Berriak Herrizaingoa
Eu

Hiritarrei zuzendutako sentsibilizazio kanpaina berri bat aurkeztu du Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak

2010.eko irailak 24

''Tratu txarretatik irten daitekeelako''

Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendariak, Mariola Serranok, emakumezkoen aurkako indarkeriari aurre egiteko sentsibilizazio kanpaina berria aurkeztu du gaur Gasteizen. ''Tratu txarretatik irten daitekeelako'' da urriaren 10era arte abian izango den ekimen berriaren leloa. Biktimengan, batez ere genero-indarkeria gainditzea lortu dutenengan, jarri du kanpainak oraingoan arreta.

Iazko kanpainak "Erruduna emakumea gaizki tratatzen duena da" leloa ardatz hartuta, genero-indarkeriaren errua tratu txarren egileena baino ez zela nabarmentzen zuen bitartean, aurtengoak, biktima izan diren baina egoera gogor hura atzean uztea lortu duten emakumezkoak hartzen ditu oinarritzat.

Beste behin, genero-indarkeria mota bakarra hartzen da kontuan ekimen berri honek: emakumeek beren bikotekide edo bikotekide ohiengandik jasaten dituzten tratu txarrak. Estatistiken arabera biktima gehien dituen indarkeria da emakumezkoen aurkakoa. Egungo gizartean oraindik ere biziki errotuta badago ere, halako indarkeriak emakumezkoen giza-eskubideak urratzen ditu.

Hildako bakarra 2010ean

Biktima bakarra hil da EAEn urtea hasi zenetik bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako genero-indarkeriaren ondorioz; Amelia Amaya bere bikotekideak erail zuen joan den uztailaren 25ean.

Horrez gain, 2010eko abuztuaren 31ra arte, 2.780 kasutan emakumezkoak genero-indarkeriaren biktima izan dira. Horrela, 2.376 emakumek jasan dituzte tratu txarrak, gutxienez behin, urteko lehen zortzi hilabeteotan.

Azken zortzi hilabeteotako estatistikak aztertzean, benetan kezkagarria den datu bat antzematen da: 738 emakume izan dira poliziak argiketa espediente bat zabaldu izanda ere, beren ustezko erasotzailearen aurkako salaketa jartzeari uko egin diotenak. Hau da, urteko lehen hilabete hauetan mota orotako genero-indarkeriaren biktimen % 31k ez du salaketarik jarri nahi izan. Hortaz, Zuzendaritzak eskura dituen baliabide guztiekin lanean jarraitzeko asmoa du kopuru garrantzitsu hau jaistea lortzeko.

Mariola Serranok prentsaurreko batean azaldu duenez, gaur (ostirala) gasteizen aurkeztutako kanpaina, salaketa jartzen ez duten % 31 horri zuzenduta dago bereziki baina baita, oraindik ere arazo honek suposatzen duen gizartearen gaitz hau isilean jasaten dutenei eta beraz, datu ofizialetan azaltzen ez diren horiei ere.

Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak ezinbestekoa dela deritzo tratu txarren biktimei egun bizi duten egoera iluna gainditu daitekeela eta aurrera egiteko aukera dutela ulertaraztea, pausu garrantzitsu hau emanda izaera indartu egiten baita. Salaketa jartzeak eta osteko prozesuak, erabaki atsegina ez izanda ere, pena merezi du, norbere bizitza "eraberritzeko", "indarkeriarik gabeko bizitza hasteko", onuragarria delako.

Abiatu berri den publizitate kanpaina aurrera pausu hori eman duten emakumeetan oinarritu da, helburu argi bat dutenetan: indarkeriazko harreman hori atzean uztea eta beren buruarekiko eta besteekiko behin betiko segurtasuna lortzeko baliabideak berreskuratzea askatasunaz gozatzeko. Indarkeriatik irten diren emakumeek ez dira dagoeneko errudun sentitzen, beldurra gainditu dute eta tratu txarrik gabe aske bizi dira, azaldu du Serranok.

Komunikabideetan erakutsi ohi den ikuspuntutik aldentzen da kanpaina berria. Biktimei mezu baikor bat helarazi nahi die instituzioak beren zerbitzura dituztela ikus dezaten. Izan ere, genero-indarkeria kasu gehienetan hedabideek biktimaren eta bere ingurukoen bizimodua ardatz hartuta drama kutsu handiz kontatu ohi dute gertatutakoa. Halako informazioek kontrako emaitza izaten dute egoera bera pairatzen duten beste emakumeengan, indarkeria gainditzeko aukerarik ez dutela eta bizitza osoan tratu txarrak jasan beharko dituztela uste izaten baitute.

Nolanahi ere irteerarako bidea ez da batere erraza izaten. Harremana hautsi bezain laster, emakumeak era askotako egoera emozional korapilatsuak bizi ohi ditu: autoestimuaren galera; banaketaren osteko larritasuna, hausturak horren gaizki ikusita dagoen "familiaren porrota" onartzea eta bakardadea pairatuz eta hari aurre eginez seme-alabez arduratu beharra suposatzen duelako; erasotzailearekiko kontrako sentimenduak; banaketaren ondorio ekonomikoak, kasu askotan etxeko ekonomia gizonen esku baitago, hortaz, harremana haustean emakume askoren diru-egoera larria izaten da; zerbitzu juridiko askoren eraginkortasunik eza; eta pertsona horrek edozein unetan berriz erasotzeak sortzen duen etengabeko beldurra, askotan egileek biktima jazarri eta mehatxatu egiten dute eta.

Bide batez, genero-indarkeriaren biktimei laguntzeko eguneko 24 orduetan zabalik dagoen dohaineko telefono zenbakia, 900 840 111, gogoratu nahi da kanpainaren bidez. Zerbitzu hau eskaintzen duten profesionalek segurtasuna, lasaitasuna eta babesa eskaintzen diete telefonoaren bestaldean dauden biktima horiei, hartu beharreko erabaki ezberdinen inguruko informazioa eta laguntza eskaintzen dieten artean.

Azken kanpina honetarako 240.189,5 euroko inbertsioa egin du Herrizaingo Sailak; telebista bidezko iragarkiak, irratiko promozioak, kalean jarritako publizitate kartelak eta egunkari digitaletako bannerrak erabiliko dira ekimena ezagutzera emateko.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendariak, Mariola Serranok