Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak Etxebarrin aurkitu dituzten Gerra Zibileko beste bi soldaduren gorpuzkinak ateratzeko lanetan parte hartu du

2016.eko apirilak 17
  • Badirudi hildako bi soldaduak tropa frankistek atxilotu zituztela 1937ko apirilean.
  • Martxoan hilobi berean aurkitutako soldadu baten gorpuzkiak atera zituzten.

Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria Etxebarrin (Bizkaia) izan da gaur goizean, Gerra Zibilean hildako bi soldaduren gorpuzkinak ateratzeko lanetan. Eusko Gudarosteko kideak ziren soldadu horiek. Martxoan atera zituzten hilobi berean aurkitutako soldadu baten gorpuzkiak.Aranzadi zientzia-elkarteko teknikari talde batek egin ditu gorpuzkinak ateratzeko lanak, Paco Etxeberria antropologo forensea zuzendari zutela. Haiei laguntzen izan da, era berean, ikerketa sustatu duen toki-elkartea: Ahaztuen Oroimena. Markinaldeko Frentea 1936.

Joan den urtarrilean izan zuten lurperatzeon berri. Ahaztuen Oroimena elkarteko kideek topatu zituzten, hain justu, euskal armadak 1936an eraikitako Zelaietaburuko lubakia leheneratzen eta bertako sasiak garbitzen ari zirela.  Lan horiei esker, inguruotan izandako gerra-jarduerarekin lotutako material metaliko ugari berreskuratu da, baita giza hezurrak ere, hala nola hortz-protesiak eta kubitu zati bat.

San Migel gain inguru horretan (Etxebarria-Elgoibar) egindako ikerketek erakusten dutenez, hiru euskal soldaduren gorpuak daude lurperatuta, hain justu, Urkarregi mendiaren  tontorretik gertu atxilotutako hiru euskal soldadurenak. Martxoaren 5ean horietako bat aurkitu zuten eta gaurko hobitik ateratzearekin bertan beste bi soldaduren gorpuzkiak daudela baieztatzen da. Paco Etxebarria antropologo forensearen esanetan aurkitu diren zuntzak oso gaizki kontserbatuta daude.

Testuingurua

Mola jeneralak agindutako eraso frankistaren hasieraren ondorioz, Gipuzkoa eta Bizkaia arteko mugako borrokek 1937ko apirilaren 19ko astean izan zuten gordintasun handiena –Markinako sektore izenez ezagutzen da inguru hori–. Puntu garaiak kontrolatu nahi izan zituzten, Urkarregi mendia, esaterako; horren berri ematen dute ingurumari horietan topatutako lubakiek eta material ugariak (soldaduen munizioa eta bestelako hornidura).

Hilobien plana

Eusko Jaurlaritza 2002tik ari da gerra zibilean desagertutako pertsonak bilatzen eta identifikatzen. 2015. urtearen bukaeran aurkeztu zen hilobiak ikertzeko eta lokalizatzeko 2015-2020 arteko Euskal Plana, helburu horiek erdiesteko. Oraingoa aurtengo bosgarren aldia da gorpuak hobitik ateratzen dituztena.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)