Berriak
Eu

Unibertsitateek lehendakariari aurkeztu dizkiote Bakegintza eta Bizikidetza planaren barnean jorratutako proiektuak

2016.eko apirilak 18
  • Ahotsak proiektua gauzatu da 2015ean, unibertsitate-eremuan bake eta bizikidetzarako hezkuntza sustatzeko helburuarekin
  • 2016ri begira, udalek eta gizarte-erakundeek erabiltzeko tresna bat sortuko da, herritarren parte-hartzea sustatzeko helburuarekin

Iñigo Urkullu lehendakariak harrera egin die euskal autonomia-erkidegoko unibertsitateen hiru errektoreei, Bakegintza eta Bizikidetza Planaren barnean jorratutako proiektuen xehetasunak ezagutzeko. Iñaki Goirizelaiak (EHU), José María Guibertek (Deustuko Unibertsitatea) eta Vicente Atxak (Mondragon Unibertsitatea) 2015ean gauzatutako Ahotsak proiektua eta herritarren parte-hartzera zuzenduko den ekitaldi honetako ekimenen edukia aurkeztu dute.  Eusko Jaurlaritzaren eta unibertsitateen arteko lankidetza 2014an sinatutako elkarlanerako hitzarmen baten ondorio da, Bakegintza eta Bizikidetza Planari lotua.

Lehendakaritzan gaur goizean egindako bileraren ondoren, Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusi Jonan Fernández prentsaren aurrean agertu da hiru unibertsitateetako ordezkariak alboan zituela: Iker Uson (Deustuko Unibertsitatea), Pello Urkidi (UPV/EHU), Begoña Pedrosa (Mondragon Unibertsitatea).

Fernándezek unibertsitateetan egindako lana goraipatu du, eta, esan duenez, horien ekarpenarekin koska bat egin da aurrera bizikidetzaren eta memoria anitzaren eraikuntzan.

Ahotsak 2015 proiektua

2015ean gauzatutako proiektuan, bake eta bizikidetzarako hezkuntza txertatu da unibertsitate-esparruan, Deustuko Unibertsitatearen zuzendaritza pean. Zehazki, Ahotsak izeneko unitate didaktikoa sortu da, ikus-entzunezko materialen bilduma bat eta gai horiek unibertsitate-esparruan lantzeko laguntza-gidak eskaintzen dituena. Atal bat gehitu zaio www.eskolabakegune.euskadi.eus webguneari, terrorismo, biolentzia eta giza eskubideen urraketekin loturiko 12 ikus-entzunezko pieza (dokumentalak, filmak, etab.) eskaintzen dituena, guztiak ere terrorismoaren, indarkeriaren edo giza eskubideen urraketen gaiak lantzen dituztenak. Guztiek atxikita dute gida didaktiko bat, unibertsitate-irakasleei zuzendua, eskoletan erabili dezaten. Egin den esperientzia pilotuan hiru unibertsitateetako 280 ikaslek hartu dute parte. % 90en iritzian, esperientzia «oso positiboa» izan da.

Herritarren parte-hartzea (2016)

2015 urtearen ildo beretik, herritarren parte-hartzea sustatzeari ekingo zaio aurten. Udalen eta askotariko gizarte-erakundeen esku jarriko den bitarteko erabilerraz bat sortu eta eskaintzea da xedea, herritarrek memoriaren eta bizikidetzaren eraikuntzan parte hartzea sustatzeko. Bitarteko horren oinarrian egongo dira Idazkaritza EiTBrekin batera sustatzen ari den azken bost hamarkaden gaineko memoria kritikoari buruzko bost dokumentalak. Proiektu hori 2015ekoaren jarraipena izango da, dokumentalaren pedagogiaren aldetik.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2016.eko apirilak 18

    Comentario de Twitter:
    Unibertsitateek lehendakariari aurkeztu dizkiote Bakegintza eta Bizikidetza planaren barnean jorratutako proiektuak➡ https://t.co/Jm2PWSz2VO

  • @Gob_eus
    2016.eko apirilak 18

    Comentario de Twitter:
    Las universidades presentan al lehendakari los proyectos abordados en el marco del Plan de #PazConvivencia ➡ https://t.co/YVSGFqIcX6

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki Goirizelaia, José María Guibert, Vicente Atxa