Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria Elgoibarren izan da ETEen I+G jardueretarako Asmaola eraikinaren inaugurazioan

2016.eko apirilak 19

Urkulluk nabarmendu duenez, proiektu hori Euskadik industriako etorkizuneko erronkei aurre egingo dieten pertsonak prestatzeko behar duen «lehiakortasunaren triangeluaren» barnean dago

Iñigo Urkullu lehendakaria Elgoibarren izan da gaur Makina Erremintaren Institutuaren 25. urteurrenean, enpresa txiki eta ertainei fabrikazio-prozesuan laguntzeko Asmaola proiektuaren egoitza izango den eraikinaren inaugurazioan. Lehendakariak nabarmendu duenez, proiektu hori Euskadik industriako etorkizuneko erronkei aurre egingo dieten pertsonak trebatu ahal izateko behar duen «lehiakortasunaren triangeluaren» barnean dago.

Instalazio berrien aurkezpen ofizialean izan dira, halaber, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapia, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Ángel Toña eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriarte. Orain sei urte hasitako proiektuaren egoitza izango den eraikin berria ezagutzeko irrika adierazi dute guztiek ere; ETEen berrikuntza-jarduerak laguntzeko zentroa zena hazi egin da urte horietan guztietan eta sarean lan egiten duten lanbide-heziketako 13 ikastetxek ere bat egin dute.

Lehendakariak gogora ekarri du Asmaola «bidaide onena» dela berrikuntzari ekin nahi dioten enpresentzat, I+G jardueretan laguntzeko. Azaldu duenez, zentroak aurrea hartu dio ekoizpen-ereduaren aldaketari, fabrikazio aurreratuaren alde egin zuenez apustu; alegia, teknologia aurreratuko fabrikazioaren alde, eta hori da, lehendakariaren ustean, aldaketaren «funtsezko faktorea».

Eusko Jaurlaritzak lanean jarraitzen du prestakuntza-, berrikuntza- eta enpresa-arloetan laguntzeko. Izan ere, Euskadiko 700 enpresari buruz orain gutxi egindako azterlan baten arabera, hiru enpresatik bik aurten kontratazioren bat egitea aurreikusten dute, eta ia erdiek lanbide-heziketako ziklo espezializatuetara joko dute.

Horrenbestez, lehendakariak «elkarlanean» jarraitzeko deia egin du, aurrerapauso gehiago emateko, lehiakortasuna areagotzeko eta enplegua sortzeko. Urkulluk gogora ekarri du Euskadiko Industria Klimaren adierazleak balio positiboa izan duela lehen hiruhilekoan 2008az geroztik lehen aldiz. Halaber, iaz, Industria Ekoizpenaren adierazlea % 3,5 hazi zen; aurtengo urtarrilean eta otsailean, aldiz, % 5 baino gehiago. 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @gananzia
    2016.eko apirilak 21

    Comentario de Twitter:
    El lehendakari asiste en Elgoibar a la inauguración del edificio Asmaola de apoyo en I+D a pymes https://t.co/t6ttxXFYni

  • @lanbideejgv
    2016.eko apirilak 20

    Comentario de Twitter:
    Lehendakaria Elgoibarren izan da ETEen I+G jardueretarako Asmaola eraikinaren inaugurazioan https://t.co/ahaegeezKg @Irekia

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)