Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Krisietarako Areto berria inauguratu du Erandion, salbuespenezko polizia-jarduerak kudeatu eta kontrolatuko dituena

2016.eko apirilak 15

Bisitaldian, bertatik bertara ezagutu ahal izan du larrialdi-egoeretan arreta emateko egokitutako polizia-kudeaketarako gunea

Iñigo Urkullu lehendakariak gaur goizean inauguratu du Krisietarako Areto berria Erandioko ertzain-etxean. Salbuespenezko polizia-jarduerak kudeatzeko eta kontrolatzeko prestatutako eta egokitutako aretoa da. Lehendakariak nabarmendu duenez, krisietarako areto berria martxan jartzea beste urrats bat da Ertzaintzaren polizia-eredua teknologiaren arloan sendotzeko eta berritzeko, izan ere, eredu hori plan estrategiko baten arabera gauzatzen ari da, eta, horri esker, urtetik urtera hobeak dira Euskadiko herritarren segurtasunari buruzko datuak.

Bisitaldian, lehendakariak, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia, Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga, Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuorde Iñaki Gurtubai, Ertzaintzako zuzendari Gervasio Gabirondo, Ertzaintzako buru Jorge Aldekoa eta Ertzaintzako hainbat agintari eta arduradun lagun zituela, Aretoaren funtzionamendu integrala eta funtzionaltasunen doikuntza egiaztatzeko aukera izan du, prestatutako simulazio-ariketan parte hartzen ari ziren unitateekin denbora errealean konexioak eginez.

Krisietarako Aretoa salbuespenezko egoeretan arreta emateko behar bezala egokitutako polizia-jardueraren kudeaketa-gunea da, Krisietarako Batzordea bilduko dena, behar denean, informazio guztiaren jarraipena egin, egoera aztertu, eta erabaki egokiak hartzeko, krisi-egoerei edo segurtasuneko larrialdiei konponbidea emateari begira.

Bideo-horma eta gertakarien lekura edo beste puntu estrategiko batzuetara bertaratutako unitate sorta handi baten informazioa jasotzeko eta aztertzeko aukera ematen duten konektagarritasun-sistemak ditu.

Konfiguratuta dagoen moduagatik, eta dituen funtzionaltasunak direla medio, beste kudeaketa-, kontrol- eta erabaki-zentro batzuekin konektatu daiteke, krisi-egoera edo polizia-larrialdia modu hobean konpondu ahal izateko. 

Sailburuak ongietorria eskaini eta aurkezpena egin ondotik, Ertzaintzaren buru Jorge Aldekoak krisi-mahaiaren eginkizunak azaldu ditu; egoera kudeatzeko ardura duen Zuzendaritza Agintearen muina da, eta mahaikide izan daitezke, egoeraren larria gorabehera, Jaurlaritzako krisi-mahaiak, Segurtasun Sailburuordetzako krisi-kabineteak eta LABI, larrialdietarako krisi-mahaiak.

Bideo-hormaren bidez, lehendakariak Bilbao Exhibition Centerreko hiru puntu behatu ahal izan ditu (biribilgunea, metro-irteera eta segurtasuneko aginte-aretoa), Ertzaintzaren helikopteroak eta dronetako batek igorritako irudiak ikusi ditu, aginte-postu aurreratuetako batekin konektatu ahal izan da eta Lehendakaritzarekin zuzenean bideokonferentzia bat egin du. Gainera, polizia-operatibo motaren arabera mobilizatzen diren baliabideak bertatik bertara ezagutu ditu.

Ertzaintzak, Euskadiko segurtasun publikoaren plan nagusiaren euskarri funtsezko, integral eta ezinbestekoa den estrategia-planaren bitartez, polizia-eredua sendotzeko eta berritzeko prozesua sustatu du, eta, horren baitan, Krisietarako Areto berria jarri du martxan.

Krisietarako Areto berria Erandioko egoitza nagusiko polizia-administrazioko eraikineko erdiko atarian dago, eta jardueran jarduerako krisi-batzordeak lan egiteko prestatuta dago. Gainera, izaera balioanitza duenez, bilera-gela gisa ere erabili ahal izango da, baita ikasgela gisa ere, hala nola komisarioekin harremanetan jartzeko, udaltzainburuekin biltzeko, suhiltzaileekin biltzeko, etab. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)