Berriak
qrcode

Eusko Jaurlaritzak 1978 eta 1999 bitartean izandako legez kontrako errepresio-jardueren ondorioz izandako biktimei errekonozimendua emateko Lege-proiektua onartu du

2016-04-28

Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 bitartean izandako legez kontrako errepresio-jardueren ondorioz giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta ordaina emateko Legearen proiektua onartu du Gobernu Kontseiluak astearte honetan. Lege proiektu hau 107/2012 dekretuarekin hasitako lanaren jarraipena da, oraingo honetan lege mailako tresna juridikoaren bitartez.

Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusia den Jonan Fernándezek Donostian emandako prentsaurrekoan azaldu du lege hau beharrezkoa zela oraindik aitortu eta erreparatu gabeko biktimak daudelako, batez ere 70 eta 80 hamarkadetan. Existitzen diren neurrian, horiek aitortu eta ordaina emateko tresna bat sortzea betebehar etiko eta demokratikoa da.

Abiapuntua

2012ko ekainaren 12an, Eusko Jaurlaritzak 1960 eta 1978 bitartean izandako biktimei ordaina emateko 107/2012 Dekretua onartu zuen. Aurreproiektu hau Dekretu harekin hasitako bidearen jarraipena da, eta oraingoan lege-mailako tresna juridiko bat daukagu.

2015eko apirilaren 29an, Eusko Jaurlaritzak lege hau lantzeko eta onartzeko prozesuaren hasiera iragarri zuen. Aurrekariei dagokienez, oso garrantzitsua da nabarmentzea Eusko Legebiltzarrak, ekainaren 11n, PNV, EH Bildu, PSE eta PPren botoekin, biktima horiei ordaina emateko politikekin jarrai zezala eskatu ziola Eusko Jaurlaritzari.

Xedapen orokorrak

Lege honen ondorioetarako, gertaera bat legez kontrako errepresio-jardueren ondoriozko giza eskubideen urraketatzat joko da, baldintza hauetako bat gertatzen baldin bada:

a)     Motibazio politikoko indarkeria-egoeran gertatzea.

b)     Legez kontrako errepresio-jardueretan gertatzea, baldin eta funtzionario publikoek hartu badute parte, bere eginkizunen barruan edo eginkizunetatik kanpo, edo taldean edo bakarka eta kontrolik gabe jardun izandako partikularrek hartzen badute parte, urraketa horiek eragin duten gertaerei buruzko erruduntasun-lotura zehatzik ezartzeko beharrik ez dagoelarik.

c)     Giza eskubideen urraketaren ondorioz, pertsonen biziari edo integritate fisiko, moral edo sexualari eragitea.

Lege honen estaldura-epea 1978ko abenduaren 29tik 1999ko abenduaren 31 artekoa da. Kontuan hartu behar da 1999. urtea baino lehenagoko kasuak preskribatuta daudela edo laster egongo direla; eta duela gutxiko kasuen salaketak oraindik ikerketa judizialerako epearen barruan daudela.

Biktima-izaera ebazpen judiziala edo administrazio-ebazpena aurkeztuta egiaztatu ahalko da edo, halakorik ez badago, zuzenbidean onargarria den edozein frogabide bidez. Hau da, biktima-izaera aitortzeari dagokionez, arau hauek ezartzen dutena hartuko da kontuan: Nazio Batuen Batzar Nagusiaren 60/147 Ebazpenaren 9. puntua; indarkeria-delituen biktimei kalte-ordainak emateari buruzko Europako Hitzarmenaren 2.2 artikulua; urriaren 25eko EBko 2012/29 Zuzentaraua; irailaren 22ko 29/2011 Legearen 3 bis artikulua; edo Biktimaren Estatutua, apirilaren 27ko 4/2015 Legeak onartutakoa.

Balorazio Batzordea

Lege honen arabera, Balorazio Batzorde bat sortuko da, eta hura arduratuko da biktima-izaerari buruzko aitorpena baloratzeaz eta, hala dagokionean, proposatzeaz. 107/2012 Dekretuaren edukiari dagokionez, lege honen bidez balorazio-batzordearen aditu-izaera indartu egiten da, batzordean Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuko hiru auzitegi-aditu egongo baitira.

Legearen arabera, kalteak, lesioak edo sekuelak baloratzea dira Balorazio Batzordearen funtzioak. Batzordearen egitekoa ez da gertakariak edo egiletza alderdi penaletik argitzea, horretarako ez baitu eskumenik, eta hori ez baita bere nahia ere.

Egindako txostenen ondorioak, beraz, administratiboak izango dira soil-soilik, zeren eta, batzordearen irizpenetan oinarrituta, eragindako pertsonei orain arte jaso ez duten errekonozimendua aitortu behar zaien eta konpentsazio ekonomikoa edo asistentziala eman behar zaien erabakiko baita.

Konpentsazioak

107/2012 Dekretuan ezarritako konpentsazio ekonomiko berberak ezartzen dira. Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 267/2015 Epaiaren arabera, balioezintasunik gabeko lesio iraunkorrengatiko kalte-ordainak ESS/66/2013 Aginduan ezarritako zenbatekoen arabera, bider hiru, kalkulatuko dira. Beraz, horrela ez da zalantzarik egongo kalte-ordainak zehazteko orduan.

Lege honen ikuspuntu nagusiak

Azken finean, lege honen helburu nagusia da giza eskubideen urraketak jasan dituzten errekonozimendurik gabeko biktimei benetako errekonozimendua eta ordaina ematea ahalbidetuko duen bide bat zabaltzea. Proiektu hau bultzatzeko eta kudeatzeko irizpide nagusia ahalik eta adostasun handiena bilatzea izan da. Esan beharrik ez dago orain aurkezten den testua hobetu egin daitekeela Eusko Legebiltzarrean izango duen izapidetzean.

Lege honek lotura zuzena du zuzenbide-estatuarekiko konpromiso demokratikoarekin, baita hura oinarritutako printzipio, eskubide, askatasun eta bermeekin ere. Lege honen bidez, aitortu egiten da legez kontrako gehiegikeriek, neurrigabekeriek eta ekintzek eragindako biktimak egon daudela.

Aitorpen horrek ez dakar kalterik zuzenbide-estatuarentzat eta haren erakundeentzat. Aitzitik, indartuta ateratzen dira, egoera demokratiko batean onargarriak ez diren jokabideen ondorioak konpontzeko konpromisoa eta borondatea erakusten duen neurrian.

Estatu bat zuzenbide-estatua izango da ez hainbeste haren barruan akatsak edo legez kontrako jokabideak gertatzen ez direlako, baizik eta akats eta jokabide horiek identifikatzeko, zuzentzeko eta, ahal den neurrian, ondorioak konpontzeko gai delako.

Lege- eta eskumen-esparrua

Espainiako Konstituzioko 10.2 artikuluaren arabera, funtsezko eskubideak Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren eta nazioarteko itunen eta akordioen arabera interpretatu behar dira. Lege honek Giza Eskubideei buruzko nazioarteko zuzenbidetik datorren doktrina du oinarri. Europako estandarrekin egiten du bat eta, bereziki, EBko 2012/29 Zuzentaraurekin, zeina biktimaren estatutuari buruzko apirilaren 27ko 4/2015 Legeak garatu baitu.

Biktimei laguntzeko politika hau Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion eskumen-tituluetan txertatu behar da, hain zuzen ere Gernikako Estatutuaren Gizarte-laguntzari buruzko 10.12 artikuluan, Osasunari buruzko 18. artikuluan eta Komunitatearen garapenari buruzko 10.39 artikuluan.

Giza eskubideen urraketek eragindako desberdintasunak zuzentzeari dagokionez, Legeak laguntza-ikuspuntua hartzen du oinarri gisa. Bestetik, hamarkadetan zehar bizipen traumatikoak –ekintza terroristak, indarkeria, erasoak– jasan dituen gizartea erkidego gisa gara dadin du helburu.

3 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @Gob_eus
    2016-04-28

    Comentario de Twitter:
    Aprobado Proyecto de Ley de reconocimiento de víctimas causadas en contextos de represión ilícita entre 1978 y 1999➡ https://t.co/LhHZ39yvkr

  • Argazkia SN Robot
    @GlaciarBlue
    2016-04-28

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: Aprobado Proyecto de Ley de reconocimiento de víctimas causadas en contextos de represión ilícita entre 1978 y 1999➡ https://t

  • Argazkia SN Robot
    @PNV_Indautxu
    2016-04-28

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: Aprobado Proyecto de Ley de reconocimiento de víctimas causadas en contextos de represión ilícita entre 1978 y 1999➡ https://t

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan