Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria itun berri baten alde agertu da, adostutako eskumenak «eraginkortasunez» betearaztea bermatzeko

2016.eko apirilak 20
  • Urkulluk amaiera eman dio Gasteizko Europa Jauregian Eusko Jaurlaritzak eta Eusko Ikaskuntzak antolatutako «Euskal autogobernuaren etorkizuna» lan-jardunaldiari
  • «Foru-baimenaren» eredua eguneratzearen alde agertu da, euskal autogobernuaren defentsa-mekanismoa denez

Gasteizko Europa Jauregian egin da «Euskal autogobernuaren etorkizuna: ereduen azterketa alderatua eta dimentsio europarra» izeneko lan-jardunaldia.  Eusko Jaurlaritzak eta Eusko Ikaskuntzak antolatutako biltzarraren helburua ikuspegi anitzeko gogoeta egitea izan da, gizarteari irekia, Euskadiko politika- eta lurralde-antolamenduaren etorkizunari eta horrek Europar Batasunean izan dezakeen lekuari buruz. Jardunaldiaren amaieran, lehendakaria Estatus Politiko Berria adostearen alde agertu da, aldebikotasun egiazkoa izan beharko duena, aldeek adostutakoa beteko dela bermatzeko.

Nazioartean sona handia duten adituek Europan botere politikoa banatzeko lau eredu azaldu dituzte: Bavaria, Eskozia, Flandria eta Suitza. Ondoren, Europar Batasunaren jarrera aztertu dute, eskualdeek Europan duten eginkizunaren ikuspegitik, eta barne-hedapenaren erronka jorratu dute. Bestetik, arratsaldean, Eusko Legebiltzarrean ordezkatutako bost alderdi politikoen liderrak –EAJren EBBko presidente Andoni Ortuzar, EH Bilduko legebiltzarreko bozeramaile Hasier Arraiz, PSEko idazkari nagusi Idoia Mendia, PPko legebiltzarreko bozeramaile Borja Sémper eta UPyDko Gorka Maneiro– eztabaidan jardun dira Estatutu-garapenaren balantzeari buruz, EHUko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedradun Juan José Álvarezek moderatzaile-lanak egin eta, eztabaida amaituta, ondorioak aurkeztu dituela.

Iñigo Urkulluren hitzekin amaitu da jardunaldia, zehazki, euskal autogobernuaren egoeraren diagnostikoarekin. Urkulluk gogorarazi du Estatutua ez dela bere osotasunean garatu, eta, horrenbestez, itunaren izaera berreskuratzearen alde egin du, eguneratzeko asmoz. Lehendakariaren iritzian, funtsezkoa da «benetako aldebikotasuneko sistema bat ezartzea, adostutakoa beteko dela bermatu dadin». Lehendakariaren iritzian, Estatus Politiko Berriak ituna eraberritzea eta sendotzea eragin beharko luke. «Kontua ez da zein eskumen bai eta zein ez eztabaidatzea, dagozkigun eskumenei egiazko erabaki-edukia ematea baizik, eta aldebiko interpretazioa adostea gatazka dagoenerako, adostutakoa betetzeaz gain», berretsi du.

Aldebiko itun horretarako, Urkulluk «foru-baimenaren» aurrekari historikoa ekarri du gogora; lege-izaera ematen dio foru-lurraldeen eta Estatuaren arteko aldebikotasunari, eta hainbat mendez euskal autogobernua defendatzeko mekanismoa izan da. Lehendakariaren iritzian, foru-baimena eguneratu egin behar da, esparru ekonomikoko izen bereko erakundeen arabera, tartean, Batzorde Mistoa edo Kontzertu Ekonomikoaren Arbitraje Batzordea.

Jardunaldi horien bidez, halaber, Europako beste autogobernu-eredu batzuk eman dira ezagutzera. Hala, lehendakariak adierazi du dimentsio europarra lagungarria izan behar da helburu eta kontzeptu egokiak zehazteko. Eta Euskadi-Espainia «binomio-konplexua» gainditzeko deia egin du, eskumenek, izan esklusibo, izan partekatu, «Europan eraginik ez badute, ez dutelako zentzurik».

GOBERNU PROGRAMA

Jardunaldia «1.000 egun» izeneko gobernu-programaren barne dago. Eusko Jaurlaritzaren hirugarren konpromisoak, «Estatus politiko berria Euskadirentzat» izenekoak, nazioarteko jardunaldiak egitea aurreikusten du. 

Eusko Jaurlaritzak oraingoan ere Eusko Ikaskuntzaren esku utzi du hitzordu garrantzitsu hori antolatzeko ardura, sentsibilitate desberdinak batzeko gaitasuna eta neutraltasuna direla medio, eta ibilbide zein esperientzia handiak dituelako euskal autogobernuaren esparruan. Eusko Ikaskuntza 1918an sortu zen eta pieza gakoa izan da bertako politikagintzaren historian; esaterako, Autonomia Estatutuaren lehen proiektua idatzi zuen, Lizarrako Estatutu gisa ezagutzen dena, eta Euskal Estatuko Estatutu Orokorra izena zuena. II. Errepublika aldarrikatu ondoren, Eusko Ikaskuntzak Autonomia Estatutuaren aurreproiektua prestatu zuen, sentsibilitate politiko guztiek eta lau lurraldeetan onartzekoa zatekeena.

(*) Informazio gehiago: www.eusko-ikaskuntza.eus

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki Dorronsoro, Pte. Eusko Ikaskuntza