Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Nekazaritzako elikagaien eta basogintzaren sektoreko ikertzaile gazteentzako 16 beka

2016.eko apirilak 18

• Lehen sektorearen eta baserri munduaren eremu guztietan ikerketak eta garapenak egitea bultzatzeko Eusko Jaurlaritzak duen politikaren baitan sartzen dira.

• 2007az geroztik, guztira 146 gaztek eskuratu dituzte mota horretako laguntzen onurak.

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuordetzak 16 beka eman ditu guztira, lehen sektoreko ikertzaile gazteentzat. Horietatik sei prestatzen ari diren ikertzaile gazteentzat dira, eta lau urterako dira; beste 10ak teknologoentzat dira, eta bi urterako. Neiker, Azti, Lactiker eta Leartiker laborategietan garatuko dituzten beren lanak, bai eta EHUko Ingeniaritza Eskolan ere.

Eusko Jaurlaritzak lehen sektorean eta nekazaritzako elikagaien industriaren balio kate osoan IGb-ko jarduerak bultzatu eta etorkizuneko profesionalak prestatzeko jardueretan aurrera egiten laguntzeko garatzen ari den politikaren beste urrats bat gehiago dira beka hauek.

Doktore gradua lortzea da ikerketa beken azken helburua, eta teknologoenena, berriz, enpresa eremuaren barruan garapen teknologikoko eta berrikuntzako arloetako trebakuntza lortzea. Urtean 14.000 eta 16.330 euro artean bideratuko da lehenengo motako beketara eta 12.000 euro bigarren motakoetara. Kasu bietan, gizarte segurantzako kuota eta prestakuntzarako zuzkidurak gehitu beharko dira.

Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendari Peli Manterola arduratu da bekak entregatzeaz, eta Arkautiko Granja Ereduko instalazioetan egin den ekitaldi batean izan da hori.

Proiektuen gaiak

Beken laguntza jaso duten proiektuetan nekazaritza munduarekin eta nekazaritzako elikagaien industriarekin lotura duten ia arlo guztiak landu dira. Adibide moduan, hauek aipatu daitezke:

- Nekazaritza: hautaketa genomikoa; izurrite eta gaixotasunen kontrola.
- Elikagaiak: elikagaien segurtasuna kontrolatzeko tresnak; elikagai berritzaileak testura egokituekin.
- Animaliak: basafaunaren gaixotasunen azterketa; animali jatorria izan eta mendian egin diren produktuen ezaugarri nutrizionalak eta sentsorialak.
- Arrantza: arrasteko arrantza ontzien eta itsasoko hegaztien arteko interakzioak; arrantza bitartekoen kudeaketa ikuspegi multiespezifikotik.
- Ingurumena: teknologiak, prozesuak eta elikagiak ingurumenaren aldetik ebaluatzea
- Basogintza: fatxada efizienteagoak eta iraunkorragoak dituzten eraikuntza soluzioak, Euskadiko intsinis pinuaren egurra erabiliz egindakoak

2007az geroztik

Aurtengoa bederatzigarren urtea da honelako bekak ematen direla, eta urriaren 23ko 185/2007 Dekretuan oinarrituta arautzen dira, non ikertzaile eta teknologo gazteen prestatzeko laguntzak arautzen diren. Harrez gero, guztira 146 gaztek eskuratu dituzten beka horiek.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)