Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Kultura Ondareari buruzko Lege-proiektua (Gobernu Bilrea 2016-04-19)

2016.eko apirilak 19

Gobernu-kontseiluak Euskadiko Ondarearen Lege Aurreproiektua onartu du, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak hala eskatuta.

Lege-proiektu horren bidez eguneratu eta egokitu nahi da 7/1990 Legea, Euskadiko Kultura Ondarearena.

1.- Testu berriak kultura-ondarea modu eraginkorragoan egituratzea du asmo, azken urteetan gertatutako aldaketetara (2003ko Ondare Immaterialaren Konbentzioa kasu) egoki dakien. Horretarako, testuak 3 esparru bereizten ditu kultura-ondarean: 

  1. Kultura-ondare higiezina. Kultura-adierazpide materiala, lekualdatu ezin daitekeena (leku historikoak, arkitektura- edo ingeniaritza-lanak, monumentuak, monumentu arkeologikoak, etab.)
  2. Kultura-ondare higigarria. Nortasun kulturala galdu gabe garraiatu edo lekualdatu daitekeen ondarea (altzariak, margolanak, musika-tresnak, etab.)
  3. Kultura-ondare immateriala. Arbasoengandik jasotako tradizio edo adierazpide biziak. Ahozko tradizioak, ospakizunak, gizarte-usadioak edo arte eszenikoak, besteak beste.

Aipatu behar da indarrean dagoen 1990eko Legeak ondasun higiezinak eta higigarriak (immateriala berariaz zehaztu gabe) barne hartzen dituela, ondare arkeologikoaz eta etnografikoaz gain. Azken horiek, higiezinak edo higigarriak izan daitezkeenez, gainjarri egiten dira, eta egitura berriak hori zuzentzea du asmo.  

2.- Indarrean dagoen legeak ez bezala (2 babes-maila esparru guztietan), Lege-proiektuak ezarritako babes-maila kopurua aldatu egiten da esparru batetik bestera.

Hala, kultura-ondare higiezinaren kasuan, 3 babes-maila zehazten ditu:

a)   Babes bereziko kultura-ondasunak (egungo ondasun kalifikatuen baliokideak): esku-hartzeen araubide mugatzaileagoa baimenduko zaie, batez ere sendotzeko eta zaharberritzeko lanak gailenduko direna.

b)   Babes ertaineko kultura-ondasunak (egungo ondasun inbentariatuen baliokideak): esku-hartzeen araubide malguagoa baimendu zaie, nagusiki eraikinei erabilera berriak ematera bideratuko dena.

c)    Oinarrizko babesa duten kultura-ondasunak: eraispena ekiditea da xedea; alegia, kanpo-egiturei bere horretan eustea.

Kultura-ondare higigarriaren kasuan, 2 babes-maila zehazten ditu:

a)   Babes bereziko kultura-ondasunak: zaharberritzeko lanek izango dute lehentasuna, eta aurretiazko baimena beharko dute.

b)   Babes ertaineko kultura-ondasunak: kontserbazio prebentiborako eskakizunak betetzea bermatuko beharko da, ondasunok baldintza onetan iraunarazteko.

Kultura-ondare immaterialean, babes-maila bakarra. Izan ere, ondasun immaterial erkideak direnez, garapen-gaitasun handiagokoak dira. Babes-estrategiaren helburua ez da erabilerak arautzea eta baimentzea, baizik eta komunitate horiei laguntzea, ondasunen benetakotasunari eutsi, eta ondorengo belaunaldiei helarazi diezazkieten; ondorioz, ez da beharrezkotzat jo babes-maila bat baino gehiago bereiztea.

3.- Kategoriei dagokienez, indarrean dagoen legeak ezarritakoa aldatzea proposatu da. Gaur-gaurkoz, 3 kategoria bereizten dira ondare higiezinetan eta higigarrietan (monumentua, monumentu multzoa eta kultura-gunea). Lege-proiektuak, aldiz, kultura-ondarearen esparruan beste herrialde eta eskualde batzuetan hautemandako joerarekin bat eginez, kategoria gehiago barne hartu ditu, eta esparruka bereizi, kultura-ondarearen babesa aurre egin beharreko askotariko egoeretara hobeto egoki dadin. Horrenbestez, ondare higiezinaren kasuan, 6 kategoria bereizi dira (monumentua, monumentu multzoa, gune arkeologiko edo paleontologikoa, leku historikoa, kultura-paisaia eta kultura-ibilbidea); ondare higigarrian, ordea, bi besterik ez (banakako ondasunak eta ondasun erkideak).

Ondasun immaterialen kasuan, ordea, eta 2003ko ondare immaterialaren konbentzioak ezarritako bidetik, beste bost kategoria hartu dira kontuan (kulturaren ahozko tradizio eta adierazpideak; ikuskizunaren arteak; gizarte-usadioak, erritualak eta ospakizunak; artisau-ezagutzak eta -teknikak; elikadura motak eta sukaldaritza).

4.- Esku hartzeko irizpideak ere zehaztu ditu lege berriak. Babes bereziko kultura-ondasunetan eta babes ertainekoetan kontuan hartu beharreko irizpideak jaso dira, orokorrak eta espezifikoak, babes-mailaren eta esparruaren arabera sailkatuta. Oinarrizko babesa duten ondasunen kasuan, babes-irizpideak dagokien udal-mailako hirigintza-tresnaren bidez arautuko dira.

Legean esku hartzeko irizpideak arautzearen xedea da lege-izaera ematea euskal autonomia-erkidegoan kultura-ondarearen kudeaketan gaur egun onartuta dauden erreferentzia teknikoei. Irizpide horiek legean txertatzea kultura-ondarearen kudeaketa eguneratzeko eta modernizatzeko bultzada izango da Euskadin; etorkizuneko babes-araubideak egitea eta idaztea erraztuko du; segurtasun juridiko handiagoa emango dio babesari; eta foru-aldundien babespeko ondasunen gaineko esku-hartzea baimendu ahal izatea erraztuko du.

5.- Aholku emateko eta erakundeen koordinaziorako organoak eratuko dira.

Batetik, beharrezkotzat jo da Euskadiko Kultura Ondarean Kontseilua sortzea, kontsulta- eta aholku-organoa izan dadin zientzia-diziplina eta ezagutza-esparru askotarikoek bat egiten duten esparru horretan. 

Bestetik, Euskadiko Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoa, Eusko Jaurlaritzaren, foru-aldundien eta udalen jarduerak koordinatzekoa, eta, halaber, kultura-ondarearen inguruan sektorearteko antolamendua handitzea xede duena (lurralde-antolamendua, ingurumena, nekazaritza eta turismoa, besteak beste).

6.- Eskumenen banaketa-eredu orokor bat ezarriko da hiru esparruetarako, egungo lege-esparruaren eta azken urteetako jardunbidearen arabera.

a)    Eusko Jaurlaritzaren ardura izango da oinarrizko araudia garatzea, ondarea babestea eta erakunde publikoek kultura-ondarean duten jarduna koordinatzea.

b)    Foru-aldundien ardura izango da ondarea kontserbatzea eta zaharberritzea, esku-hartzea baimentzea (monumentu multzoen kasuan salbu), ikuskatzea eta zerga-pizgarriak arautzea.

c)    Udalen ardura izango da hirigintza-tresnak sortzea eta monumentu multzoetako esku-hartzeak baimentzea. Gainera, oinarrizko babesa udalen hirigintza-babesaren ardura izango da. Hirigintza-babesa kultura-babesean sartzeak nabarmen indartuko du Euskadiko kultura-ondareak duen babesa. Elementu gehiago babestuko dira, eta, gainera, babes-maila aldatzeko, ezinbestekoa izango dira Euskadiko Kultura Ondarearen Kontseiluaren aldeko irizpena eta kultura-ondarearen esparruan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Sailaren baimena.

7.- Babestutako kultura-ondasunen bi erregistro sortuko dira, egungo legeak ezarritakoak hainbeste, baina eduki desberdinekoak:

a)    Lehena, Eusko Jaurlaritzak Babes Berezi eta Ertaineko Ondasun      gisa izendatutako ondasunen erregistroa.

b)    Bestea, Oinarrizko Babesa duten Ondasunen erregistroa, udal-katalogoetako informazioarekin osatuko dena. Udal-katalogoetan jasotako informazioa eta Eusko Jaurlaritzak babestutako ondasunak desberdin tratatu eta kudeatu behar dira.

Babes-mailari dagokionez, babestutako kultura-ondasunen titularrei dagozkien kontserbazio-betekizunak arautu dira, hala nola kasuan kasuko aldundiak egin beharko dituen jarduera subsidiarioak eta ezarriko dituen zehapenak, betekizunak betetzen ez badira. Neurri horien bitartez, lege berriak babesagatiko ondare-erantzukizuna zehaztu nahi du. Izan ere, zehaztapen-maila areagotuta, Eusko Jaurlaritzak segurtasun juridiko handiagoa izango du balizko ondare-erantzukizunagatiko demanden aurrean. Ezin da ondare-erantzukizunik eskatu legea aplikatzearen ondoriozko jardueren (mugaketen) kasuan.

Zehapen-araubideari dagokionez, zehapenak jartzeko eskumena, kasuan kasuan, Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek izango dute. Halaber, kalte-galerak ordaintzeko betebeharra arautu da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko