Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

552,28 milioi ikastetxe pribatuen hezkuntza-itunak finantzatzeko (Gobernu Bilera 2016-04-26)

2016.eko apirilak 26

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du, Euskadiko unibertsitatez kanpoko ikastetxe pribatuen 2016-2017 ikasturteko hezkuntza-itunak gauzatu ahal izateko gastu aurreikuspena.

Gastu aurreikuspen hau, 552. 281.566,64 eurokoa, 2015-2016 ikasturte honi dagokion kopuru berberekoa da, egun itunduta dagoen talde kopurua aintzat hartuta egin baita. Aurreko ikasturteetan egin izan denaz ez beste, 2016-2017 ikasturterako gastua onartzea aldi bakarrean egin da aurten, ikasturte osorako. Aurreko ikasturteetan, aldiz, bi alditan egin izan da: iraila-abendua tarterako lehena, eta urtarrila-abuztua tarterako bigarrena, urte naturalak aintzat hartuz.

Era berean, Gobernu Kontseiluak ondorengo ikasturteetarako hezkuntza-itunak berritzen dituen Agindua ere onartu du: 2016-2017tik 2021-2022ra arteko ikasturteetarako.  Aurreko itun-aldia, 2012-2013 ikasturtean abiatu zena ordezkatzen du honek.

Hezkuntza-itunak berritu edo izenpetzeko eskaera egin ahal izango dute, Euskadin honako ikasketa hauek eskaintzeko baimenduta dauden ikastetxe pribatuek: Haur Hezkuntza (bigarren zikloa), Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa. Era berean, Hezkuntza Bereziko gela egonkorrak eta zereginen ikasketarako gelak ere ituntzen dira.

Hezkuntza-itunen bidez, ikastetxe pribatuetako irakaskuntza-jardueratik eratortzen diren gastuak finantzatzen dira, aurrez aipaturiko etapa horietan. Ikastetxean matrikulaturiko ikasle kopuruaren eta osaturiko taldeen arabera kalkulatzen den diru-kopuru hori, pertsonal gastuetara (izan irakasle edo ez irakasle),  nahiz ikastetxeen ohiko funtzionamenduak eragindako gastuetara bideratzen da.

2015-2016 ikasturte honetan 294 itunpeko ikastetxe daude Euskadin: 32 Araban, 150 Bizkaian eta 112 Gipuzkoan. Orotara, 7.495 itunpeko gela batzen dituzte guztien artean, unibertsitatez kanpoko hezkuntza maila guztietakoak.

Euskal Hezkuntza Sistemaren ezaugarri nagusienetakoa da sare publiko eta itunpekoaren arteko oreka, eta beraz, ikasleak kopuru ia berdintsuetan banatzen dira sare batean zein bestean. Ikasturte honetan 365.000 ikasle pasatxo ari dira Euskadin unibertsitatez kanpoko ikasketak burutzen. Horietatik %51 ikastetxe publikoetan dabiltza, eta gainerako %49 itunpekoetan.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko