Berriak Eusko Jaurlaritza X. leg

Kontrolerako osoko bilkura (2016/04/22)

2016.eko apirilak 22

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek erantzuna eman diete legebiltzarkideek Kontrolerako Osoko Bilkuran eginiko galderei eta interpelazioei.

Galdera, Susana Corcuera Leunda Euskal Sozialistak taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, 2015eko aurrekontuen exekuziorik ezaren gaineko azalpen faltari buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak azaldu du, Abiadura Handiko Trena eraikitzeko aurrekontu-kredituak kenduta, aurrekontuan hitzemandako kredituen % 96 bete direla, eta abenduaren 31n aitortutako obligazioak % 94tik gora zirela. Gainera, gizarte-babesaren euskal ereduari eustea lehentasunezko helburua zenez, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak % 99ko betetze-maila izan du, Hezkuntzakoak % 98koa eta Osasunekoak ia % 100ekoa; hau da, lehendakariak berretsi duenez, funtsezko zerbitzu publikoetan ez da inolako murrizketarik egin.

Urkulluk azpimarratu du Eusko Jaurlaritza kontu publikoak «zuhurtziaz» kudeatzea ari dela, defizitaren muga betetzeko. 2016 urteari begira, muga malgutzearen alde dago, bere iritzian, premiazkoa delako ekoizpen-ekonomia sustatzeko politiketan aurrera egingo bada.

Galdera, Antonio Damborenea Basterrechea Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, ustezko birzentralizatzearen gainean.

Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu du Espainiako gobernuaren asmo birzentralizatzailea «egitate bat dela», Espainiako gobernuak legegintzaldi osorako «propio egindako estrategiaren» fruitu denez. Bere iritzian, Euskadi «euskal autogobernuaren indargabetze praktikoa» jasaten ari da, eta horrek herritarren ongizatea eta aukerak gutxiagotu ditu.

Azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak pasa den irailaren 15ean Legebiltzarrari bidalitako txostenen arabera, frogatuta dago euskal autogobernuak «erasoak eta mutilazioak» jasan dituela, eta «egiturazko politika birzentralizatzaile bat, artean ezagutu gabeko indarrez betearazi dena». Gainera, lehendakariak salatu egin du Estatuak aldebiko harreman itundua izateari eta euskal autogobernua bermatzeko sistema eraginkor bat ezartzeari uko egin diola.

Galdera, Gorka Maneiro Labayen Mistoa-UPyD taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Donostia 2016 Europako kultur hiriburuaren egitarauan ETA "fenomeno politiko, militar eta kultural" gisa kalifikatzeari buruz. 

Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du Donostia 2016k terrorismoaren aurka duen konpromisoa «argia eta zalantzaezina» dela. Gogora ekarri du kultura-hiriburutzaren muina eta egitarauaren bizkarrezurra bakea eta bizikidetza direla, are Argeleko elkarrizketen ondoren izeneko erakusketarena ere.

Urkulluk azaldu du galderak aipagai dituen lerroak, inguruabarretik kanpo hartuta, «ez direla egokiak», eta, beraz, zuzenketa berehala egin zela, baina, berretsi du lerro horietan ezin daitekeela ondorioztatu ETA goresteko asmoa dagoenik. Lehendakariak gogorarazi du Donostia 2016ko Patronatuak, erakunde guztien babesarekin, atzo bertan arbuiatu zuela ETAren terrorismoa.

Galdera, Belén Arrondo Aldasoro EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Euskal Enpresarien Konfederakuntza-Confebaskek enpresarien artean duen ordezkaritza mailari buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak ziurtatu du ez dagoela inolako trabarik enpresa-erakundeen ordezkaritza ezagutzeko, baina, gaur-gaurkoz, ez dago inolako arau-mekanismorik ordezkaritza-maila neurtzeko aukera eman dezakeenik.

Edonola ere, hori ez da eragozpen izan orain arte Euskadin hitzarmen kolektiboen negoziazioetan solaskideak legitimatzeko, gizarte-eragileek onartu duten legez. Lehendakariak gaineratu du elkarrizketa-maila aldatu egin daitekeela negoziazio kolektiboko lan-esparruen ordezkaritza-gaitasun berriak ezagutu ahala, eta hori enpresen eta langileen ordezkariei dagokie.

5 iruzkin
  • ana
    2016.eko apirilak 26

    estoy de acuerdo @iurkullu

  • @asantamariajor1
    2016.eko apirilak 23

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: [VÍDEO] Gobierno Vasco ha respondido a las preguntas de los grupos parlamentarios en el Pleno de Control ➡ https://t.co/nk16nk

  • @asantamariajor1
    2016.eko apirilak 23

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: [BIDEOA] Lehendakariaren eta sailburuen erantzunak gaurko Kontrolerako Osoko Bilkuran eginiko galderei ➡ https://t.co/c3I6adsm

  • @Gob_eus
    2016.eko apirilak 22

    Comentario de Twitter:
    [VÍDEO] Gobierno Vasco ha respondido a las preguntas de los grupos parlamentarios en el Pleno de Control ➡ https://t.co/nk16nkJuXN

  • @Gob_eus
    2016.eko apirilak 22

    Comentario de Twitter:
    [BIDEOA] Lehendakariaren eta sailburuen erantzunak gaurko Kontrolerako Osoko Bilkuran eginiko galderei ➡ https://t.co/c3I6adsmLT

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak