Berriak Segurtasuna
Eu

Eusko Legebiltzarrak Larrialdiak Kudeatzeko Legea onartu du, babes zibileko Euskadiko sistema eguneratzeko eta indarreko arauen hutsuneak betetzeko

2016.eko apirilak 21

Lehen legea onartu zenetik 20 urte igaro direnean

Eusko Legebiltzarrak Larrialdiak Kudeatzeko Legea aldatuko duen legea onartu du gaur. Babes zibileko Euskadiko sistema eguneratuko du eta aurreko araudiaren hutsuneak estaliko ditu. Aurreko legea 1996an onartu zuten, eta bere garaian aitzindaria izan zen sistema bakarrean ohiko larrialdien kudeaketa eta hondamendiei aurre egiteko eragiketak batu zituelako. 

Onartu zenetik ia hogei urte igaro diren honetan, beharrezkoa iritzi zaio zenbait alderdi eguneratzeari, oraingo baldintzetara eta teknologietara egokitu eta larrialdien kudeaketa hobetzeko.

Larrialdien eta babes zibilaren euskal sistema eguneratzeko, larrialdiko eta babes zibileko azpiegiturak eta zerbitzuak sendotu behar dira, baita herritarrekiko elkarreragina ere. Gainera, indarreko legediaren hainbat gabezia bete behar dira; esaterako, aurreikuspenaren eta alertaren antolamendua, herritarren eskubideak eta betebeharrak eta zigor-erregimena.

Herritarren eskubideen eta betebeharren erregulazioa dago eginiko hobekuntzen artean. Arriskuen eta horien aurreko babes-neurrien gaineko herritarren prestakuntza eta informazioa da eginiko hobekuntzetako bat, eta, aldi berean, herritarrak larrialdiei erantzuteko mekanismoetan inplikatzea sustatu da.

Eusko Legebiltzarrak gaur onartu eta Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak aurkeztu duen legearen testuan larrialdiak aurreikusteko eta prebenitzeko mekanismoak indartu dituzte, alerten sarea erregulatuz eta meteorologia-zerbitzuak babes zibilekoekin lotuz.  Halaber, lurralde-antolamendurako tresnek eta hirigintza-planek arriskuen inbentarioa eta mapa aintzat hartzea aurreikusi da, arriskuak prebenitzeko neurriak ezar ditzaten. Gainera, enpresen edo arrisku larriak sortzen dituzten erakundeen edota bereziki zaurgarrien autobabeserako betebeharrak sartu dira legean.

Bestalde, Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren gaineko erregulazioa gaurkotu da, izaerari eta funtzioei dagokienez. Larrialdiak Koordinatzeko Euskadiko Zentroa Euskadiko segurtasun- eta larrialdi-zerbitzuen zentral operatibo guztiekin konektatutako komunikazio-plataforma da. Eusko Jaurlaritzak onartutako babes zibileko planen jardueren koordinazio-zentro gisa balio du eta larrialdi kasuetako taktika operatiboen arabera mugiarazitako zerbitzuen esku-hartzea errazten du.

Legeak arautzen dituen 112 zerbitzuaren alderdien artean daude honako hauek: larrialdiari loturiko datu pertsonalak jasotzea, lagatzea, babestea eta gordetzea, larrialdiaren kudeaketa eta datu pertsonalak babesteko betebeharra bateragarri egin ahal izateko.

Errekonozimenduak eta zehapenak

Larrialdien aurreko esku-hartze zerbitzuetako langileen ekintza azpimarragarriak eta egoera horietan herritarren inplikazioa eta lankidetza errekonozitzea ezartzen du legeak.

Aldatutako testuak larrialdiak koordinatzen dituzten langileen aginte-maila areagotu du, agintaritzako agentearen adinako bihurtuz.

Era berean, zehapen-erregimena arautzen du aurreproiektuak. Hala, Larrialdiak Kudeatzeko Legean jasotako betebeharren betearazpena gogortu da, batez ere autobabesaren esparruan: besteak beste, isunak 600.000 eurokoak izan ahalko dira. 

Hondamendietan laguntzeko unitatea sortzea aipatzen du legeak. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren mendeko erakundea izango da, EAEko larrialdietan edo EAEz kanpokoetan, hala eskatuz gero, pertsonak eta ondasunak babesteko xedea izango duena. Gainera, aipatutako unitateak nazioarteko lankidetzako misioak egin ahal izango ditu.

«Gure gizartean, larrialdiak kudeatzeko politika publikoak prebentzioaren eta segurtasunaren bidez arriskuak arintzera bideratuta daude, baita sortzen den larrialdi-egoera bakoitzerako erantzun egokia prestatzera ere», azaldu du Segurtasuneko sailburuak. 

Agerraldian, Estefanía Beltrán de Herediak nabarmendu du etorkizuneko erronkak gizarte osoaren parte-hartzea eta gizarte erresilientea lortzea direla.«Arrisku-egoerei aurre egin eta eusteko gai den gizartea, eta epe motzean leheneratzeko, etorkizunerako babesa hobetzeko eta hondamendiak, Japoniakoa eta Ekuadorrekoa kasu, edo gatazka belikoak jasan dituztenei, iheslariei adibidez, elkartasuna adierazteko gai dena», esan du.

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rgartzia
    2016.eko apirilak 21

    Comentario de Twitter:
    El Parlamento vasco aprueba la Ley de Gestión de Emergencias que actualiza el sistema vasco de protección civil y... https://t.co/Atg2NvlOMg

  • @Gob_eus
    2016.eko apirilak 21

    Comentario de Twitter:
    [PROTECCIÓN CIVIL] El Parlamento vasco aprueba la Ley de Gestión de Emergencias ➡ https://t.co/DK4R8wKidT https://t.co/Svjwr4qB6r

  • @Gob_eus
    2016.eko apirilak 21

    Comentario de Twitter:
    [BABES ZIBILA] Eusko Legebiltzarrak Larrialdiak Kudeatzeko Legea onartu du ➡ https://t.co/nF95Vmln5Z https://t.co/qOkO5KoaCr

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)