Berriak
Eu

Lehendakariak eta Markkulak uste dute hiri eta herri jasangarriek Europa aurrera eginaraziko dutela

2016.eko apirilak 27
  •  Bilera egin dute lehendakariak eta Europako Eskualdeetako Lantaldeko presidente Markku Markkulak 
  • Iñigo Urkulluk eta Markku Markkulak Europako eskualdearteko lankidetza aztertu dute, baita EBko Hiri-agenda, hiri adimentsu eta jasangarriak eta COP22, Klimari buruzko hurrengo Goi-bilera ere.
  • Europako Eskualdeetako Lantaldeko presidentea Bilbon egiten ari diren Hiri eta Herri Jasangarrien Europako VIII. Konferentziako parte-hartzaileetako bat da.

Iñigo Urkullu lehendakaria Europako Eskualdeetako Lantaldeko presidente Markku Markkula finlandiarrarekin bildu da gaur, Eusko Jaurlaritzak gonbidatuta, Euskadin denez egunotan bertatik bertara ezagutzeko Euskadiko politikak berrikuntzan, jasangarritasunean eta hiri-eraldaketan, eta Hiri eta Herri Jasangarrien Europako VIII. Konferentzian parte hartzeko. Lehendakaria eta Eskualdeetako Lantaldeko presidentea bat etorri dira eta funtsezkoa iritzi diote Estatu-mailaz azpiko erakundeen zereginari Europako proiektu erkidean.

Markku Markkulak esan duenez, «ohore eta plazer handia da niretzat eskualde historiko eta enblematiko honetara, Euskadira, bisitan etortzea, eraldaketa jasangarriaren adibide delako eta nazioartearen errokonozimendua jasotako hiri-berroneratzeko eta ingurumen-kudeaketako proiektuak dituelako. Laster Euskal Adierazpenaren inguruan lankidetzan aritzea espero dut.».

Gainera, gizarte-gaiak, ekonomia eta ingurumena ere hizpide izan dituzte Iñigo Urkulluk eta Markku Markkulak.. Urkulluren eta Markkularen iritzian, Europa soziala izango bada, pizgarri-politiken alde egin beharko da apustu, gazteei kalitatezko enplegua bermatuz. Adierazi dutenez, gizarte-politiketan onena enpleguaren aldeko pizgarri-politika da.

Hala, lehendakariak eta presidenteak esan dutenez, politika erkideak ekonomian, gizartean eta segurtasunean bezain beharrezkoak dira ingurumenean. Izan ere, hiri jasangarrien garapenaz eta Parisko klimari buruzko akordioaren ezarpenaz jardun dute; hain zuzen, Eskualdeetako Lantaldea lanean ari da Europako hiriek eta eskualdeek klimari buruzko helburuak lortzeko ahaleginean parte hartu eta iritzia eman ahal izan dezaten. Euskadik horri buruz duen jarrera azaldu dio lehendakariak, alegia, azaroan Marrakexen egingo den COP22, Klimari buruzko Goi-bileran izango duena. 

Bestalde, agintariek EBko Hiri-agenda aztertu dute. Agenda horren xedea hiriak dinamizatzea da, horretarako ekonomia- eta gizarte-garapenerako eredu berriak baliatuta, oinarrian berrikuntza, teknologia berriak eta ezagutza dutenak. Hain justu, Eskualdeetako Lantaldeak EBko Hiri-agendari buruzko foro bat antolatuko du Amsterdamen maiatzaren amaieran, eskualde-berrikuntzako ekosistemetako jardunbide egokien gida bat –Euskadiko adibide batzuk barne– argitaratzeko baliatuko dena. Era berean, euskal hiri batzuk Europako proiektuak abian dituzte, hiri adimentsu bihurtzeko; hau da, teknologia digitalak eta komunikazio-teknologiak erabiltzen dituzten hiriak, zerbitzuak eta sare-sistemak (hiri-garraioa, ur-hornidura, hondakin-kudeaketa, argiteria-sistemak, etab.) eraginkorragoak izan daitezen.

Hiri eta Herri Jasangarrien Europako VIII. Konferentziaren inaugurazioaren ostean egin dute bilera; Iñigo Urkullu lehendakariak subsidiariotasunaren kontzeptua nabarmendu du, Europaren eraikuntza-proiektua horretan bermatu beharko litzatekeela iritzita. Horrenbestez, Urkulluren eta Markkularen ustean, maila anitzeko gobernantza eta Estatu-mailaz azpiko erakundeek Europaren eraikuntzan duten zeregina indartzea beharrezkoa da, kudeaketa eraginkorrena herritarrengandik hurbilen dagoena delako betiere. Formula hori defendatu dute biek Europaren batasunari eusteko.

Bigarren bilera

Gaur goizekoa bigarren aldia da Urkullu lehendakaria eta Eskualdeetako Lantaldeko presidentea biltzen direna. Lehena urtarrilean izan zen, lehendakariak, Vanguard ekimenaren barruan, industriako erronkei buruzko mintegi teknologiko bat inauguratzeko Bruselara egindako bidaian.

Markku Markkula, Eskualdeetako Lantaldeko ordezkari gorena izateaz gain, Espoo (Finlandia) herriko zinegotzia eta ikerketan, berrikuntzan eta hezkuntzan aditua da.

Bisitaldia Euskadira

Bisitaldi horren harira, EBko eskualde- eta toki-mailako ordezkariak eta Eskualdeetako Lantaldeko Ingurumen, Klima-aldaketa eta Energiari buruzko Lantaldeko kideak Euskadin dira Bilboko konferentzian parte hartzeko eta Eusko Jaurlaritzako arduradunekin biltzeko. Lehendakariak harrera egin dio ingurumen-arloan adituak diren Alemania, Austria, Erresuma Batua, Errumania,

Eslovakia, Estonia, Finlandia eta Hungariako eskualdeetako, parlamentuetako eta toki-erakundeetako hamar agintari politikoz osatutako lantalde horri.

Eskualdeetako Lantaldea

Eskualdeetako Lantaldeak Europako eskualdeen eta udalerrien multzoa ordezkatzen du eta EBren organo aholku-emaileetako bat da Europako araudia osatzeko prozesuan. Europako erakundeak behartuta daude Eskualdeetako Lantaldeari iritzia eskatzera proposamen legegile gehienetan –horiek onartu baino lehen– honako arlo hauetan: garraioa, enplegua, gizarte-politika, Europako funtsak, hezkuntza, lanbide-heziketa, gazteria eta kirola, kultura, osasun publikoa, Europa barruko sareak, ekonomia-, gizarte- eta lurralde-kohesioa, ingurumena eta energia.  Gaur egun, EBko 28 estatu kideetako eskualdeen eta udalerrien 350 kidek osatzen dute. Iñigo Urkullu lehendakaria da Euskadiren ordezkaria erakunde horretan.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @CamiladeEpalzaA
    2016.eko apirilak 27

    Comentario de Twitter:
    En el marco del Congreso @ICLEI #sustain_cities #basque2016, Lehendakari @Gob_eus y presidente @EU_CoR https://t.co/mFcwfzaOUj

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Markku Markkula