Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Ángel Toñak Reykjaviken nabarmendu du 1980eko hamarkadaren amaieran gizarte-politiketan eredu berriaren alde egin zutenen ondarea

2016.eko apirilak 28
  •  «Agerikoa da Euskadiko gaurko biztanleek etorkizun hobea izatea eragin duela gure prestazio-sistemak, alegia, sistema hori gabe luketena baino hobea», azpimarratu du

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Ángel Toñak gaur goizean hartu du parte Islandiako hiriburu Reykjaviken egingo den maila globaleko gizarte-politiken gaineko nazioarteko biltzarrean. Bertan egiaztatu duenez, «egindakoaz harro eta egiteko dagoenari ekiteko gogoz egonik, gaur egun, gure osasuna, hezkuntza eta gizarte-zerbitzuak bikainak dira».

Ángel Toña sailburuak Euskadik arlo sozialean eta ekonomikoan dituen erronkak azpimarratu du, eta egungo egoera aztertu, EAEn azken hamarkadatan bultzatutako programen xehetasunak emateaz gain, horiei esker iritsi delako egungo egoerara. Hain zuzen, adierazi du Euskadik 69,95 puntu lortu dituela 272 eskualdetan kalkulatzen den Europako eskualdeen gizarte-garapenaren indizean. Puntuazio hori dela medio, Euskadi Europako iparraldeko eskualdeen parean dago, inguruko eskualdeak gaindituta.

Toñaren arabera, egoera horren zergatia da «herritarrei zuzenean eragiten dieten politiken alde Euskadin egindako apustua». Gaineratu duenez, «Jaurlaritzak lau eurotik hiru bideratzen ditu gizarte-premiei erantzutera. Eta hori apustu ideologikoa da, harro gaudena, noski». Izan ere, «arrakastaren gakoa pertsonak helburu izatean datza».

Sailburuak etorkizuneko erronkak aipagai izan dituen arren («gurean aurre egin beharreko erronkak inguruko herrialdeetan eta eskualdeetan aurre egin beharrekoen antzekoak dira. Biztanleria zahartzen ari da, jaiotza-indize txikiak ditugu eta enpresak gero eta merkatu, dakizuen bezala, globalago batean lehiatu behar dira», adierazi du), hitzaldiaren zati handi bat gizarte-politikak eta, batez ere, gizarte-kohesiokoak azaltzera bideratu du. Horrenbestez, aplikatutako neurriak eta lortutako emaitzak azaldu ondoren, sailburuak egungo sistema indarrean jartzeko erabakia hartu zutenak goraipatu ditu:

«Agerikoa da Euskadiko gaurko biztanleek etorkizun hobea izatea eragin duela gure prestazio-sistemak, alegia, sistema hori gabe luketena baino hobea. Hori da, hain zuzen, 1980eko hamarkadaren amaieran Euskadin gastu sozialaren politika berria sustatzeko arriskua –krisialdi gordinean zeuden orduan ere– hartu zuten pertsona haiek utzitako gizarte-ondarea. Apustu hari esker, marjinaltasun gordinena jasango luketen familia asko babestuta daude gaur egun».

Hala bada, Euskadik inguruneko herrialdeek baino datu hobeak lortu ditu eta, adibidez, Espainiako Estatuan gizarte-politiketan egiten den inbertsio osoaren % 40 Euskadin egiten da, bertako biztanleak % 6 besterik ez izanik. Estatuan, gainera, Euskadi pobrezia-egoeren gaineko kontrolagatik nabarmentzen da. Espainiako pobrezia larriaren atalasea kontuan hartuta (diru-sarreren mediana baino % 40 txikiagoak diren diru-sarrerak izatea), Euskadiko tasa % 3koa, eta Espainiako Estatukoa % 9,3koa; alegia, Espainiakoa gurea baino 3 bider handiagoa da.

Europako herrialde aurreratuenetakoa baino handiagoa den arren Euskadiko langabezia-maila, eta krisia kontuan hartuta, Euskadik herrialde horien parean jarraitzea lortu zuen 2014an, pobrezia larrieneko egoerei zuzenean loturiko adierazleei dagokienez, elikadura-arazoen eraginaren edo ez ordaintzeen eta ordainketa atzeratuen eraginaren indizeei kasu. Adierazle horien arabera, Euskadiko datuak Europako batez-bestekoak baino askoz ere hobeak dira: Euskadin, bi egunez proteina-jakirik ahoratu gabe dago % 3,1a; EB-28an % 9,5a; eta euroguneko herrialdeetan % 7,7a. Bestalde, ez ordaintzeen edo ordainketa atzeratuen indizea % 6,2koa da Euskadin; % 12,8koa EB-28an; eta % 11,3koa euroguneko herrialdeetan. Datu nabarmen hobeak ditu Euskadik, halaber, gabetasun material larriaren eraginari buruzko indizean: % 5,2koa da Euskadin, % 9koa EB-28an eta % 7,3koa eurogunean.

Gainera, aparteko gastuei aurre egiteko baliabiderik ez duten etxebizitzetan bizi diren herritarrak Euskadi osoko biztanleriaren % 22,5 dira. Espainian, % 42,7 dira; EB-28an % 38,9; eta eurogunean % 36. Alemanian eta Frantzian, % 33 inguru dira. Europar Batasunean, Suedia bakarrik dago EAEren datutik behera, adierazle horri dagokionez.

«Agerikoa da Euskadiko gaurko biztanleek etorkizun hobea izatea eragin duela gure prestazio-sistemak, alegia, sistema hori gabe luketena baino hobea», ondorioztatu du Toñak.

Konferentzia

Toñarekin batera, Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibiak eta EBren aurreko Euskadiren ordezkari Marta Marínek ordezkatuko dute Euskadi Michael Porter Harvard Business Schooleko irakasleak eta Islandiako gobernuak HARPA biltzar-zentroan antolatutako «Gizarte-garapena - Zerk funtzionatzen duen» izeneko lan-jardunaldian. Euskadirekin batera, parte hartzeko gonbidapena jaso dute Brasilek, Costa Ricak, Islandiak, Nepalek, Ruandak eta Zeelanda Berriak, eta Kolonbiako Medellin hiriak. Toña hirugarren saioan aritu da, «Bikainak aukeretan» izenekoan.

4 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @CamiladeEpalzaA
    2016.eko apirilak 28

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: Toñak nabarmendu du 1980eko hamarkadaren amaieran gizarte-politiketan eredu berriaren alde egin zutenen ondarea ➡ https://t.co

  • @PNV_Indautxu
    2016.eko apirilak 28

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: Toñak nabarmendu du 1980eko hamarkadaren amaieran gizarte-politiketan eredu berriaren alde egin zutenen ondarea ➡ https://t.co

  • @Gob_eus
    2016.eko apirilak 28

    Comentario de Twitter:
    Toña destaca en Reikiavik el legado de quienes impulsaron a finales de los 80 un nuevo modelo de políticas sociales➡ https://t.co/ho2DAx5C4l

  • @Gob_eus
    2016.eko apirilak 28

    Comentario de Twitter:
    Toñak nabarmendu du 1980eko hamarkadaren amaieran gizarte-politiketan eredu berriaren alde egin zutenen ondarea ➡ https://t.co/5UPxdqFgj9

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)