Berriak Herrizaingoa
Eu

Trafiko Zuzendaritzak harrapatzeak saihesteko neurrien inguruko hausnarketa egitera bultzatu nahi ditu adinekoak

2010.eko irailak 22

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak ekimen berri bat jarri du martxan gaur 65 urtetiko gorako pertsonak hausnarketa egitera bultzatzeko harrapatzeen arriskuaren, horren ondorioen eta horrelako istripuak saihesteko har ditzaketen babes-neurrien inguruan. Horretarako, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentrora joateko gonbidapena egingo die jubilatu elkarteei, Bilboko instalazio horiek bisitatu ondoren, bideo bat erakutsi eta ezbehar horiek gutxitzeko neurrien inguruan galdetzeko. Programa hau urte bukaera arte egingo dute, astean behin. Bertara joan nahi duten elkarteek telefono hau izango dute erabilgarri euren datuak uzteko: 902 112 088.

Jubilatu elkarteekin izango dituzten bilera hauek helburu bi dituzte. Batetik, harrapatzeen aurrean norbera babesteko neurriak bultzatu nahi dituzte, jokabide seguru batek eta arauak errespetatzeak (semaforoa berde dagoenean edo ibilgailuak zebra-bideetan gelditu direla baieztatu ondoren gurutzatzea, esaterako) ekartzen dituzten onuren inguruan hausnarketa eginda; bestetik, administrazioek har ditzaketen neurrien inguruan galdetuko diete interesatuei eurei. Solasaldian, monitore batek parte-hartzaileek egindako hausnarketak eta emandako irtenbideak jasoko ditu.

Harrapatzeen bilakaera

2009an EAEn 16 pertsona hil ziren harrapatuta, 160 larri zauritu ziren eta 628, arin. Aurten, orain arte 10 oinezko hil dira harrapatuta; iazko garai berean bezainbeste. Harrapatzeen ondorioz hildakoen kopuruak bilakaera positiboa izan du azken urteotan, izan ere, 2000. urtean 36 oinezko hil ziren harrapatuta, 2005ean 31 izan ziren horrela hildakoak, eta 2008an, berriz, 22.
Halere, trafiko istripuen ondorioz hildakoen artean harrapatutakoen kopurua zein handia den kontuan hartuta -iaz, trafiko istripuetan hildako hamar lagunetik bi eta larri zauritutako hamarretik hiru oinezkoak izan ziren- eta harrapatutako oinezkoen ia erdiak galtzadan ustekabean sartzen direla edo bidea behar ez den lekuetatik gurutzatzen dutela ikusita, Trafiko Zuzendaritzak beharrezkotzat jo du informazio kanpaina berezi bat egitea harrapatze gehien jasaten dituzten herritarrei zuzenduta.

Harrapatutakoen profila

Hildako oinezkoen profila ezberdina da istripua herri barruan edo herriz kanpo gertatu. Kale edo etorbideetan izandako harrapatzeetan, harrapatutakoen artean hamarretik zazpi emakumezkoak dira; herriz kanpoko errepideetan harrapatutakoen artean, berriz, hamarretik zazpi gizonezkoak dira. Adinari dagokionez, hirigunean harrapatutako pertsonen % 80, gutxi gorabehera, hirurogei urtetik gorakoak dira. Istripu horien nondik norakoak aztertuta ondorioztatu daitekeenez, harrapatutako oinezkoen erdiak errepidea arauz kontra zeharkatzen ari zirenean harrapatzen dituzte. Bestalde, udazkenean eta neguan izaten dira horrelako istripu gehienak, argi eskasak eta, eguraldi txarraren ondorioz, galtzadaren egoera okerrak eraginda, seguruenik.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko