konferentzia Europarra, ICLEIk – Jasangarritasunaren aldeko Tokiko Gobernuen Elkarteak, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak antolatu dute, Udalsarea 21en – Jasangarritasunaren aldeko Udalerrien Euskal Sarearen partaidetzarekin eta Arabako Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostiako Udalaren eta Gasteizko Udalaren laguntza du.

 

 

Informazio gehiagorako:

Website: www.basquecountry2016.eu

Twitter: www.twitter.com/sustain_cities/

Facebook: www.facebook.com/european.sustainable.cities

 

4 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @guaucastro
    2016.eko maiatzak 02

    Comentario de Twitter:
    RT @IngurumenEJGV: Irekia - Conferencia Europea de Ciudades y Pueblos Sostenibles: “el uso de recursos de manera no... https://t.co/PulvDhS

  • @csolores
    2016.eko maiatzak 02

    Comentario de Twitter:
    Baliabideak era ez jasangarrian erabiltzea... https://t.co/6QDw8mCHG0

  • @IngurumenEJGV
    2016.eko apirilak 30

    Comentario de Twitter:
    Irekia - Unsustainable resource use contributes to refugee crisis' participants hear as 8th ESCT... https://t.co/7r0b7urhbU

  • @IngurumenEJGV
    2016.eko apirilak 30

    Comentario de Twitter:
    Irekia - Conferencia Europea de Ciudades y Pueblos Sostenibles: “el uso de recursos de manera no... https://t.co/PulvDhScRO

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Wolfgang Teubner, Thomas Kastrup-Larsen