
MARKA ezazu zure saltokiaren nortasuna!
Marka-irudiaren garrantzia, marketineko alderdietako bat dena, egoki kudeatu behar da, eta hori izango dute aztergai eta gogoetagai Bilboko Euskalduna jauregian maiatzaren 3an hasiko den EUSKAL MERKATARITZAREN TOPAKETAN.
Eusko Jaurlaritzak eta merkataritza-ganberek antolatzen dituzten topaketa horiek XVIII. edizioa dute aurtengoa, eta merkataritza-sektorearen profesionaltasuna laguntzea dute xede, saltokien identitatea, nortasuna eta marka landuz.
«MARKA ezazu zure saltokiaren nortasuna!»leloaren bitartez, merkataritza-banaketan dihardutenak bezeroen/kontsumitzaileen aurrean marka bat sortzeak eta sendotzeak duen garrantziaz ohartarazi nahi dira, desberdintzeko estrategia gisa erabil dezaten, eta lehiakortasuna areagotzeko, edozein dela ere eskaintzen duten produktua edo zerbitzua. Izan ere, nagusiki saltoki txikientzako aurre egin beharreko erronka izaten jarraitzen du; nortasunari eutsi behar dio eta marka-irudia nabarmendu behar du, posizionamendua hobetzeko.
Topaketen hitzaldi nagusia Andy Stalmanek eskainiko du, zehazki, «Uste baduzu txikiegia zarela branding-aren arloan bereizteko, seguru ez duzula sekula gau bat igaro eltxo batekin» izenekoa. Branding-aren arloko aditu horrek ideia bat nabarmendu nahi du; marka sortzea ez dela bakarrik enpresa handien kontua. Gainera, mahai-inguru bat egingo da eta bertan hartuko dute parte txikizkakoen arloan espezializatutako EHUko irakasle Pilar Zorrillak eta Skunkfunk nahiz Cafés La Brasileña enpresetako ordezkariek, marka-garapenari buruzko alderdiak hizpide hartuta.
Halaber, topaketetan izango dira Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Itziar Epalza eta Eusko Ganberen presidente Pedro Esnaola.
Gainera, prestakuntza-praktikoko 45 tailer antolatu dira, maiatza eta ekaina bitartean emango direnak hiru lurralde historikoetan, merkataritzako bulego teknikoen, merkatari-elkarteen eta Euskadiko udalen lankidetzarekin. Tailer horietan gai hauek landuko dituzte: marka-sorrera, teknologia berriak, bezeroak fidelizatzea, diseinua eta irudia eta motibazioa eta sormena.
Informazio osoa: