Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Eusko Jaurlaritzaren sariak eman zaizkie bi zinema-kazetariri Donostiako Zinemaldian

2010.eko irailak 24

Alicia Gómez Montano (TVE) eta John Hopewell (Variety) kazetariek saria jaso dute

Zinemaldian egon diren bitartean Euskadiren irudia hedatu duten bi kazetariri, estatuko bati eta nazioarteko beste bati, ematen zaie saria.

Bigarren urtez jarraian, Donostiako Zinemaldiak onespen-saria eman nahi izan die Zinemaldiaren esparruan garatzen diren jarduerei buruzko informazioaren bitartez Euskadiren irudia hedatzen lagundu duten bi kazetariri. Eusko Jaurlaritzak ematen ditu sari horiek, zehazki Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, eta aurten Alicia Gómez Montano (Televisión Española) eta John Hopewell (Variety aldizkaria) kazetarientzat izan dira. 

Turismoko zuzendariak Isabel Muela eta Basquetourreko zuzendariak Ana Izaguirre, John Hopewell eta  Alicia Gómez Montanori eman diete saria.

Alicia Gómez Montanok Informe Semanal programa zuzentzen du 2004. urteaz geroztik, baita TVEko informazio-zerbitzuetako programak ere, egunerokoak ez direnak. Informe Semanal programaren barnean, zenbait erreportaje egin ditu Zinemaldiaren inguruan. Nafarra izatez, estatuko kazetari ospetsuenetako bat da, eta oso nabarmentzekoa da Zinemaldia eta Donostiako hiriko eta Euskadiko turismo-baliabideen funtsa hedatzeko egin duen ekarpena.

John Hopewell jaunak Variety aldizkariarentzat egiten du lan, hain zuzen ere zineman espezializatutako munduko agerkari nagusiarentzat, eta bertako kanpo-harremanetarako burua da gaur egun, baita aldizkariak Espainian duen nazioarteko korrespontsala ere. 1978an hasi zen Zinemaldira etortzen, eta Oxfordeko Unibertsitateko 'Artsbreak' agerkarientzat jardun zuen estreinako urtean. 1985ean berriz ere etorri zen Australiako komunikabide batekin, eta harrezkero urtero-urtero etorri da Donostiako Zinemaldira.

Saria bi kazetari horiei emateko kontuan hartu dira, batetik, beren ibilbide profesionala, eta, bestetik, Donostiako Zinemaldiari eskaini dioten arreta eta Zinemaldiaren bitartez Euskadi hedatzeko egin duten ahalegina. Biek ere gure lurra sustatu dute irudien bitartez, Euskadiko aberastasun guztien berri emanez.

Euskadiko turismoaren unerik onenetako batean iritsi dira sariak. 14 hilabetez gora egin du etengabe turismoak Euskadin, eta horrenbestez esan dezakegu 2010 izan dela Euskadiko turismoaren historiaren urterik onena. Abuztuan, esaterako, bidaiari-sarrerak % 18 igo dira joan den urteko abuztuaren aldean. Guztira 266.000 turistak bisitatu dute Euskadi hilabete bakarrean, lehenengo aldiz historian.

Klausura-gala, tveuskadi.net-en

Nazioarteko Zinemaldia urteko erakargarri nagusietako bat da euskal turismoarentzat. Eusko Jaurlaritzak kanpoan hedatu nahi ditu programatutako jarduerak, eta horrenbestez biharko klausura-gala munduko edozein tokitan ikusteko aukera izango da, 21:00etan, www.tveuskadi.net euskal turismoaren Internet bidezko telebistaren bitartez.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Isabel Muela (Turismoko Zuzendaria) eta Ana Izaguirre (Basquetoureko Zuzendaria)