Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Sailak Ertzaintzarako 250 plazako beste deialdi bat argitaratu du, belaunaldi-berritze prozesuarekin jarraitzeko eta plantillan 8.000 ertzain izaten jarraitzeko

2016.eko apirilak 25
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Legegintzaldi honetan egingo den hirugarren hautapen-prozesua da

Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari Malentxo Arruabarrenak lagunduta, 250 ertzain aukeratzeko, prestatzeko eta erakundean sartzeko prozesu berri baterako deialdia aurkeztu du gaur. Legegintzaldian, «Egin zaitez ertzain, zure etorkizuna da» lemapean, Segurtasun Sailak, guztira, Ertzaintzara sartzeko 620 plaza eskaini ditu, hiru promoziotan banatuta: 24. promozioan 120, 25. promozioan 250 eta 26. promozioa izango den honetan 250.

«Ertzaintzako belaunaldi-berritzea modu mailakatu, ordenatu eta planifikatuan egiten ari gara, gizarteak egunero egiten dizkigun segurtasun-eskariei behar bezala erantzuten jarraitzeko», esan du Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak, gaur egun Ertzaintzako batez besteko adina 47 urtekoa dela eta datozen urteetan erretiroen kopurua handitzen joango dela gogorarazi ondoren.

Hiru urtean, 620 ertzain aukeratzeko hiru prozesu deitu dira eta 2001-2005 legegintzalditik egin den plaza-eskaintzarik handiena izan da; orduan 650 plaza atera ziren, bi deialditan. Estefanía Beltrán de Herediak zuzentzen duen Sailak Ertzaintzako adin-piramidearen berritzea modu mailakatuan eta ordenatuan egiten jarraitzearen alde hartutako konpromiso sendoaren adierazlea da hori.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariaren ebazpena gaur, astelehena, 2016ko apirilaren 25a, jaso da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Argitalpen ofizialean oposizio-sistemaren bidez egingo den hautapen-prozesua jaso da. Aurreko aldietan bezala, horren osagarri gisa, prestakuntza-ikastaro bat eta praktikaldi bat egingo dira, Ertzaintzaren oinarrizko eskalako agente-plazak betetzeko, hau da, C taldeko C-2 titulazio-azpitaldeari eta Ertzaintzako 1. hizkuntza-eskakizunari dagozkionak.

Belaunaldi-berritze prozesuaren barruan, Ertzaintzaren barruan egiten ari den euskalduntze-prozesua ere nabarmendu behar da. Hori azken hautapen-deialdietan islatu da: plazen ehuneko ehuni Ertzaintzako 1. hizkuntza-eskakizuna esleitu zaie eta % 50ean derrigortasun-data indarrean dago. (25. promozioari buruzko datuak eta Ertzaintzako euskalduntzeari buruzko datuak)

«Deialdi berri honekin, Ertzaintzako kolektiboan euskaldun gehiago sartzeko aurrerapausoak ematen ari gara, euskara Ertzaintzaren barruko lan- eta zerbitzu-hizkuntza izan ahal izateko, gainerako administrazioen aurrean, eta batez ere, herritarren aurrean», nabarmendu du Segurtasun Sailaren arduradunak.

Betekizunak

Aurreko deialdietan bezala, hauek dira eskatutako betekizunetako batzuk: Espainiako nazionalitatea izatea, adinez nagusia eta 35 urte bete gabea izatea, gizonen kasuan 1,65 metro neurtzea gutxienez eta emakumeen kasuan 1,60 metro, bigarren hezkuntzako graduatu-titulua edo horren pareko edo maila handiagoko beste bat izatea, mediku-esklusioen koadroan ez egotea eta dolozko delituren batengatik kondenatuta ez egotea, besteak beste. Era berean, eskabidea jaso eta azterketa egiteko tasa ordainduta eduki behar da. 

Interesdunek, hautapen-prozedura honetan parte hartzeko betekizunak kontsultatu eta eskabideak eskuratzeko, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren webgunean (www.arkauteakademia.net) sartu behar dute. Bertan, oposizioko ariketak zer hizkuntzatan (euskara edo gaztelania) egin nahi diren adierazi behar da.

Gainera, doako telefono hau erabil daiteke: 900 840 088, astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 15:00etara. Horren bidez, prozesuari buruzko informazio guztia emango da.

Deialdia gaur Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, eskabideak aurkezteko epea apirilaren 26tik maiatzaren 31ra bitartekoa izango da, biak barne.

Oposizio-sistema

Hautapen-sistema oposizio bidezkoa izango da, eta ezagutzak neurtzeko proba, proba psikoteknikoa eta nortasunekoa, gaitasun fisikoak neurtzeko proba eta elkarrizketa pertsonala egingo dira. Deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabete igaro arte ez dira hasiko probak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko edozer hizkuntza ofizialetan egin ahal izango dira.

Euskararen ezagutza gehienez ere 55 punturekin baloratuko da, Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Komunaren B-2 maila edo gorakokoa egiaztatuta duten pertsonentzat, eta 20 punturekin B-1 maila dutenentzat.

Euskararen ezagutza egiaztatzeko, borondatezko proba bat edo batzuk egingo d(ir)a. Titulazio baliokidea dutenei puntuak emango zaizkie, aurretik aipatutako proba(k) egin beharrik izan gabe.

Oposizioaren puntuazio totala izango da hura osatzen duten ariketetan lortutakoen batura, gehi, hala egokituz gero, euskararen ezagutza meritu gisa ebaluatzeko prozesutik eratorritakoa. Puntuazio totalaren arabera lehenetsiko dira izangaiak.

Trebakuntza-ikastaroa eta praktikaldia

Sarrera-probak gainditu ondoren, onartutako gizon-emakumeek prestakuntza-ikastaroa egingo dute; hori gainditu ondoren, berriz, praktikaldia, beren jarduera-esparruaren arabera prestakuntza integrala bermatzeko eta bereziki Ertzaintzaren polizia-zerbitzuaren egitura eta funtzionamendua zehatz ezagutzeko egokienak diren zentroetan edo egoitzetan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)