
Sindikatuentzako diru-laguntzak (Gobernu Bilera 2016-04-19)
Enplegu eta Gizarte Politikako sailburu Ángel Toñak autonomia-erkidegoan ordezkatuta dauden sindikatuentzako laguntzen Aginduaren onarpena jakinarazi dio gobernu-kontseiluari.
Laguntzen aurrekontua 1,1 milioi eurokoa izango da eta sindikatuen jarduerari loturiko gastu arruntak finantzatzera bideratuko da, hala nola erakundeon bulego- eta zerbitzu-gastuetara. Laguntzak proportzionaltasunez banatuko dira sindikatuen artean, ordezkaritzaren arabera, 2015eko abenduaren 31ko hauteskundeen emaitzak kontuan hartuta.
Bilera horretan bertan, sindikatuentzat 520.000 euroko diru-laguntza bideratuko dela jakinarazi dio gobernu-kontseiluari; hain zuzen, Hauteskunde Sindikalen Batzordeari, lurralde-batzordeei eta Hauteskunde Sindikalen Ikuskaritza osatzen duten sindikatuei (ELA, Euskadiko CCOO, LAB eta UGT-Euskadi) bideratuko zaiena.
237/2000 Dekretuak, azaroaren 28koak, ezarritakoaren arabera, funts hori zati berdinetan banatu ahal izango da batzordeetako kide diren sindikatuen artean, edota hautes-prozesuetan lortutako ordezkaritzaren arabera.
Banaketa-eredu bat edo bestea aukeratzea, aldeak (administrazioa eta sindikatuak) ados jartzearen mende egongo da. Horretarako, uztailaren 31ra arteko epea izango dute. Kontrara, ados jarri ezean, sindikatuek langileen eta herri-administrazioko langileen ordezkaritza-organoen hautes-prozesuetan autonomia-erkidego osoan lortutako ordezkaritzaren arabera egingo da banaketa.