Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legea aurkezteko jardunaldia ireki du Euskaldunan

2016.eko apirilak 25

Urkulluk, araua euskal erakunde-sistemako «muin nagusia» dela adierazita, autogobernua handitzen jarraitzearen alde lan egiteko deia egin du

Iñigo Urkullu lehendakariak ireki du gaur «Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen aurkezpena» izeneko jardunaldia Euskalduna jauregian; Eusko Legebiltzarrak berriki onartu duen legea ezagutarazteko jardunaldia, hain zuzen. Legeak Euskadiko erakundeen arkitektura osatu duela nabarmendu du lehendakariak. Horrez gain, autogobernua handitzen eta euskal herritarren bizi-kalitatea hobetzen jarraitzeko lanean segitzeko deia egin du.

Jardunaldian, araudiaren gakoak aletu dituzte –Eusko Jaurlaritzako eledun eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak ere parte hartu du. Araudia euskal erakunde-sistemaren «muin nagusiaren» parte da, eta lehendakariaren iritziz, Lurralde Historikoei buruzko Legearekin batera, Euskadiren barne-instituzionalizazioa ixten duen legetzat jo behar da.

Araudiak oinarrizko hiru alderdi arautzen ditu: udalerrien eskumenak, haien finantzazioa, eta gainera, udalerriak Tokiko Politika Publikoen Kontseiluan, Tokiko Gobernuen Batzordean eta Herri Dirubideen Kontseiluan esleitzen zaizkien funtzioen bitartez autogobernuaren egitura juridiko-instituzionalean txertatzea aurreikusten du. Herritarrek beren arazoak konpontzeko jotzen duten lehen atea udaletakoa dela jakinda, lehendakariak nabarmendu du kontuak ematea erraztuko duen gardentasun-sistema bat artikulatuz elkarrizketa hobetzeko apustu zintzo bat barne hartzen duela lege honek. Gainera, lehenengo aldiz, euskara udalerrien eskumen propioa ere badela zehazten da espresuki.

Lehendakariak azpimarratu duenez, Espainiako Legeak «hertsadura eta eskumen-esparruaren murrizketa» bilatzen ditu, araudi honek, aldiz, autonomia ematen die toki-erakundeei eta Euskadik foru-lurraldeen eskubide historikoetan oinarritutako esparru propioa edukitzeari esker izan da posible hori. Ildo horretan, EAJk eta EH Bilduk «lehen mailako» lege bat adosteko egin duten ahalegina eskertu du eta «aurrerapausoak emateko eta lan egiteko» deia egin du, «oinarri sendo honetatik abiatuz Euskadiren instituzionalizazioan hazten jarraitu ahal izan dezagun, eta hala, autogobernua handitu eta herritarren bizi-kalitatea hobetu ditzagun».

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • ana
    2016.eko apirilak 26

    pues me alegro @iurkullu animak

  • @Gob_eus
    2016.eko apirilak 25

    Comentario de Twitter:
    Lehendakariak Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legea aurkezteko jardunaldia ireki du Euskaldunan ➡ https://t.co/i4ZNGKxh9e

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Juan María Aburto