Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Ángel Toñak Euskadiko gizarte politikak azaldu ditu Reykjaviken egingo den nazioarteko konferentzia batean, herrialde gonbidatua den aldetik

2016.eko apirilak 27

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Ángel Toñak bihar, hilak 28, hartuko du parte Islandiako hiriburu Reykjaviken egingo den maila globaleko gizarte-politiken gaineko nazioarteko biltzarrean. Sailburuak EAEko gizarte-politiken esparrua azalduko du, horri esker direlako hobeak gure adierazle sozialak inguruko herrialdeenak baino.

Sailburuarekin batera, Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibiak eta EBren aurreko Euskadiren ordezkari Marta Marínek ordezkatuko dute Euskadi Michael Porter Harvard Business Schooleko irakasleak eta Islandiako gobernuak antolatutako «Gizarte-garapena - Zerk funtzionatzen duen» izeneko lan-jardunaldian. Reykjavikeko HARPA konferentzia-zentroan egingo da jardunaldia eta sailburuak Euskadiko gizarte-politikak azalduko ditu, etorkizuneko erronkak aztertzeaz eta orain arteko ibilbidea azaltzeaz gain.

«Euskadi, esparru horretan, eredugarria izango da guztientzat. Izan ere, gure eredua beste leku batzuetan zein eratara erreplikatu daitekeen hitzaldian azaltzeko eskatu digute», adierazi du Toña sailburuak.

Ángel Toñak hirugarren saioan esku hartuko du, zehazki, 10:45ean hastekoa den «Bikainak aukeretan» izeneko saioan. Euskadik eta Zeelanda Berriak egindako aurrerapenak eta dituzten erronkak azalduko dituzte. «Gure erronkak azalduko ditugu; gizarte-arloan, gizarte-ongizateari eustea eta handitzea», gaineratu du Toñak, eta azpimarratu du biltzarraren zati handi bat «azken hogeita hamar urteetan pobreziaren arloan jauzi kualitatiboak eta kuantitatiboak emateko aukera eman digun gure gizarte-kohesiorako sistemari» buruzkoa izango dela.

Euskadirekin batera, jardunaldi horretan parte hartzeko gonbidapena jaso dute Brasilek, Costa Ricak, Islandiak, Nepalek, Ruandak eta Zeelanda Berriak, eta Kolonbiako Medellin hiriak. Horietan guztietan emaitza bikainak lortu dira ebaluazio konparatzaileak egiteko bitarteko berri eta ahaltsua den Gizarte-garapenaren Indizean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)