Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak baimena eman du Pasaiako Portuko Agintaritzarekin elkarlanerako hitzarmen baten bidez Herrerako geltokiaren eta Trintxerperen artean oinezkoentzako bidea eta bide-gorria eraikitzeko (Gobernu Bilera 2016-04-19)

2016.eko apirilak 19

Eusko Jaurlaritzak baimena eman du euskal autonomia-erkidegoko administrazio orokorrak eta Pasaiako Portuko Agintaritzak elkarlanerako hitzarmen bat sinatzeko, portuaren eta hiriaren arteko lotura eta inguruaren hiri-berroneratzea erraztu asmoz. Helburu horrekin eraiki nahi dira Herrerako Euskotrenen geltokiaren eta Pasaiako Trintxerpe auzoaren artean oinezkoentzako bidea eta bide-gorria.

Ana Oregi sailburuaren arabera, «Eusko Jaurlaritzaren indarreko legegintzaldirako programak Pasaiako badia berroneratzea sustatzea barne hartzen du, erakundeen arteko itunak eta koordinazioa bultzatuta, lurralde-politika orekatu eta jasangarri baten barnean. Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetan ezarritakoaren arabera, trenbideari dagokionez, ingurunea hobetu behar da, hesi-muga izateari utz diezaion trenbideak.Gainera, Pasaiako Portuko Zerbitzu-eremuaren Antolamendu-plan Berezia berrikusteari ekin zaio orain gutxi, eta, horretan, eragindako erakundeak elkarlanean jarduteko deia egiten da, planak jasotako jarduerak gauzatu, eta portua hiri-ingurunean modu onean txertatuta egoteko helburuarekin».

«Horretarako, Plan Bereziaren berrikuspenak proposatutako antolamenduak erabilera publikora eta hirugarren sektoreko jardueretara bideratuko ditu portuko jabari publikoko zortzi hektarea baino gehiago, portu-eremuan ekipamendu publikoak sortzeko aukerari bide emanez. Aurreikusitako jarduera gehienetan ezinbestekoa da aurrez Plan Berezia onartuta egotea, baina hizpide dugun hau, elkarlanerako hitzarmenaren bidez gauzatuko dena, indarreko hirigintza-antolamenduarekin bat dator», zehaztu du Ana Oregik.

Lasarte-Hendaia lineako Loiola-Herrera bide-zatiko obra zibilaren eraikuntza-proiektuari loturiko lanek Herrerako geltoki berria eraikitzea eragin zuten. Egun, Trintxerperen eta geltoki berriaren artean ez dago biderik; tarte hori porturako sarbide-errepidetik egin behar da.

Pasaiako portuak eta Eusko Jaurlaritzak izenpetuko duten hitzarmenak arautuko du Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailak eta Pasaiako Portuko Agintaritzak zein baldintzetan ekingo dioten elkarlanari Trintxerpe eta Herrera arteko oinezkoentzako sarbide berriaren eraikuntza-proiektua portuko jabari publikoan gauzatzeko.

Hitzarmen horren arabera, Pasaiako Portuko Agintaritzaren lurzati batzuetan, zehazki, 30.000 m2-ko azaleran, portuko jarduerak eta hiri-ingurunea bateragarri egiteko aukera dago, 2015-2025 aldirako Plan Estrategikoak eta Pasaiako Portuko Zerbitzu-eremuaren Antolamendu-plan Bereziaren berrikuspenak zehazten dutenez, eta erabilera publikoari eta hirugarren sektoreko jarduerei irekiko dizkie portuko jabari publikoko zortzi hektarea baino gehiago.

Portuko eremuan ekipamendu publikoak sortuko dira akordio horren bitartez, tartean, oinezkoentzako bidea eta bide-gorria, portuaren eta hirigunearen arteko eremu mugakidea egituratuko duena, Herrerako Euskal Trenbide Sarearekin eta kanaleko museo-eremuarekin lotura ezarriz.

Hiriguneak eta portuak Euskadi etorbidean partekatzen duten eremua eta Trintxerperen eta Herrerako ETSren geltokiaren arteko oinezkoentzako bidea eta bide-gorria kalitatezko espazio publikoak izan daitezen, hainbat jarduera behar dira, tartean, Portuko Agintaritzaren, Donostiako eta Pasaiako Udalen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabetzako eremua zeharkatzen duten oinezkoentzako bidearen eta bide-gorriaren ibilbidea hobetzea.

«Konponbide eraginkorra beharrezkoa zen; izan ere, Plan Berezia izapidetu bitartean, Herrerako ETStik Euskadi etorbiderako oinezkoentzako bidea eta bide-gorria indarrean dagoen Zerbitzu-eremuaren Antolamendu-plan Bereziaren babesean eraiki daitezke, elkarlanerako hitzarmenaren arabera», azaldu du Ana Oregik. Lan horiek egiteko, Pasaiako Portuko Agintaritzak Euskadiko administrazio orokorrari portuko lur-sailak okupatzeko baimena eman dio.

Proiektuak, gehienez, 5.500.000 euroko aurrekontua izango du, geltokiaren eta Trintxerperen arteko lotura egiteko. Euskal autonomia-erkidegoko administrazio orokorrak egingo ditu lanak, hitzarmenean jasotako lanak finantzatzeaz gain. Pasaiako Portuko Agintaritzak idatzi, finantzatu eta onartuko du obren eraikuntza-proiektua, eta euskal autonomia-erkidegoko administrazio orokorraren esku utziko ditu beharrezkoak diren portuko jabari publikoko eta ondare-izaerako lur-sailak, eta eraikinak eraitsiko ditu, lurzoruaren ingurumen-kalitateari loturiko izapideak betez, udal-txosten beharrezkoen bitartez.  Pabilioiak eraistea 31.018,79 euro kostatuko da; eraikuntza-proiektua, euste-horma barne, 59.000 euro; eta lurzoruaren kalitatea aztertzea eta hondeatze-plana idaztea, 29.239,50 euro.

Pasaiako Portuko Agintaritzak erabilera publikorako irekiko du Herrerako ETSren geltokiaren eta Trintxerpe auzoaren arteko lotura, obrak amaitu ondoren.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @markelgoierri
    2016.eko apirilak 19

    Comentario de Twitter:
    Jaurlaritzaren erabakia Herrerako geltokiaren eta Trintxerperen artean oinezkoentzako bidea eraikitzeko. #Pasaia https://t.co/skpokd93Jk

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)